Herritar ugari bildu zen Lasarte-Orian errauskailuaren aurka
2015-11-22
Partekatu - Compartelo
Aire Garbiak deituta Lasarte-Orian errausgailuaren inguruko manifestazio jendetsua (1500-2000 lagun antolatzaileen arabera) ospatu zen larunbatean. Errausgailuaren aurkako borroka berpizteko abiapuntu polita!
Izan ere, beste behin, errausgailuari aurre egitea egokituko zaigu eta ez da txantxa, azken 20 urtetan mahai gainean jartzen duten laugarren egitasmoa da eta. Honi record usaia hartzen diogu!( ez dugu uste 20 urtetan lau errausgailu egitasmo jasan dituen 750.000 biztanleko lurralderik dagoenik).
Jarraian, manifestazio amaieran irakurri zen idatzia:
Arratsaldeon guztioi. Arratsaldeon eta eskerrik asko lasarteoriatar eta Lasarte-Oriara hurbildu zareten emakume, gizon eta ume guzti-guztiei.
Erraustegia egin egingo dela esaten digute. Behin eta berriz esaten digute. Hemendik lau urteetara erraustegia su eta ke egongo dela esaten digute. Hainbestetan esaten digute, ezen beraien burua konbentzitu nahian ari direla ematen du. Tunel ilunean bere buruarekin ozenki hitz egiten duen ume galduaren moduan, bakarrik ez dagoela bere burua konbentzitu nahian. Ba, modu berean horiek, tunel ilunean erraustegiaren proiektua sartuta, beraien mamuak uxatu eta erraustegia egingo dutela sinetsi nahi dute, sinetsi behar dute, sinestarazi nahi digute. Sinestarazi nahi digute, batez ere.
Beraiek ere sinesten ez dutena guk sinestea nahi dute. Erraustegia geldiezina dela sinestarazi nahi digute, ederki baitakite hori dela daukaten aukera bakarra: guk geldiezina dela sinestea. Guk erraustegia gelditzea ezinezkoa dela sinesten badugu orduan bakarrik izango da ezinezko.
Baina ez da ezinezko, ez lehen eta ez orain. Zubietan baino lehenago Zaldunbordan egin nahi izan zuten erraustegia. Baina ezinezko gertatu zitzaien. Eta Landarbason egin nahi izan zuten. Eta ezinezko gertatu zitzaien. Eta Urnietan egin nahi izan zuten. Eta ezinezko gertatu zitzaien. Eta Aritzetan ere egin nahi izan zuten. Eta Aritzetan ere ezinezko gertatu zitzaien. Osasunarentzat kaltegarria delako. Ingurumenarentzat kaltegarria delako. Hondakinak zaborra ez direlako, baliabide produktiboak baizik. Baina, batez ere, batez ere, herritarrek erraustegia gelditzea ezinezkoa zenik sinetsi ez zutelako. Horregatik, hain zuzen, manifestatu gara gaur Lasarte-Orian: ezinezkoa ez delako, erraustegia geldi daitekeelako.
Lasarte-Orian Aire Garbia herri ekimenak bat gatoz, guztiz, aforismo zaharrak esaten zuenarekin: “Askoz gauza gehiago egingo genituzke ezinezkoak askoz gutxiago direla pentsatuko bagenu”. Horrela sinesten dugulako konfiantza osoz esan dezakegu: hemen, orain, manifestazioa baino ez da bukatu. Hemen, orain, Zubietan erraustegia ez egiteko bidea hasi baino ez da egin. Osasunagatik, ingurumenagatik, ekonomia zirkularragatik, Zubietan erraustegia nahi dutenek pare-parean topatuko gaituzte.