Albistea

  • Erraustegiaren kontrako protesta Foru Aldundian

    2016-07-28
    Partekatu - Compartelo

    Errausketaren aurkako performanzea

    Jende ugarik parte hartu zuen ekimenean.

    Erraustegiaren kontrako Mugimenduak deituta eta “Zure negozioa, gure minbizia” lemapean, ehunka lagun bildu dira gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Izan ere, foru jauregiaren barruan bilera egitekoa zen Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioak, gai-zerrendan puntu garrantzitsua zuelarik: erraustegia eraikitzeko baldintza-pleguak onartzea.

    Protesta ikusgarria izan da. Sirena-hotsa entzutearekin batera, Foru Aldundi aurreko lur zoru guztia okupatu dute ehunka herritarrek Frederic Chopin-en martxa funebrea entzutzen zen bitartean. Parte hartu duten asko lurrean etzan dira, maindire banarekin estalita, hilik edo gaixo baleude bezala, Heriotza, sega eta guzti beraien artean zebilen bitartean, performance-a borobilduz.

    Mugimenduko bi kidek testu bat irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz, hona hemen:

    “Zure negozioa, gure minbizia”

    2016ko uztailaren 28a datozen hamarkadetan gogoratuko dugun eguna izan daiteke. Izan ere, Gipuzkoan inoiz egin den diru publikoaren xahuketa handienetako baten aurrean egon gaitezke. Gaurkoa, hemendik 2051era arte Gipuzkoan biziko diren herritar guztiak zorpetu ditzakeen xahuketa itzela sinatzeko eguna da. Zergatik? Beharbada gure agintariek diruaren balioa zein den ez dakitelako? Ez horixe, txintxin-hotsa beti baitute buruan, eta, besteak beste, beti dabiltza diru publikoa modu masiboan esku pribatuetara nola pasa asmatu nahian. Horren lekuko da, hain justu, erraustegiaren proiektua.

    Errausketaren aurkako ekintzaren une bat

    Errausketaren aurkako ekintzaren une bat

    Ezagunak dira erraustegiek inguruan bizi direnen osasunean egiten dituzten kalteak. Hori bakarrik nahikoa izango litzateke erraustegiaren proiektua ipso facto bertan behera uzteko. Baina hori gutxi balitz, hau da, erraustegiek isurtzen dituzten toxikoak irenstera behartzeaz gain, proiektuak aurrera egiten badu, herritarrok sekulako dirutza ordaindu beharko diogu enpresa pribatu bati… 2051era arte! Ikaragarria da guri eta ondorengo belaunaldiei ordainaraziko digutena.

    Gaur sinatzera doazena diru publikoaren lapurreta masiboari kobertura legala emango dion dokumentua da. Baina legalitateren erabilpen maltzurra eta ustela izango da. Kostua zehatz-mehatz zenbatekoa izango den ere ez dago jakiterik. Batzuek diote 1.000 milioi izango direla; beste batzuek, berriz, hurrengo lau hamarkadetan pilatuko diren interesak kontuan hartuta, faktura 2.000 milioi eurotara ere hurbilduko dela. Baina, kostua zehatz-mehatz zenbatekoa izango den jakiterik ez badago ere, zenbaki horiei erreparatuta, ez da Matematikan aditu izan behar ondorioztatzeko erraustegiak, egingo balitz, hondakinak ez ezik, gipuzkoarron zerbitzu publikoak, gizarte-laguntzak eta udalen aurrekontu asko ere erreko lituzkela. Bai, gaurko esleipenaz luze gogoratuko gara.

    Errausketa Aldundi aurrean performanzeaBaina erraustegiak euro bateko kostua izango balu ere, garestiegia izango litzateke, herritarren osasunari buruz ari garelako. Bai, erraustegiaren 10 kilometro inguruan bizi direnentzat kostua izugarria izango litzateke. Eremu horretan, heriotza-tasa orokorra % 13 haziko litzateke; minbizi-kasuak, oro har, % 3,5; gibeleko minbizi-kasuak % 29;  biriketakoak % 14, eta abar. Ez dugu guk esaten. Medikuek diote, mundu osoan egindako ikerketetan oinarrituta. Herri asko dira Gipuzkoan 10 kilometroko inguru horren barruan daudenak: Usurbil, Andoain, Urnieta, Lasarte-Oria, Hernani, Villabona, Astigarraga, Aia, Orio, Zizurkil, Asteasu, Donostia… Baina, elikagaien eta uraren bidez, erraustegiaren kutsadura are gehiago barreiatuko da, noski.

    Eta sinatzera doazena bidegabea bada, egiten ari diren modua ere zeharo bidegabea da. Atzeko atetik ari dira, premeditazio eta martzurkeriaz, Gipuzkoa erdiak merezitako oporrak hartu dituenean. Norbait zilegi ez den zerbait egitera doanean darabilen modus operandi bera erabiltzen ari dira.

    Lehiaketara aurkeztuko diren enpresei, berriz, maiatzean Onkologikotik Diputaziora egin genuen giza kate jendetsuan esan geniena errepikatu nahi diegu: pentsatu bi aldiz non sartzen ari zareten. Jakinarazi nahi dizuegu gipuzkoarrok ez dugula etsiko erraustegia itxi arte. Hots, beharbada sekulako negozioa egin ordez, dirua galduko duzue.

    GHKko bilduta dagoen unean heriotza bereak eta bi egiten

    Agintariei ere antzeko mezu bat bidali nahi diegu: ekintza burutuen politikak hanka motzak ditu; uste baduzue nahikoa izango dela prozedura administratiboa martxan jartzea herritarrok etsitzeko eta zuek eskuak libre dituzuela geratzeko, jai duzue.

    Dei egiten diegu Gipuzkoako herritarrei aurrerapausua emateko, hemen gaur ezkutuan egiten ari direnaz bakoitzaren inguruan informatzeko, iritzi publikoa irabazteko. Goazen hurrengo aste eta hilabetetan gure ekimenak biderkatzera, gizarteari esatera zer enpresak dauden operazio honen atzean eta zeintzuk diren herritarren osasuna arriskuan jarri nahi duten agintariak. Guk, herritarrok, hau ez dugu inoiz onartuko. Eta Justizia -letra larriz- gaur ez badago, bihar egongo da. Eta gure agintariek uste badute eskubidea dutela Gipuzkoako etorkizuna enpresa pribatu batzuei emateko, goazen herritarrok gure herrialdea eta gure udalerriak babesteko ardura guk geuk hartzera.

    Bukatzeko, erraustegiaren esleipena sinatuko duzuen Foru Aldundiko eta GHKko agintariok: alternatiba garbiago, merkeago eta osasuntsuagoa badela ondo demostratu denean, egin beharrik ez dagoen erraustegia eraikitzeko zor ilegitimo bat onartzera zoazte, kontratista pribatu handiei dirutza oparitzera zoazte, Gipuzkoako instituzioak eta herritarrak kaltetzera zoazte. Gutxi batzuen negozioa egitera zoazte, herritarron osasunaren kaltean. Hori dena egitera zoazte…

    baina ez gure izenean!

    Jarraian ekimenaren irudi batzuk ondorengo bideoan, jendearen elkartasuna eta musika lasaia errauskailuaren aurkako aldarrikapenarekin uztartuz:


    Partekatu - Compartelo