Albistea

  • Adostutakoa ez da nahikoa izan. Goi bilerari buruzko iritziak.

    2015-12-16
    Partekatu - Compartelo

    COP21Iturria: Berria.

    Parisen amaitu berri den COP21 klimari buruzko goi bilerak ez ditu iritzi guztiak ase. Eragile ugari gustura daude emandako aurrerapausoekin, baina anbizio falta sumatu dute beste hainbatek.

    Parisen egin den COP21 goi bileran adostutako «lehen akordio unibertsala» mugarri bat izan da eragile askorentzat. Mende amaierarako planetaren tenperatura bi gradu baino gehiago ez igotzea sinatu dute 195 estatuk eta Europako Batasunak, eta igoera gradu eta erdikoa izateko ahalegina egiteko konpromisoa agertu dute. Goi bileran zehaztutakoa, baina, ez da nahikoa izan eragile askorentzat. Akordioa legez bete beharrekoa bada ere, bost urtean behin konpromisoa berrestea nahikoa izango da, eta herrialde aberatsenek 100 mila milioi dolar jarri beharko dute urtean. Hala, hainbat erakundetako ordezkariek anbizio falta sumatu dute Parisen.

    IBON GALARRAGA

    BC3ko ikerketa irakaslea

    «Analista askok uste genuena baino dezente gehiago lortu da»

    Ibon Galarraga BC3ko ikerlariarentzat, «garaiz da analisi sakonak egiteko», baina argi du akordioa «mugarri izango dela munduko klima politikan, batez ere, ateak irekiko dizkiolako garapenari, jarraipenari eta klima politikaren anbizioari». Baikor agertu da: «Analista askok uste baino dezente gehiago lortu da» Parisen egindako bilkuran: «Klimaren inguruko negoziazioen historian lehen aldiz, bete beharreko akordio bat onartu dute, hartutako konpromisoen konplitzea neurtu eta aztertuko duena, gainera. Herrialde guztiek egin beharko dute emisioak murrizteko ahalegina». Mekanismo horrek aurrerapen garrantzitsuak ekar ditzakeela ere gehitu du, batez ere «etorkizuneko konpromisoei begira».

    Industriaurreko aroarekin alderatuta, planetako batez besteko tenperaturak bi gradu ez gainditzeaz gain, gradu eta erdiko helburua betetzeko aukera, baina, «ez da batere errealista» Galarragaren iritziko, «kontuan hartuta emisioek gaur arte izan duten bilakaera». Garatzeko bidean diren herrialdeei laguntzeko konpromisoa 2025ean aztertu egingo dutela eta, beraz, «puntu eztabaidagarri horri ere jarraipena» egingo diotela gogoratu du. «Dena den, badira kanpoan geratu diren neurriak ere, mundua karbono gabetzea eta emisioen neutraltasuna kasurako».

    ANTOLIN HUASCAR

    Via Campesinako bozeramailea

    «Multinazionalen mesedetan eginiko akordioa da»

    «Antzerkia bukatu da». Antolin Huascar Diaz Via Campesinako bozeramaileak «multinazionalen mesedetan eginiko akordioa» deitoratu du. Nekazarien nazioarteko bilguneak azkeneko bi asteetan COP21ean negoziatu dituzten «irtenbide faltsuak» salatu ditu. «Aldez aurreko beldurrak berretsi dira: itunak ez die mesederik egingo munduko herriei».

    Itxurakeriatzat jo du Huascarrek goi bilkura. «Ituneko ezer ez da bete beharrekoa. Hartutako konpromisoek hiru gradutik gorako tenperaturaren gorakada ekarriko dute». Haren arabera, «multinazionalei komeni zaienean» estatuek ados jartzeko gaitasuna erakutsi dute, merkatu askeko akordioetan, kasurako. «Berriz ere, begi bistakoa egin da diruak agintzen duela, baita gizadiaren etorkizunaren interesen gainetik ere». Batik bat nekazaritzari egingo dio kalte Parisko itunak. «Naturaren espekulazioari, nekazaritzaren industrializazioari eta baliabideen arpilatzeari ateak ireki dizkiote».

    ISABEL ELIZALDE

    Nafarroako Ingurumen kontseilaria

    «Pauso garrantzitsua da, baina gehiago lor zitekeen»

    Nafarroako Gobernuarentzat «pauso garrantzitsua» da Parisen lortutako akordioa. Isabel Elizalde Nafarroako Ingurumen kontseilariaren ustez, hala ere, «gehiago lor zitekeen». Orain «akordioa betetzea izango da lehenengo lana». Horretan saiatuko dira Nafarroan, baina Elizalderentzat «ezinbestekoa izango da herritarren laguntza». Mankomunitateetan eta herrietan ere lan egin behar da, kontseilariaren ustez, «dena saretuta dagoelako eta ikuspegi zabala eta integrala eduki behar delako».

    Klimaren arazoa «mundu osokoa» dela esan du eta, beraz, «beharrezkoa» dela herrialdeen artean elkartasuna egotea. «Ikuspegi guztiak hartu behar dira kontuan, baita garapen bidean diren herrialdeenak ere». Horregatik haiei laguntza ekonomikoa eta teknologikoa eta beharrezko formakuntza ere eskaini behar zaiela dio Elizaldek: «Garapen bidean diren herrialdeek egin dituzten eskariak ez dira bakarrik ekonomikoak izan. Gainera, arazoa guztiona da, beraz, beharrezkoa da Parisen zehaztu ditugun epeak eta mugak errespetatzea».

    PHILIP GASS

    IISDko ikertzailea

    «Legez konprometitu arren, nahi dutenean uko egin diezaiokete»

    Baikorra da Philip Gass IISD Garapen Iraunkorrerako Nazioarteko Institutuko ikertzailea eta klima aldaketan aditua Parisko itunaren inguruan. «Oro har, anbizio handiko ituna da. Ez da soilik bi graduko muga ezartzen, 1,5 gradu ere aipatzen ditu, eta hori oso adierazle ona da». Halere, onartu du lan asko dagoela egiteko. «Helburuak zehaztu dituzte, baina horietara iristeko neurriak adostea falta zaie». Edonola ere, «aurrerapauso» deritzo itunari, nahiz eta nahasmena egon baldintzen inguruan. «Itunean idatzita dago herrialde batek akordiotik atera nahi badu horretarako aukera baduela. Legez betetzera konprometitu dira, baina, nahi dutenean, uko egin diezaiokete».

    Gassen arabera, herrialde askok igorpenak murrizteko konpromisoa hartu dute, eta hasi dira horretan. «EB Europako Batasuna, adibidez». Baina susperraldian dauden herrialdeena da erronkarik handiena. «India eta Txina, esaterako, ikusi beharko da noiz has daitezkeen murrizten». Itunak aurreikusten du «denbora gutxian eta kopuru handitan» hasi beharko liratekeela horretan. «Baina hori ez dugu adostutako neurrietan ikusi. Goi mailako helburuak daude, baina ez horiei heltzeko neurriak».

    Finantzaketaren arloan erdietsitako kopurua —100.000 milioi dolar— egokitzat du. «Diru horrek nahikoa behar luke garatzeko bidean diren herrialdeek trantsizio energetikoari hel diezaioten». Haatik, gauzak zehazteko daudelakoan dago. «Nola lortuko dugu diru hori? Zenbat izango da diru publikoa, eta zenbat pribatua?». Gai horretan ere ez dago bete beharreko baldintzarik. «Espero dugu herrialdeek borondate onez jokatzea. Nazioarteko legeek ezin dituzte behartu; azken finean, burujabeak dira».

    MAXIME COMBES

    Attac Franceko kidea

    «Oso urrun dago beharrezkoa den norabide aldaketatik»

    «Berekoikeria nazionalek osatutako adabakia da». Maxime Combes ekonomialaria eta Attac France elkarteko bozeramailea oso kritiko agertu da klimaren itunarekin. «Oso urrun dago beharrezkoa den norabide aldaketatik». Combesen ustetan, itunak hiru gradutik gorako beroketa ekarriko du. «Ez da gauza bonba klimatikoa indargabetzeko».

    Combesek salatu duenez, ituna ez da eraginkorra : «Ez du datarik zehazten gas isuriak murrizten hasteko, eta karbono merkatuaren gisako praktika ezegokiei bide ematen die». Horrez gain, ez da unibertsala: «Aire eta itsaso garraiobideak ez ditu kontuan hartzen; gas emarien %10 dira. Bistan da merkatuaren arauak ez dituztela aldatu nahi».

    Gabezia asko ikusi dizkio testuari. «Ez da bete beharrekoa, eta giza eskubideen arloko paragrafoak ezabatu dituzte». 100.000 milioi dolarreko finantzaketaren inguruan ere zalantzak ditu. «Herrialdeek ez dute legez errespetatu beharrik. Ez du hobetzen Kopenhagen adostutakoa».


    Partekatu - Compartelo