Jaizkibelgo sutea dela eta, hiru guardia zibil deklaratzera
2015-01-31
Partekatu - Compartelo
Jaizkibelgo eremu babestu bat kixkali zuen sutea dela eta, hiru guardia zibil deklaratzera deitu dituzte.
Sua tiro-eremu militarrean piztu zen, GEDAXeko kideak material pirotekniko zaharra suntsitzen ari zirela.
Eguzkik salatzen du zentzugabea dela tiro eta leherketak egitea Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu batean.
Guardia Zibileko kabo bat eta beste bi kide datorren otsailaren 4an Donostiako 3. Instrukzio Epaitegian deklaratzera deitu dituzte, iazko marxoaren 10ean Jaizkibelen piztu zen sutea dela eta. Sute haren ondorioz, 5,5 hektarea kixkali ziren Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu batean. Fiskaltzaren ustez, sutea eragin izana ingurumenaren kontrako delitua izan daiteke.
KBEren barruan dagoen tiro-eremuan piztu zen sua, orain deklaratzera deitu dituzten guardiak material pirotekniko zaharra suntsitzen ari zirela.
Eguzkik nabarmendu nahi du zentzugabea dela naturgune bat Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea, dituen balioei erreparatuta, eta, aldi berean, bertan dagoen tiro-eremu batean leherketak egiten jarraitzea. Horregatik, berriro eskatzen dugu tiro-eremua ixtea. Nolanahi ere, behin betiko ixten ez den bitartean, derrigorrezkoa da neurriak hartzea aurrerantzean suteak edo beste ezbeharrak gerta ez daitezen. Eta ezbeharrik gertatuko ez den bermerik ez badago, jarduna behin-behinean eten egin behar da, behin betiko ixteko unea iritsi arte.
Bestalde, Eguzki, bere garaian Fiskaltzan sutea salatu zuena eta diligentzietan pertsonatuta dagoena, pozik dago. Izan ere, ez dakigu hemendik aurrera epaileak zer erabakiko duen, baina behingoz sute baten ustezko erantzuleak identifikatu eta deklaratzera behintzat deitu dituzte. Hori poztekoa da, ez baita askotan gertatzen. Eta ez pentsa askotan gertatzen ez denik horrelako kasu gutxi dagoelako. Hona datua: 2002tik, soil-soilik Jaizkibelen, 60 bat sute gertatu dira, gehienak nahita piztutakoak.
Habitat babestuak
Jaizkibel aisialdirako naturgune garrantzitsua da Donostialdeko, Oarsoaldeko eta Txingudiko herritarrontzat. Horregatik ez da harritzekoa tiro-eremua ixtea aspaldiko errebindikazioa izatea. Alabaina, errebindikazio hori nabarmen indartu da Europar Batzordeak 1997an Jaizkibel Batasunaren Intereseko Leku izendatu zuenetik, eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzak 2013an Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuenetik.
Jaizkibelgo KBEn identifikatu dira 16 habitat babestu, 35 fauna espezie eta 5 flora espezie.
KBEk, guztira, 2.470 hektarea hartzen ditu, horietatik % 61 Hondarribikoak, % 33 Pasaiakoak eta % 6 Lezokoak. 2.470 hektarea horien artean daude tiro-eremukoak, 335.
Pasaiako Udala (tiro-eremua bertako udalerrian dago), Foru Aldundia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak dagoeneko agertu dira tiro-eremua ixtearen alde.
Inork oraindik dudarik balu, iazko suteak argi eta garbi utzi zuen kontserbazioa eta tiro eta leherketak ez direla bateragarriak. Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren txostenaren arabera, sute hark kixkali zituen 5,5 hektarea basobera. Basobera hartan txilarra eta ametza zeuden. Txilardia zein ameztiak Batasunaren intereseko habitatak dira. Are gehiago, txilardiek eta ameztiek zerikusi zuzen-zuzena dute Jaizkibel Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu izanarekin. Izan ere, KBEren helburuetako bat da habitat horiek zaintzea eta indartzea. Bada, Mendi Zerbitzuaren txosten teknikoaren arabera, kixkalitako eremuan oteak eta txilarrak 4-5 urte beharko dituzte sute aurreko egoerara itzultzeko, eta ametzak 7-8 urte.
Sutea, esan bezala, 2014ko martxoaren 10ean gertatu zen. Egun hartan, lehergaiak indargabetzeko GEDAX talde bereziko hiru kide, orain deklaratzera deitu dituztenak, material pirotekniko zaharra suntsitzen ari ziren, zehatz-mehatz, bengalak jaurtitzeko zazpi karga, Guardia Zibilak berak adierazitakoaren arabera. Horren ondorioz, habitat babestuetako landaretzak su hartu zuen hainbat lekutan. Guardiek ezin izan zuten itzali eta Intxaurrondoko Komandantziari deitu zioten, eta Komandantziatik, halaber, SOS Deiak-i. Handik pixka batera basozainak eta suhiltzaileak bertaratu ziren. 14.40ak arte ezin izan zuten sua mendean hartu eta, hala ere, 19.30ak arte zaintza talde bat geratu zen, badaezpada.
EGUZKI, 2015eko urtarrilean
PS.- Atxikita, hiru argazki bidaltzen ditugu. Lehenengoan tiro-eremuaren “bihotza” ikusten da. Bigarrenean, bertan bildutako hainbat bala. Hirugarrena gipuzkoa.net webgunetik atera dugu, eta bere garaian suteari buruzko informazioa ilustratu zuen.