Albistea

  • 2025ean itsasoan hiru kilo arraineko kilo bat plastiko izango dela ohartarazi dute Txilen

    2015-10-07
    Partekatu - Compartelo

    zabor uhartea 2015 urriaIturria: Berria.

    Ocean Conservancy gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi du itsas ekosistemen kontaminazioa hartzen ari den tamainaz. Gaiari heltzeko proiektu orokor bat lantzen ari da Ocean Conservancy.
    Ozeanoetara botatzen ari garen plastiko mordoa eten beharra dago”, adierazi du Andreas Merkl Ocean Conservavancy gobernuz kanpoko erakundeko kideak. Hori dela eta, Merklek azaldu du hondakinen kudeaketarako plan orokor bat garatzen ari direla Asiako hainbat lurraldeetan. “Industria, gobernu eta ezarle pribatuen lana koordinatuko ditu ekinbideak”. Proposamenaren helburua da finantza, erakunde eta legezko baldintzak sortzea, ezarle pribatuek Asia Barea eskualdean “ozeano inteligenteak” eta hondakinen kudeaketarako sistemak garatzeko. 

    Industria eta zientziaren mundua batzen dituen Trash Free Seas elkarteak hartuko du bere gain enpresa handiak, GKEak eta instituzio publikoak koordinatzeko ardura. “Proiektua martxan jartzeko 2,4 milioi dolar beharko ditugu, eta espero dugu horrela itsasoan dagoen plastiko olatua murriztea”.

    Ocean Conservancyk proiektua aurkeztu du Valparaisoko (Txile)Our Ocean (Gure ozeanoa) konferentzian. Astelehen eta asteartean ospatu da bilkura. Bertan gizarte, politika eta akademia munduko 400 lagunek baino gehiago parte hartu dute, besteak beste, John Kerry AEBetako Estatu idazkaria. Bilkuraren helburu nagusia da erabakiak hartzea legez kanpoko arrantzari, itsasoen plastiko kutsadurari, ozeanoen azidotzeari eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko. “Ez ditugu diskurtsoak nahi, biodibertsitatea zaintzeko konspromisoak nahi ditugu”, adierazi du Herald Muñpz Txileko Atzerri ministroak.

    Zabor uharteak

    Ozeano Barean, gutxienez Iberiar penintsularen tamaina duen zabor uhartea dago. Askotariko zaborra pilatzen da, baina plastikoa da gehiena, plastikozko askotariko objektuak, polimeroak. Eta hori da larriena, askoren iritziz. Plastikoa ez da biodegradagarria. Ez da desagertzen. Txikitu bai, xehatu, birrindu. Baina, mikroskopioaren azpian jartzeko moduko laginak bihurtuagatik, ez dira desagertzen.

    Eguzkiak eta urak urteak eta urteak behar izaten dituzte, esaterako, plastikozko botila bat birrintzeko. Baina objektuak, azkenean, planktonaren tankera hartuko du. Hori da zabor orban erraldoia, plastikozko partikulak, milioika eta milioika.

    Duela urte batzuk ere jakinarazi dute Ozeano Atlantikan beste zabor uharte bat badagoela. Oraindik ez dakizkite neurri zehatzak, baina uste dute Texasko estatuaren bikoitza izan daitekela. Plastikozko partikulen pilaketa mardulenean kilometro koadroko 200.000 pieza atzeman dituzte, gehienak zentimetroko diametrokoak baino txikiagoak.

    Plastikozko planktonak osatutako uhartetzar hauek oso arriskutsuak dira, benetako elikagaiekin nahasten dituztelako arrainek. Hala, zaborra arrainen eta haiek jaten dituzten ugaztun handien elikagai katean sartzen ari dela dela uste dute adituek.

    Kontuan izan behar da gehiegizko arrantza, ozeanoen azidotzea, klima aldaketa eta ozeanoen plastiko kutsadura azken 50 urtetan sortu diren arazoak direla.

     

     


    Partekatu - Compartelo