Albistea

  • Aroztegian PSISik EZ. Baztango aferak baztandarrek erabaki. Elkarretaratzea urtarrilak 4

    2015-01-02
    Partekatu - Compartelo

    aroztegia BaztanIturria: Aroztegia eta gero zer.

    ALARMA AROZTEGIAN: UGPS, PROMOTORE SUSMAGARRIAK ETA NAFARROAKO GOBERNUAREN ALDEKOTASUNA

    Harrigarria baina egia. Nafarroa Auzitegi Nagusiak Aroztegiako egitasmo urbanistiko-espekulatzailea gelditu ondotik, enpresa bulkatzaileak Udalez Gaindiko Plan Sektoriala (UGPS edo PSIS gazteleraz) erabiliz betiko proiektua Nafarroako Gobernuarekin zuzenean tramitatuz egin nahi du, horrela Lekarozko herria eta Baztango Udala eta Batzar Nagusia bazter batean utziz. A ze demokrazia!

    UGPSren eraginpeko lurrak, proiektuaren bulkatzaileenak izan edo ez, promotorearen eta Nafarroako Gobernuaren eskuetan geldituko dira. Lur-jabe ttikiak desjabetzekin, justiprezioekin eta gainerako erabakiekin erne ibili zaitezte!

    Behin baino gehiagotan erran dugunez Aroztegia oraingo krisi gogorrerat ekarri gaituzten proiektu espekulatzaileen gisakoa da. Alde batetik Domingo Arotzarena bezala zerga-iruzurrean nahasitako promotoreak, zeinak ogasunari 2,5 milioi euroko iruzurra (415 milioi pzta.) egin baitzion. Bertzaldetik adreiluan egindako inbertsioengatik denon artean milaka milioi eurorekin erreskatatu dugun Caixa Galicia. Azkenik, Nafarroako Gobernuaren moduko administrazio publikoa, ekimen pribatuei beren proiektuak herritarren eta ohiko prozeduren  gainetik tramitatzeko UPGSa erabiltzen uzten diena. Honen guztiaren emaitza arruntena krisia, bezerokeria eta ustelkeria da. Azkeneko hamarraldian ikusitakoak ikusita zerbait ikasia  beharko genuen!

    Aroztegian, golf belagia eta luxuzko hotela funtsean dagoen egitasmoa -eta prentsak kasualki ixiltzen duena- egiteko aitzakia bertzerik ez da, hau da, 230 etxebizitza berri. Etxeketa horrek 800 pertsona inguruko herri berria sortuko luke Baztanen. Bailaran dauden etxe hutsak ikusita eta hazkunde-eredua bailaran dauden herrietan banaketa modu orekatuan eginez oinarritu beharko litzatekeela kontuan hartuta, proiektuak ez du inongo justifikaziorik.

    Hala, honakoaz ohartarazi nahi dugu: promotore susmagarriek, Nafarroako Gobernuaren aldekotasunarekin eta UGPS bezalako ez-ohiko baliabide juridikoa erabiliz, bat ere interes sozialik ez duen proiektua bertako erakundeen, herritarren eta borondatearen gainetik egin nahi dute

    Horregatik elkarretaratzea deitu dugu: AROZTEGIA PSISik EZ. BAZTANGO AFERAK BAZTANDARREK ERABAKI. Urtarrilaren 4an, 12:00tan, Lekarozko plazan.                                                                                          

      Aroztegia eta gero zer


    Partekatu - Compartelo