Ikerketa batek berretsi du Mijoa errekako egoera ekologikoa “txarra” dela
2017-07-20
Partekatu - Compartelo
Saturraranen isurtzen duen Mijoa errekako egoera ekologikoa “txarra” da eta hori Ur legediaren arabera ezarritako kalitate-helburuaren “ez-betetze larria” da; izan ere, helburu horren arabera, egoera ekologiko “onean” egon beharko luke (1). Horixe irakur daiteke Urak argitaratu berri duen txosten batean. Txosten horrek EAEko ibaien egoeraren jarraipen-sareak 2016an eginiko kanpainaren emaitzak laburbiltzen ditu (2). Egia esan, txostenak ez du esaten ez dakigunik (3), baina adierazle biologietan oinarrituta esaten du. Gainera, Uraren beraren eskutik dator. Txostenak zehazten duenez, “adierazle guztiek” agerian utzi dute “kutsadura organikoak eta amonioak” baldintzatutako egoera dela (4). Hots, eta hau ere gauza jakina da, arazoa saneamendu-falta da.Horri dagokionez, gogoratu instituzioek Gipuzkoan 2007 eta 2011 bitartean hainbat lan hidrauliko egiteko hitzarmen bat sinatu zutela, eta Mijoako saneamendua lan horietako bat zela. Baina finantziazio gehiena (% 75) Jaurlaritzak ipini behar zuen eta, urte hauetan guztietan ipini ez duenez, proiektua ez da burutu. Plan Hidrologiko berriak, pasa berri den urten onartutakoak, berriro aurreikusten du proiektua gauzatzea, oraingoan 2016 eta 2021 urte bitarteko epean, 3,6 milioi euroko aurrekontuarekin. Iazko urrian, Mutrikuko Udalak, onartutako mozio baten bidez, Jaurlaritzari eskatu zion 2017ko aurrekontuetan diru-partida bat sartzeko eta Mijoako saneamendu-lanei behingoz ekiteko. Jaurlaritzak, ordea, ez zuen kasurik egin. Noiz arte?
Adi isuri kutsakorrei Ez dugu aukera pasatzen utzi nahi gogoratu gabe udako fetxa hauetan Mijoak isurketa kutsatzaile latzak pairatu ohi dituela. Iaz, adibidez, oso isurketa ikusgarriak gertatu ziren uztailaren 20an eta 24an (5). Instituzioei eta herritarrei dei egiten diegu adi egon daitezen eta, isurketaren bat ikusten badute, salatu dezaten.
Eguzki, 2017ko uztaila
(1) Kontuan izan ibai baten egoera ekologikoak bost kalifikazio izan ditzakeela: oso ona, ona, neurrizkoa, eskasa eta txarra. Hau da, egoera ona beharko lukeen Mijoaren kalifikazioa ez da neurrizkoa, ezta eskasa ere, txarra baizik. Beraz, izan dezakeen kalifikaziorik okerrena du.
(3)Mijoa, gaur egun, bioaniztasuna itortzen duen estolda hutsa da, Bisoi Europarra Babesteko Plan Bereziaren barruan sartuta dagoen arren. Mijoako isuriak Saturrarango eta Ondarroako hondartzetan nabaritzen dira, eta kiratsak, berriz, San Jeronimoko eta Pikupeko bizilagunek aditu behar izaten dituzte.
(4) Amonioa bakterien, ur beltzen eta animalien hondakinen isla izaten da.