«Zero zabor aroan» sartuta Gipuzkoa «punta-puntan» jarriko dela iragarri dute
2015-03-15
Partekatu - Compartelo
Iturria: Berria. Hondakinen kudeaketan egin diren urratsekin segitu behar dela esan du Zero Zabor taldeak. Agintari eta gizarte ordezkari ugari elkartu ditu.
«Zorionez, hondakinen kudeaketaren inguruko eztabaidak dagokion lekua hartu du gizartean», nabarmendu zuten atzo, Usurbilen (Gipuzkoa), Zero Zabor ingurumena babesteko elkarteak antolatuta egin zuten ekitaldi bateko jendaurreko ekitaldian. Eztabaida horrek hondakinen kudeaketaren auziari «benetako» konponbidea emango diola nabarmendu zuten, eta Gipuzkoari aukera emango diola, «zero zabor aroan» sartuta, munduan «punta-puntan» jartzeko gaiari buruzko ikerketetan, neurrietan eta teknologian. «Ezin dugu aukera hori galtzen utzi, etorkizun iraunkorra eraikitzea guztion ardura baita».
Gaiari buruzko eztabaida antzuak alboratzeko deia egin zuten: «Osasuna eta ingurumena gai zeharlerrokoak dira guztiz. Utz diezaiogun behingoz gai hau gure artean lehian ibiltzeko erabiltzeari eta jar gaitezen baikortasunez auzolanean». Mezua indartzeko, saioaren amaieran argazki bat egin zuten hondakinen inguruko eredu zirkularra irudikatuz. Gizarteko ordezkari —alderdi politikoetakoak, sindikatuetakoak, unibertsitatekoak— eta agintari ugari joan ziren Usurbilera, deialdiarekin bat. Han izan ziren, esaterako: Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Iñaki Errazkin; GHK Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko lehendakari Ainhoa Intxaurrandieta; Tolosaldeko, Debagoieneko eta Sasietako mankomunitateetako ordezkariak, eta hainbat udaletako —Pasaia, Bergara, Orexa, Usurbil eta abar— alkate eta zinegotziak; Zubietako herri batzarreko kideak ere bai.