Albistea

  • Enpresa elektrikoek herritarrei luzamendu nuklearra kobratzen jarraitzen dutela salatzen du Eguzkik

    2015-02-20
    Partekatu - Compartelo

    iberdrola otsaila 2015 1– Iberdrola, Sevillana de Electricidad eta Endesa aurten 68 milioi euro kobratuko dituzte herritarren kontura eta 1996tik 5.750 milioi euro kobratzera iritsiko direlarik.
    – Eguzkik helegitea jarri du 2014 eta 2015ari dagozkion kalte ordainak  inadarrik gabe uzteko , justua ez delakoan enpresa pribatu batzuk egindako xahuketa, herritarron poltsikotik “erreskatatzea”.
    – Eguzkik dei egiten du otsailaren 28an Gasteizen Garoña itxi eta eraisteko eskatuz egingo den manifestazioan parte hartzera.

    Industria Ministerioak, zehatz-mehatz Politika Energetikoko Zuzendaritza Nagusiak, erabaki berri du Iberdrolak, Sevillana de Electricidad-ek eta Endesak, luzamendu nuklearreko kalte-ordainen iazko kuota moduan, 68 milioi euro kobratu behar dituztela. Luzamendu nuklearreko zorra kitatu arte, ondorengo urteetan 184 milioi gehiago kobratzeko eskubidea ere aitortu die. Eguzkik erabaki hauen kontrako helegite gora jotzekoa aurkeztu du. Gogoratu Gobernuak 1983an agindu zuela luzamendu nuklearra, eta, horren ondorioz, Lemoizko, Valdecaballerosko eta Trillo II-ko zentral nuklearren lanak bertan behera gelditu zirela; haiseran behin-behinean eta, denboraren poderioz, behin betiko. Trukean, Gobernuak, betiere herritarren patrikatik, sekulako kalte-ordainak aitortu zizkien enpresa elektrikoei.

    Helegitean, Eguzkik ohartarazten du, luzamenduko kalte-ordainak direla eta, herritarrek 5.750 milioi euro ordaindu dituztela argindarraren kuotaren bidez, 1996. eta 2015. urte bitartean.  Sekulako dirutza da, eskandaluzkoa, enpresek izan zezaketen edozein galera erraz kitatzeko modukoa. Horregatik, Eguzkik uste du nahikoa dela eta herritarrek zorra ordaintzeari behingoz utzi behar diotela. Izan ere, argindarraren gaktura berez da neurriz gainekoa, are gehiago energia pobrezia egoeran gero eta pertsona gehiago bizi direla kontuan izanda.

    Eguzkik ez ditu inoiz zilegizkotzat jo elektrikoei urte hauetan guztietan aitortu zazikien kalte-ordainak. Azken batean, enpresak berak izan ziren nuklearizazio programa faraoniko bat aurrera eramaten tematu zirenak, herritarron oposizio zabalari bizkar emanda tematu ere (horra Lemoizko kasua). Programa hark, baina, ez zuen zerikusirik benetako energia eskaerarekin. Finantza gastuei aurre egin ezin izan zietenean, berriz, Gobernuak luzamendu nuklearra ezarri zuen. Izan ere, sarri interpretatu izan da luzamenduaren bidez Estatuak enpresa elektrikoak modu ezkutuan erreskatatu zituela, herritarron kontura, jakina.

    Gezurra badirudi ere, hainbeste diru ordaindu ondoren, Lemoizko instalazioak ez daude inongo erakunde publikoren eskuetan. Iberdrolarenetan jarraitzen dute. Eta hori inork ahazteko aukerarik izan ez dezan, enpresak noizean behin zunda-globo bat jaurtitzen du, instalazioetan proiektu hau edo hura egin zitekeela iragarriz.

    Garoñako zentrala behin betiko ixtearen aldeko manifestazioa

    Eguzkik ez du aukera pasatzen utzi nahi Garoñako zentral zaharra salatu gabe. 44 urte betetzear dago eta mehatxu bat izaten jarraitzen du. Izan ere, 2031ra arte funtzionarazi nahi dute.

    Zentralak gelditzen badira, gelditzen direlako, eta bizitza luzatzen bazaie, luzatzen zaielako, kontua da enpresa elektrikoak beti ateratzen direla irabazle, betiere gobernuen laguntza estimagarriarekin, jakina. Ate birakarien politikak honekin zerikusirik baduela susmatzeko eskubiderik izango dugu, ezta?

    Gogoeta hauek eta beste batzuk buruan bueltaka ibiliko ditugu Eguzkikook otsailaren 28an Garoñako zentralaren kontra egingo den manifestazioan. Araba sin Garoñak antolatu du, eta Gasteizko Andra Mari Zuriaren Plazatik abiatuko da, arratsaldeko 7etan. Herritar guztiei dei egiten diegu bertan parte har dezaten.

    Eguzki, Euskal Herrian 2015eko otsailean

     


    Partekatu - Compartelo