Albistea

  • Metroa gelditzeko kontzentrazioa Kursaalen

    2016-03-19
    Partekatu - Compartelo

    satorralaiak 2016 martxoaIturria: Satorralaiak.

    Metroa gelditzea eskatzeko kontzentrazioa egin dute gaur eguerdian 80 herritarrek Kursaaleko Hiri Handien Nazioarteko Kongresuaren aurrean.

    Metroa gelditzeko Donostiako Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, kontzentrazioa egin dute 80 lagunek gaur  eguerdiko 12’30etatik ordu 1etara,  Kursaal-en egiten ari den  Hiri Handien Sare Iberoamerikarraren (CIDEU) Kongresuaren aurrean, hain zuzen ere Donostian Metroa eraikitzeko egitasmoarekin gure hirian egin nahi den astakeria eta zentzugabekeriaren salaketa bilkura horretara eramateko. “BEHARREZKOA EZ DELAKO METROARI EZ” zioen pankartaren inguruan bildutako herritarrek Metroa gelditzearen aldeko oihu ugai egin eta kalean zebilen jendeari informazio-orriak banatu dizkiete. Protesta honen bidez zera adierazi dugu:

    ·  Lotsagarria iruditzen zaigu hiritarren partehartzeari buruz hitzegitea,  Donostian adostasun sozialik gabeko egoeran jartzen gaituen proiektu horren  gainean erakundeek ez dutenean informaziorik eman ezta eztabaidarik sustatu ere. Aitzitik, erakundeen aldetik nozitzen ditugun gardentasun-eza,   partehartze publikoa larriki mugatzen duen tramitazio hertsia eta bizilagunen argudio eta proposamenekiko erdeinua salatzen ditugu.

     

    ·  Metroaren justifikazio edo zuribide ofiziala, azpegitura horren  eskariari buruzko zifra faltsuen gainean eta egiazko informazioa baino propaganda  kutsu nabaria duten adierazpen triunfalisten gainean eraikia izan da. Halaber,  aintzat hartu gabe utzi nahi dira bai Metroaren eraikuntzak udalearrian eragingo lituzkeen kalte larriak –besteak beste hirigintza alorrean eta DBus-en zerbitzuetan–,  bai gastu sozialen kaltetan dakarren baliabide publikoen xahuketa,  baita egungo garraio publikoko sare osoa hobetze aldera Topoaren eta hiriko autobús línea nagusien arteko osagarritasuna lantzeko proposatu diren alternativa eraginkorragoak eta kostu ekonomiko arras txikiagokoak ere.

    Hori denagatik, gure hirian alperrikako eta  inposaturiko Metroaren egitasmo arranditsu hori geldi dezaten exijitzeko elkartu gara Kursaalaren. Bestalde, asteazkenero San Martingo azokan arratsaldeko 17’30tik 18’00tara egiten ditugun elkarretaratzeen deialdia gogoratzen dugu.

     

    Metroa gelditzeko Donostiako Satorralaia bizilagunen mugimendua

     


    Partekatu - Compartelo