Albistea

  • Zirauntzako isurtzearen aurrean ardurak argitzeko eskatu du Zadorra Bizirik

    2016-08-30
    Partekatu - Compartelo

    zirauntza 2

    Zirauntza ibaiaren iturburua. Argazkia: ALEA

    Zirauntza ibaian, aparra isurtzearen ondorioz 200 amuarrain hilik agertu direla eta, Zadorra Bizirik plataformak ardurak argitzeko exijitu dio Asparrengo Udalari.

    Zirauntza ibaiaren iturburua  Zadorra Bizirik Plataformak azaldu duenez, abuztuaren 15ean, Artzai Egunaren harira, Araian ospatu zen ekimen ludiko batean sortutako aparra Zirauntza ibaira isuri zen, eta horren ondorioz hurrengo egunetan 200 amuarrain hilik agertu ziren ibaian. “Argi geratu da kasu honetan gure ibaiak isurtegiak bezala tratatzen ditugula; bertan botatzen dugu soberan dugun zikinkeria”.

    Plataformak aitortu du aparra, berez, ez dela gai toxikoa, “baina ibaiak uda garaian duen emari txikia dela eta, uretako fauna oxigeno gabe geratu zen”. Gertatutakoa “patuaren nahia izango balitz bezala” tratatzea leporatu dio Zadorra Bizirik Asparrengo udalari eta dei egin dio “aitzakiak” alde batera uzteko, eta behar diren “ardura teknikoak eta politikoak” garbitzeko.

    Halaber, Zirauntza ibaian edozein isuria botatzea debekatzeko exijitu du, “ez baita zabortegi bat, baizik eta izaki bizidun bat”, eta inguruko ekosistema guztien zaintza eta babesa bermatzeko.

    Bestalde, Arabako Foru Aldundiari eta URA Agentziari eskatu die aparra isurtzearen arduradunei kargu hartzeko.

    Oharra: Arabako ALEAk argitaratu duen albiste hau, Zadorra Bizirik-ek kaleratuta oharrean oinarritzen da. Oharra bere osotasunean irakurri nahi baduzu, zoaz albiste honen gaztelerako bertsiora.


    Partekatu - Compartelo