Albistea

  • Goia, bete zure hitza! Illunberi buruzko galdeketa orain!

    2018-02-17
    Partekatu - Compartelo

    illunbe1EGUZKIk prentsaurrekoa egin du gaur goizean Donostiako Udaletxe aurrean alkateari eskatzeko bere hitza bete dezala eta Illunbeko zezenketei buruz agindu zuen herri-galdeketa behingoz antola dezala. Hona hemen gaurko agerraldiaren bideo txiki bat.

    https://youtu.be/2IQerT_Te4Q

    Hemendik aurrera, berriz, mezua…

    2016an, Donostia Antitaurina Orain! plataformak 10.000 sinadura bildu zituen, banan-banan egiaztatuak, Udalari Illunberi buruzko herri-galdeketa bat eskatzeko, alegia, Udalak Illunbeko instalazioak zezenketak egiteko uzten jarraitu behar ote zuen donostiarrek erabakitzeko.

    Eneko Goia alkateak, itxuraz behintzat, proposamena onartu zuen, eta galdeketa 2017ko otsailaren 19an egingo zela ere iragarri zuen. Baina urtebete geroago Goiak emandako hitza bete gabe jarraitzen du. Beharbada galdeketa egiteko konpromisoa hartu zuenean ez zelako jabetu donostiarrek zezenketen kontrako jarrera irmoa dutela. Horra hor Udalaren beraren enkarguz joan den irailean egindako inkesta; horren arabera, donostiarren % 71 Udalak Illunbe zezenketak egiteko uztearen kontra dago.

    illunbe2Egia da PPk berehala Estatu-makineria martxan jarri zuela galdeketa zapuzteko. Lehendabizi, bertan behera utzi zuen Galdeketen Udal Araudia, Udaletxean aho batez onartutakoa, baita PPeren zinegozien botoekin ere. Gero, berriz, Ministro Kontseiluak galdeketa bera debekatu egin zuen.

    Baina hori bezain egia da Goiak hitz eman zuela, Estatuaren jarrera horrek udal autonomiari eta donostiarron udal instalazioak nola erabili behar diren erabakitzeko eskubideari kolpe latza jotzen ziela salatu ondoren, “beste bide batzuk aztertuko zituela herritarrek gai honi buruz duten iritzia adierazteko aukera izan dezaten” (2017ko otsailean). Bide horiek izan, badira. Izan ere, Udalak erabiltzen ditu egoki ikusten duenean, esaterako, Urrezko Danborra hautatzeko.

    Gainera, EAEko Auzitegi Nagusiak orain dela gutxi ezagutarazitako epai baten erabera, Donostiako Udalak bere instalazioak egoki irizten duen moduan erabil ditzake, hau da, ez dago behartuta Illunbe alokatzera bertan zezenak hil ditzaten.

    illunbe3Beraz, Goiari bukatu egin zaizkio aitzakia juridikoak, eta, hala ere, emandako hitza bete gabe jarraitzen du. Gauzak horrela, galdeketa antolatzen ez dueneko susmoa emaitzaren beldur delako gero eta handiagoa da. Eta, emandako hitza betetzen ez duen bitartean, Illunbe zezenak hil ditzaten uzten jarraitzen du. Hori ez da susmoa, egia biribila baizik.

    10.000 sinadura haiek aurkeztu zituzten pertsonek, Udalak berak ezarritako baldintzak zintzo-zintzo beteta, galdeketa egiteko eskubidea irabazi zuten. Pertsona haiek gutxienezko errespetua merezi dutelako eta emandako hitza betetzea gizalegezkoa delako, Goiak bidea eskaini behar du donostiarrek Illunberi buruz duten iritzia adieraz dezaten. Eta lehenbailehen, dagoeneko oso berandu dabil eta.

    Legezko aitzakiak bukatuta, guztiz salagarria da emandako hitza ez betetzea eta, aldi berean, Udalaren ondasunak ipintzen jarraitzea tratu txarrean oinarritutako ikuskizunaren mesedean.

    EGUZKI, 2018ko otsaila


    Partekatu - Compartelo