Donostiako hainbat auzotan aspaldi aditzen dira usain txarrak, auzokoen kexak eragin dituztenak.
Usain txar hauen iturriari buruzko hainbat hipotesi barajatu ondoren, Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, usain-kutsadura hau zehatz-mehatz nondik datorren jakiteko azterketa enkargatu zion enpresa bati.
Azterketa 2013an egin zen eta, emaitzen arabera, usain txar horien iturria Hernaniko Zikuñagako paperola da (Papelera Guipuzkoana S.A.).
Azterketak zehazten zuen usain txarrak dimetil-sulfuro eta dimetil-disulfuroaren ondorio direla. Biak ala biak dira paper-ekoizpenarekin zerikusia duten produktuak.
Usain txarrak gehienbat gauez iristen dira, terral edo lehor-haizeek bultzatuta.
Auzorik afektatuenak Urumea bailarakoak dira, batez ere Martutene, Loiola, Ospitaleak, Amara… Egian, Intxaurrondon eta Grosen ere aditzen dira.
Azkenaldion, usain txarrak berriro aditzen ari dira.
2013ko azterketak zera zioen: “Enpresak usainak arintzeko neurri batzuk hartu ditu, baina ez dago garbi arintze hori iraunkorra izango den”.
Zoritxarrez, Estatu espainolean ez dago usain-kutsadura arautzen duen legerik. Baina horrek ez du esan nahi enpresa bati hutsune horretaz baliatzen utzi behar zaionik milaka herritarren kaltetan.
Uste dugu badela arazo hau behin betiko konpontzeko garaia. Horregatik Donostiako Udalari (eta Atigarragakoari eta Hernanikoari ere bai, jakina) eta Eusko Jaurlaritzari zera eskatzen diegu: enpresarekin behar diren hobekuntza tekniko eta produktiboak adostu ditzaten usain-kutsadura hori behin betiko desager dadin.