Albistea

  • Udalak berriro ere tarifa finkoa ezarri du, birziklatzearen eta birziklatzaileen kaltetan

    2017-11-16
    Partekatu - Compartelo

    Captura-de-pantalla-2016-11-14-a-las-13.39.06[1]Aire Garbiak 5. edukiontziaren erabiltzaileei zabor-tasan %20 deskontatzeko egin duen proposamena atzera bota du Udalbatzak, eta, horren ondorioz, 2018an berriz ere tarifa finkoa egongo da indarrean. Beraz, birziklatzaileek eta ez birziklatzaileek berdin-berdin ordainduko dute. Hori antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada, arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tarifa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute.

                Bi dira alkatearen taldeak deskontu-eskaerari ezetz esateko erabili dituen argudioak:

    1.      5. edukiontzia duela gutxi ezarri zen eta oraindik goiz omen da emaitzak behar bezala aztertu ahal izateko.

    2.      Deskontuak egiten hasita, deskontu globalak nahiago omen dituzte; hau da, herrian gaikako bilketan maila jakin bat lortuz gero, deskontu bat egin liteke zabor-tasan bertan, herritar guztiei, ez soilik birziklatzaileei.           

                Goazen puntuz puntu…

    1.      Lasarte-Orian hondakinak gaika biltzea ez da herritar guztien ardura, baizik eta alor horretan konpromiso gehien dutenei Udalak eskaintzen dien aukera. Gauzak horrela, deskontua birziklatzaileek egiten duten lana aitortzeko modua baino ez da. Deskontua jende gehiago birziklatzera animatzeko pizgarria ere izan daiteke, eta, horrexegatik hain justu, iaz ere lasai asko aplikatu zitekeen, 5. edukiontzia ezartzeko kanpainaren osagarri gisa. Baina, esan bezala, deskontua, oroz gain, birziklatzaileei egiten zaien aitortza da, eta, alde horretatik, 5. edukiontziaren emaitzetatik zeharo independentea da. Gainera, zenbat denbora gehiago behar du Udalak 5. edukiontziaren emaitzak ebaluatzeko? Aurtengo datuen arabera, gaikako bilketa batez beste %45ekoa da. Udalak ba al du datozen hilabeteetan sistema hobetzeko neurriak hartzeko asmorik? Guk dakigula, ez. Beraz, aldaketarik ezean, datorren urteko batez bestekoa aurtengoaren antzekoa izango da, %1 gora edo %2 behera. Baina, batez bestekoa edozein dela ere, tarifa finkoak ez dio antiekologikoa eta sozialki injustua izateari utziko. Beraz, alkatearen taldeak darabilen lehen argudioak argudio baino gehiago aitzakia dirudi.

    2.      Deskontu globala egitea, berriz, tarifa finkoarekin jarraitzea da. Tarifa finko merkexeagoa izango da, baina tarifa finkoa. Esfortzua eta konpromisoa berriz ere birziklatzaileen esku geratuko lirateke, eta hauek axolagabeek bezalaxe ordaintzen jarraituko lukete.

                Bukatu aurretik, informazio garrantzitsu bat: Udalbatzak hartutako erabakiaren arabera, 2018an zabor-tasa %5 garestituko da, hau da, KPIren (1,2) oso-oso gainetik. Iaz, berriz, %4 garestitu zen, KPIren (1,3) oso-oso gainetik ere. Ez birziklatzaileek, etxean hondakinik gaika biltzen ez duten neurrian, gero eta hondakinak tratatzeko sistema garestiagoen beharra eragiten dute (lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain). Baina birziklatzaileek berdin-berdin ordaindu beharko dituzte Udalak sistema garesti horiek finantzatzeko zabor-tasan erabaki dituen igoera “potenteak”.

                Urte hasieran, Udalak honako leloa jarri zuen balkoian: “Lasarte-Oria birziklapenaren alde”. Garbi dago hitzak eta ekintzak ez datozela bat.

    Lasarte-Orian Aire Garbia

    IMG_20170405_201836068


    Partekatu - Compartelo