Beste traba bat Garoña irekitzeko: ura hozteko sistema jarri behar du
2015-12-04
Partekatu - Compartelo
Iturria: Berria.
Ebroko ura nabarmen berotzen du zentralak. Hoztera behartu zuen ur konfederazioak, eta helegitea ezarri zuen enpresak: atzera bota diote.
Hamabost graduko diferentzia. Ebro ibaiko ura 5,3 graduan zegoen Garoñako zentral nuklearraren aurreko zatian; Garoña igaro osteko zatian, 21 graduan. Greenpeace talde ekologistak aztertu zuen zentral nuklearrak nolako eragina daukan ibaian. 2011 zen. Nuclenor enpresa orain behartu dute obrak egitera: ura hozteko sistema jarri beharko du. Ebroko Ur Konfederazioak eman zion agindua, Garoña berriz martxan jartzeko ezinbesteko baldintza gisara. Enpresak auzitara jo zuen, «ordura arteko baldintzetan» segitu nahi zuelako, baina epaileak aurka egin dio: «arrazoitutzat» jo du ura hozteko sistema eskatzea.
Ura horrela berotzeak eragin handia du Ebro ibaian. Besteak beste, espezie inbaditzaileak ugaritzea dakar. Greenpeacek salaketa egin zuenean, ukatu egin zuen Nuclenorrek, esanez «legearen barruan» ari zela Garoña. Aitortu zuen, hala ere, Ebrora isuritako uraren tenperaturak gehienezkoa gainditu izan duela: ibaiko ura hiru gradu berotu dezake gehienez, eta Nuclenorrek aitortu zuen bost gradu ere berotu duela.
Ur konfederazioak ez zuen aintzat hartu Greenpeaceren salaketa, baina ondoren, 2013an, obrak egiteko agindu zion enpresari, ura hozteko. Zentral nuklearrek ura erabiltzen dute erreaktorea hozteko —horregatik egoten dira ibai edo itsas ertzean—; ur hori berriro ibaira edo itsasora itzultzeko, hozte dorre batzuk edukitzen dituzte zentral nuklearrek, ez dadin ura hain bero itzuli. Garoñak ez du halako dorrerik. Orain egin beharko du. Edo beste aukera bat du: zentralaren potentzia jaistea.
Milioitako inbertsioa
Hozte sistema ezartzeko betebeharra beste traba bat izango da Garoña berriro martxan jartzeko. Gelditua dago 2012ko abendutik. Enpresek asmoa agertua dute berriro abiarazteko, eta lan batzuk ere egin dituzte —CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak oniritzia eman die erreaktorearen ontziari dagozkion ikuskapen proposamenei—. Ura hozteko sistema bat ezartzeak milioitako inbertsioa eskatuko du.