Eguzkik baliabide gehiago eskatu ditu Legebiltzarrean ingurumen-delituen zigorgabetasunari aurre egiteko
2017-11-15
Partekatu - Compartelo
Eguzkiko kide Oscar Padura gaur, Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean.
Eguzkik ingurumenaren kontrako arau-hauste administratibo eta delituei buruz hitz egin du gaur Eusko Legebiltzarrean, Segurtasun Batzordean. Talde ekologistako kide Oscar Padurak baliabide humano eta tekniko gehiago eskatu ditu alor honetan nagusi den zigorgabetasunari aurre egiteko. “Basozain, itsas ikuskatzaile eta Ertzaintzaren Ingurumen Taldean ere agente gehiago behar dira”, esan du. Herri-erakundeetan hartzen ari diren erabaki batzuk justu kontrako bidean doazela ere ohartarazi du.
Padurak hainbat adibide ipini ditu ingurumenaren kontrako arau-hausteetan instituzioen aldetik dauden utzikeria, koordinazio-falta eta sarri permisibitatea agerian uzteko. Baina batez ere, delituetan zentratu da. Alde horretatik, Eguzkik azken bi urteotan Fiskaltzan 25 salaketa ipini dituela esan du, ibaetara ur zikinak isurtzeagatik, babestutako espezieak tiroz botatzeagatik, legez kanpo arrantzatzeagatik, suteak pizteagatik edo natura- eta arkeologia-ondarea suntsitzeagatik. Bada, 25 salaketa horietatik 3 baino ez dira epaileak diligentziak irekitzeko fasera iritsi. “Gainerakoetan ez zegoen deliturik? Bai, ingurumenari egindako kaltea begi-bistan zegoen; autoretza zehazterik ez zegoen, ordea. Eta honek lotura zuzena du ikertzeko baliabide-faltarekin”, nabarmendu du Eguzkiko kideak.
Batzordearen gaurko bileran ateratako irudia.
Baliabide-faltaren adibide moduan, honako hau esan du: “Jendea harritu egiten da Ertzaintzaren Ingurumen Taldea zortzi agentek osatzen dutela esaten dugunean. ‘Zortzi Donotian?’, galdetzen dute. ‘Ez, zortzi EAE osoan’. Baina agente gutxi izateaz gain, oinarrizko baliabideak ere falta dituzte, adibidez, suteetan trebatuta dagoen zakur bat bera ere ez dute”.
Eguzkiren iritziz, “txarrena” da ez dirudiela Administrazioaren aldetik egoera honi buelta emateko borondate handirik dagoenik. “Lehengoan galdetu zioten gai honetaz Barne sailburuari, ea zakurren bat suteetan trebatzeko asmorik ba ote zuen, eta ezetz erantzun zuen, argi eta garbi”.
Jaurlaritza ez ezik beste herri-erakundeak ere hartzen ari dira bide onetik ez doazen neurriak, hala nola, Bizkaiko Base Gorriaren berregituratzea, Gipuzkoan babestutako landaretzari buruzko teknikoen plazak laurden batean murriztea eta, oro har, basozainen, itsas ikuskatzaileen eta Ertzaintzaren Ingurumen taldekoen plazak ez ugaritzea.
Eguzkik hitzaldia egin du Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean, EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Oterok eskatuta. Arartekoak eta Fiskaltzak gai honi buruz duten iritzia Batzordean entzutea ere eskatu du Oterok.