Ez zeukan zerikusirik energia esparruarekin, baina «biziki interesgarria» atzeman zuen GoiEner-en proiektua. Ipar Euskal Herrian ere ekimen bertsua abian jar zitekeela otu zitzaion eta, bidelagun batzuekin ideiari hamaika buelta eman ondoren, proiektuari berari ere buelta eman zioten. Oinarri berberekin -energia berriztagarriak eta proiektu herrikoia izatea-, saldu ordez I-Enerrek energia ekoitziko du.
Lehenik eta behin, Iparraldeko Energia. Gero I-rekin hainbat hitz joko egiten ahal dira, ideala, independentzia, esaterako.
Zer da ideala energia mailan?
Energia garbiagoa, ahalik eta garbiena ekoiztea. Hori baita gure asmoa, guk ekoiztea, energia berriztagarriak soilik erabiliz, hau da, fotovoltaikoa, eolikoa edo haizearen indarra, hidroelektrikoa eta biomasa. Gu fotovoltaikoarekin hasiko gara, hori baita teknologia errazena, energiaren mundua menderatzen ez dutenentzat bederen.
Zuk ez duzu zerikusirik energia alorrarekin?
Ez, batere ez. Finantza esparruan egiten dut lan. Sare sozialetan GoiEner proiektua deskubritu nuen. Horiek ez dute energia ekoizten, saldu baizik, baina beren printzipioa biziki interesgarria atzeman nuen; hau da, herritarrak bildu eta energia garbiago bat kontsumitzea. Horren inguruan hasi ginen hemen ere antzeko zerbait antolatzea gogoetatzen, baina halako hutsune bat topatu genuen. Ongi da energia berdea edo berriztagarria kontsumitzea Ipar Euskal Herrian, baina domaia da ez ekoiztea, Frantziako beste eskualde batzuetatik hartu beharko baitugu. Hortaz, deliberatu dugu lehenik eskaintzea sortzea. Gerora, bakarrik edo beste norbaitekin, energia hori saltzeko enpresa bat sortzeko aukera ere ikusten dugu.
Elkarte batzuek kontsumo berdea sustatzen dute eta zuek ekoizteko asmoa duzue…
Bai, abiapuntu desberdina da. Guk energia berdearen zakua handitzeko asmoa dugu, horrela bere kontsumoa ere sustatuko dugulakoan. Baina kontu honek badu beste erpin aipagarririk ere. Hemen herritarren %90k EDFri erosten dio argindarra. EDFk ekoizten duen elektrizitatearen %80 nuklearretik dator. Beraz, hemengo aberastasuna zentralak dauzkaten enpresetara, hau da, beste eskualdetara doa. I-Enerren modeloarekin, energia garbia izateaz gain, hemengo aberastasuna sustatzen dute herritarrek. EDFri erosten segituko dute, baina EDFk guri ere erosiko digunez, herritarren aberastasuna hein batean hona itzuliko da, berlokalizatu egingo da, nolabait esateko.
Lanpostuak sortuko dituzue?
Bai. Ez dakigu zenbat, baina aholkularitza eskaini nahi genieke erakundeei, elkarteei, partikularrei… Mantenuaz ez gara gu arduratuko, baina hemengo enpresei emango diegu lana.
Panel fotovoltaikoak errentagarriak al dira?
Bai, momentuz bederen bai. Frantzian diru-laguntzak daude energia era horretan ekoizteko. Baina teknikoki izugarrizko aitzinamenduak egiten ari dira. Egun panelek hartzen duten eguzki izpien %30 transformatzen dute argindarrean. Orain %51raino transformatzen duena ari dira lantzen laborategietan. Energia metatu eta gordetzeko ere ikerketa asko dago. Teknologia hobetzen ari dira eta etorkizun handia dutela uste dugu. Gero, jakina, beste faktore batzuk ere badira; esaterako, kontsumo moduak ere aldatu behar ditugula, gutxiago kontsumitu, eta abar.
Zuek ekoizten duzuena ezin duzue saldu zuzenean?
Ez, ez saldu, ez kontsumitu. Hornitzaile bati saltzera behartuak gara. Lege frantsesak lau ekintzak, hots, energia sortzea, banatzea, garraiatzea eta saltzea enpresa desberdinek egin behar dutela dio. Guk ekoitzi egingo dugu eta hornitzaileari saldu. Behartuak dira erostera.
Betebehar hori saihesteko lege berri bat abiatuko dutela ere entzuten da…
Behar bada legea aldatuko dute, baina oraindik ere hornitzaileak erostera derrigortuta daude.
Non kokatuko dituzue zuen panel fotovoltaikoak?
Teilatuetan. Herriko etxeekin lanketa berezia egiten ari gara. Proiektua aurkezten diegu eta eskatzen diegu eraikuntza publikoetan erabiltzen ez dituzten teilatuak guri erabiltzen uztea, urririk edo alokairu bat ordainduz. Han nahi ditugu kokatu bereziki panelak. Gaur egun edozein herriko etxek energia berriztagarrietan inbertitu nahi izango balu, kokalekua badu, baina ekoizpenak kostu bat dauka eta errentagarritasuna luzea da (10-12 urte). Beraz, gehienetan ez dute lehentasunen artean jartzen. Alde batetik, normala da, duela gutxi arte Frantzian energiaren kontua Estatuarena zen, monopolioa zeukan eta herriko etxeak ez ziren horretaz arduratzen. Guk esaten dioguna zera da, `zuk baduzu erabiltzen ez duzun teilatu bat, ez duzu inbertsioa egiteko ahalmenik baina energia berriztagarriak sustatu nahi dituzu. Beraz, utz iezaguzu zure teilatua eta guk egingo dugu inbertsio guztia eta arduratuko gara mantenuaz’.
Eta nola erreakzionatzen dute? Zein da erantzuna?
Hasiberriak gara. Orain arte batekin izan gara eta hiru teilatu utziko dizkigula esan digu.
Legez egiten ahal dute?
Bai. Frantziako hainbat eskualdetan (Auvernia, Alsazia, Bretainia…) egiten dute dagoeneko. Gu haiengan inspiratu gara. Ez gara energia mundukoak, baina halere baditugu prestakuntza maila handiko kideak, injineruak, finantza sektoreko adituak… Ikusi dugu beste lekuetan jendeak lortzen duela. Beraz, `guk zergatik ez?’ esan diogu geure buruari.
Panelak ezartzeko lurra erabiltzeko asmoa duzue?
Ez. Iparraldean lurraren problematika aski gogorra da berez. Hasieratik argi izan dugu ez dugula erabiliko eraikigarria den edo laborantzarako den lurrik. Gerora, kasu bereziren bat bada aztertuko dugu, baina hasieran bederen, ez. Lurrak hartu baino lehen baditugu teilatu mordoa. Beraz, erabil dezagun lehenik duguna eta berdea utzi.
Noiz jarriko duzue zuen lehen panela lehen teilatuan?
Espero dut aurten jartzeko moduan izango garela. Denbora behar da proiektua gauzatzeko. Teknikoki fotovoltaikoa errazena baldin bada ere, administratiboki dena oso konplikatua da. Hori da arazoa. Baimenak eskatu behar dira hirigintza sailean, ERDF argindarraren sare publikoa kudeatzen duen enpresari… Horrek denak sei hilabete eta urtebete arteko denbora hartzen du.
Bidea prestatzen ari zarete, beraz…
Bai. Horretara goaz. Datu bereziki deigarria da Ipar Euskal Herrian kontsumitzen dugun energia ororen (argia, petrolioa, gasa…) %98,5 kanpotik etortzen zaigula. Beraz, hiperdependenteak gara. Europako estatu askotan kezka eragiten du beste herrialdeekiko duten dependentziak eta hori %50 beraiek ekoizten dutelarik. Hortaz, guk, zer esanik ez.
Energia kopuru garrantzitsua ekoiztera iritsiko bazinete, hegoaldeko enpresaren bati saltzerik izango zenukete?
Normalki ezin da, baina legeriak zer nolako bilakaera izango duen ikusi beharko da. Orain merkatua liberalizatua da, baina estatu mailan soilik. Frantziak Espainiari saltzen ahal dio edo alderantziz, baina enpresatik enpresara ezin da saldu. Energia sektoreko lobby indartsuak hori eskatzen ari dira. Liberalizazio hori erdietsiko balute, guretzat mesedegarri izan liteke.
Merkatuen liberalizazioari alde ona aurkitu diozue zuek…
Orain arte monopolioa zen. Liberalizazioarekin nahi duguna egin dezakegu, gure eredu propioa ere sor dezakegu. Gauza on asko ikusten dizkiot bereziki euskal abertzale baten ikuspuntutik. Gainera, kontuan izan behar dugu guk ez badugu egiten beste norbaitek egingo duela eta, seguru asko, ez guk egingo genukeen bezala. Horregatik gure lekua hartu behar dugu. Kolektiboki gauza asko egiten ahal ditugu.