Albistea

  • Oiartzungo tiro eremua eta ingurunearen balioak

    2015-06-25
    Partekatu - Compartelo

    Arkale ehiza eskola oiartzun 2015 ekainaOiartzungo Tiroketa-eremurako Plan Bereziaren onarpena huts handia da. Jarduera honek sortutako kutsadurak lurzoruari, urei, landareei eta ganaduari kalte egiten die.

    Oiartzungo Udalak, Gipuzkoako ehiza federazioak tiro-jarduera garatzeko eremua aurrera eramateko, Trapadako Plan Berezia ontzat eman zuen apirilaren azkeneko Udal Batzarrean, legealdi honen bukaeran. Urte askotako legearen aurkako egoera hau bideratzeko parada ematen dio Gipuzkoako Ehiza Federazioari erabaki honek. Baina federazioak eramaten duen jarduerak sortzen dituen osasun publikoa eta ingurumenarekiko kalteak erabat salagarriak dira: kutsadura lurzoruan, landaretzan, ur eta erreketan eta ganaduan ere, zarataren ondorioz galdutako bizi-kalitatea ahaztu gabe.

    Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearraren bolondresak bi urte daramazkite tiro-eremua babestuko duen Plan Berezia aldatzeko borroka instituzionalean. Bestalde, Gipuzkoako ekialdean, Ulia eta Listorretako tiro-zelaiak itxi zituen aspaldi Gobernuak, Donostian eta Oreretan hurrenez hurren. Eta orain aldiz, Udalaren erabakiak Oiartzungo legez kanpoko tiro-zelaia legeztatzeari irekitzen dizkio ateak. Urteetan lurretan eta uretan kutsadura sortzen eta baimenik gabe jarduera egiten beste kasu batean jarduera etetea ekarriko luke, zigor ekonomikoak eta  baita planaren onarpena baldintzatu ere. Gaizki egindakoa zuzendu aurretik jarduera baimentzen da korporatibismoa lehenetsiz.

    Izan ere, Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen Legeak (2011) eta Kutsadura Akustikoaren Legeak (2012) ez dira erabili jendartearen interes orokorraren alde, gutxi batzuen interes pribatuen alde baizik.

    Ingurumeneko Fiskaltza ehiza federazioaren jarduera ikertzen ari da Oiartzunen.

    Urteetan federazioak legearen aurka eraman duen jarduerak etengabe sortu du lurren kutsadura, errekara eta landetara iritsi dela, eta kutsadura bera abereetara ere iritsi daitekeela diote txosten teknikoek. Eta hau larria da. Ondorioz, Ingurumeneko Fiskaltzak ikerketa hasi du, ingurumenaren aurkako delitu ekologikoa ote den aztertzeko, bide penala ireki ahal izateko.

    Harriagarria da mugimendu ekologistarentzat, Nazio Batuen Erakundeak “Bizitza osasuntsurako lur osasuntsuak” lelopean 2015a lurzoruen nazioarteko urtea izendatu duenean hain zuzen, metal astunen eta kutsagarrien mailak arautzen dituen legearen mugak gainditzen dituen jarduera bat legeztatzea. Are gehiago, beruna bezalako metal pisutsuen kutsadura sortzen duen jarduera (kanpoko tiro zelaia) delitu ote den jakin gabe, Plan Berezia onartzea.

    Era berean, udal erabaki honek oiartzuarren osasuna eta bizi-kalitatea hipotekatzea baimentzen du, auzo desberdinetan eragiten duen kutsadura akustikoa legeztatuz (minutuko 12 detonazio, urte osoko aste egun nahiz asteburuetan).

    Eguzkik kudeaketa publiko ausarta eskatzen du, horretarako bi adibide jartzen ditugulatik: Astigarragako Udalak, apirileko egun berean aho batez erabaki baitzuen Lau Haizeta Parkean dagoen Txoritokieta mendian “Zarata-Erreserba” bat sortzeko, inguruetan urteetan garatu diren harrobietako kutsadura akustikotik populazioa babesteko; Gipuzkoako Aldundiak, ez du onartu Olaberriako Udalak Plan Orokor berriaren pean ireki nahi zuen tiro eremua ingurumen-inpaktuko arrazoiengatik, jada aurreko legez kanpoko tiro eremuak nahiko kutsadura utzi du Olaberrian eta.

    Donostian, 2015eko ekainaren 22an,

    Eguzki talde ekologista eta antinuklearra

    Gai honekin lotutako albisteak:

    http://eguzki.org/2014/01/18/oiartzungo-udalak-otsailean-arkaleko-legezkanpoko-tiro-zelaia-itxiko-du/


    Partekatu - Compartelo