Albistea

  • Bardea Libreak fronte bateratuak tiro-poligonoari buruzko herri-galdeketa eskatzen du 2018an

    2017-03-06
    Partekatu - Compartelo

    bardenaslibresBardea Libreak fronte bateratua aurkeztu zen larunbatean Castejongo Pablo Sarasate Kultura Zentroan. Ekimen honek Nafarroako eta Aragoiko hainbat herri-kandidatura, alderdi, sindikatu eta talde sozial biltzen ditu, eta 2018ko abenduaren 31a baino lehen tiro-poligonoari buruzko galdeketa egitea du helburu.

    Hona hemen ekitaldiaren bideoa. Ordu erdi dirau, gutxi gorabehera. Lehen 10 minutuek bikain laburbiltzen dute irudietan poligonoaren historia, Gladysen hilketa barne, jakina. Ondoren, beste interbentzio batzuen artean, Fermin Valencia eta Roberto Urraren kantak entzun daitezke.

    https://www.youtube.com/watch?v=S9PMfYIkUqU

    Bardeako Juntak eta Defentsa Ministerio espainolak izenpetutako azken kontratuaren iraupena 10 urtekoa da, eta epe hori datorren urtean bukatuko da. Kontratuaren arabera, bada epea beste 10 urtez luzatzeko aukera. Kasu horretan, Estatuak, orain arte urtero ordaindu dituen 7 milioi euroren ordez, urtero 20 milioi ordaindu beharko lituzke.

    Baina Bardea Libreak ekimenekoek ez dute ez luzamendurik ez dirurik nahi, «diru hori odolez zikinduta dagoelako eta poligonoak gerrak eta bortizkeria estrukturala sustatzen dituelako, industria militarrari mesede egiten diolako eta inguruko herrietan militarismoarekiko mendekotasuna sortzen duelako». Halaber, ekimenak ukatzen du Bardeako Juntak kontratua luzatzeko zilegitasuna duela. «Herritarrek soilik dute Bardea nola kudeatu behar den erabakitzeko zilegitasuna; beraz, Juntak ezin du bere kabuz kontratua luzatzeko erabakirik hartu». Horregatik, Bardea berreskuratzeko galdeketa eta herri-mobilizazioa aldarrikatzen dituzte.

    Bardea Libreak ekimena sustatzen dutenen artean, honako hauek daude: Corella, Fustiñana, Cortes, Tutera, Castejón, Caparroso, Fitero eta Cintruénigoko herri-kandidaturak; EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu, Ernai, CHA eta Puyalón; LAB, ELA, CGT, EHNE, CNT eta STEE-EILAS; Bardenas Ya, Sustrai, Salhaketa, Lurra eta beste hainbat talde sozial. Guztira, 70 atxikimendu.


    Partekatu - Compartelo