Albistea

  • Zergatik ematen dute azkura Kontxako urek?

    2017-08-30
    Partekatu - Compartelo

    Ondarretan kutsadura-kasuak ez dira ezohikoak. Iaz 5 erregistratu ziren eta aurten, berriz, momentuz, 2, guk dakigula, behintzat.

    Bandera horiak seinalatu du gaur Tenis aldean kontuz bainatu beharra zegoela. Ondarretan kutsadura-kasuak ez dira ezohikoak. Iaz 5 erregistratu ziren eta aurten, berriz, momentuz, 2, guk dakigula, behintzat.

    Azken egunotan, zehatz-mehatz astelehen 28an eta astearte 29an, asko izan dira Kontxako eta Ondarretako uretatik atera ondoren azkura sumatu dutenak.

    Gurutze Gorriko sorosleek ere badute azkura horien berri.

    Egun horietan, badiako urak garden-gardenak zeuden, eta agerian, behintzat, ez zegoen marmokarik. Hala ere, ezohiko azkura.

    Gaur asteazkenean, hilak 30, Ondarretan, Tenis aldean, bandera horia jarri dute. Astelehenean hartutako ur-laginaren analisietan kutsadura atzeman eta, horren ondorioz, bainua libre izan ordez kontuz hartu beharrekoa da. Hortaz, bandera horia.

    Ez dakigu egunotan sumatu dugun azkura eta analisietan atzemandako kutsadura zuzen-zuzenean lotuta dauden, baina garbi dago egunotan zerbait gertatu dela.

    Horregatik Udalari azalpen bat emateko eskatzen diogu. Aldez aurretik esan nahi dugu ez dugula ontzat emango edozer azalpen; adibidez, ez dugu ontzat emango  egoera itsasontziren batek ur beltzak badian bertan deskargatu izanaren ondorio dela dioen azalpena, afektatutako ur kopuru eta zabalera handiegia delako.

    Ondarretako uretan, batez ere Tenis aldean, kutsadura sarri atzematen da. Iaz, 5 aldiz; aurten, 2 (guk dakigula, behintzat). Garbi dago ez dela arazo puntuala, estrukturala baizik. Konpondu egin behar da.

    Baina oraingoan, arazoak, Ondarretan ez ezik, Kontxan ere sumatu dira, ezohiko zerbait gertatu den seinale. Horregatik Udalari ahal den azalpenik argiena emateko eskatzen diogu.

    Ondarretako harrien kontura, kaparrada galanta ematen ari da Udala. Uraren kalitateak hainbeste, behintzat, mereziko du, ezta? Azken batean, uraren kasuan, harrienean ez bezala, herritarron osasuna eta segurtasuna jokoan daude.

    Donostiako EGUZKI


    Partekatu - Compartelo