Mercadonak bere ingurumen konpromezuaren irudia arriskuan jarri du
2016-09-22
Partekatu - Compartelo
Mercadona Belartzako harrobian kokatuko dela baieztatuta, NATURKONek publikoki jakinarazi nahi die enpresa horretako arduradunei gune hori garatzeko makina bat ilegaltasun eta irregulartasun egin direla , gaur egun argitu gabe dirautenak.
Belartzako harrobiko obra udalaren baimenik gabe hasteaz gain, legezkoa den lizitazio lehiaketa publikorik egin gabe ere hasi zen, hartara beste enpresei exekuziora garaiz aurkeztea galaraziz. Hori gutxi ez, eta proiektuak ez zuen ingurumenaren gaineko inpaktu-ebaluaketarik, hau legearen arabera eskatu behar izan zitzaiola ere. Obrak 100.000 tona baino gehiagoko harri-hondakindegi berri bat sortarazi du Belartza ondoko ingurune naturalean eta hondakin horien lekualdaketan enpresak mendi-pistak legez kontra ireki ditu, errekasto baten erriberako landaredia txikitu du eta ur-ibilguan bertan ere kalteak eragin ditu. Aipatutakoaz gainera berez babestuta egon beharko lukeen hariztian eragina izan du hainbat zuhaitz behera bota direlarik eta paisai inpaktu nabarmena sortuta.
Uraren Euskal Agentziak eta Eusko jaurlaritzak enpresari ezarritako ingurumen-betebeharrei muzin eginda egin dira obrak, hori guztia Donostiako Udalaren utzikeriak lagunduta jakina.
Mercadonak, bere burua jasangarritasunarekin konprometituta aitortzen duen enpresa batek, bere ingurumen-memorian 2014. urtean ingurumenaren babesean 25 milioi euro inbestitu duela dio eta ustelkeriaren aurkako baloreen, giza eskubideen, lan-arauen eta ingurumenaren defentsarako sortutako Itun Mundialeko bazkidea dela baieztatzen du. Oso kontraesankorra litzateke enpresa hori behin eta berriz ingurumen-legeak urratu diren lekuan ezartzea, txikizioa eragin duten leku horretan bertan eta bere instalakuntzen metro gutxitara obrak eragindako hondakindegi ilegal batekin bizitzen. Ez litzateke koherentea bere burua ingurumen-konpromisoa duen enpresatzat duen horrek, txikizio basati baten aztarna utzi duen gunean ezartzea, hain zuzen ere ekologistek nahiz bizilagunek makina bat irregulartasun salatu duten lekuan. Eta dudarik gabe epaitegian bukatuko duen auzi batean sarturik.
DONOSTIAN, 2016ko irailaren 15ean.
NATURKON (Gipuzkoako Talde Naturazale eta Kontserbazionistak) :
EGUZKI – HARITZALDE NATURZALEEN ELKARTEA – EKOLOGISTAK MARTXAN – ITSAS ENARA OE – UGATZA OE- ARKAMURKA NT – HERRIO NT – MUTRIKUKO NT – LANDARLAN NT – ZUMAIAKO NT – ONDARROA 12 MILIA – ERKAXO NT – KATAMARRUA NT