Aire Garbiak erraustegiaren aurkako manifestazioan parte hartzera deitu eta Lasarte-Oriak oso biriziklatze-tasa eskasa duela nabermendu du
2018-02-22
Partekatu - Compartelo
Hainbat lasarteoriatar bart, manifestaziora joateko dei egiten.
Erraustegiaren aurkako Mugimenduak manifestazio berri bat egingo du Donostian, datorren larunbatean. Aire Garbiak lasarteoriatarrei parte hartzera dei egiten die, eta seguru gaude primeran erantzungo dutela, orain arte erraustegiaren aurka antolatu diren beste hainbat mobilizaziotan erantzun duten bezala.
Manifestazioaren lema bikoitza da: “Erraustegia gelditu!” eta “Birziklapena sustatu!”. Txanpon bereko bi aldeak dira. Izan ere, zenbat eta gehiago birziklatu, gero eta ageriagoan geratuko da erraustegia, pertsonen osasunari, ingurumenari eta herritarron poltsikoei kalte egiteaz gain, ez dela inola ere beharrezkoa.
Gauzak horrela, zein da birziklatzearen sailkapenean Lasarte-Oriak okupatzen duen postua? Ba, paradoxa bada ere, erraustegiak gehien kaltetu ditzakeen herrietako bat delako, Lasarte-Oria gutxien birziklatzen dutenetako bat da. Zehatz-mehatz, egunotan bertan ezagutu ditugun datuen arabera, 2017an, Lasarte-Oria izan zen, Donostiarekin batera, San Marko Mankomunitatean gutxien birziklatu zuen herria. Bere gaikako bilketaren tasa, Gipuzkoako batez bestekoaren azpitik ez ezik, Mankomunitatearen beraren batez bestekoaren azpitik ere badago. Eta kontuan izan behar da San Marko dela Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea. Beraz, Lasarte-Oria azken putzetakoa da; oso modu nabarmenean, gainera. Datuen irakurketa kritikoa, udalerriek lortutako emaitzen taula konparatiboa barne, honako esteka honetan aurkitu dezakezu:
Nolanahi ere, bada saihestu ezin den ondorio bat: Lasarte-Oriako Udalak ezin du bere erantzukizunari muzin egiten jarraitu, eta, behingoz, gaikako bilketa eraginkorra ahalbidetuko duen sistema ezarri egin behar du.
Egia esan, birziklatzearekin zerikusia duten gauzak alde batera utzita ere, Lasarte-Oriako Udalak badu nahikoa lan zaborra biltzeko sistemarekin. Izan ere, iaz lurpeko edukiontziei buruz enkargatu zituen txostenek berretsi dute herritar guztion ahotan zegoena: lurpeko edukiontzien egoera tamalgarria da, eta, berandu baino lehen, lur gaineko edukiontziekin ordezkatu behar dira.
Lurpeko edukiontziek porrot egin dute. Berandu baino lehen lur gaineko edukiontziekin ordezkatu beharko dira.
Alegia, oraingo sisteman aldaketa sakonak egin behar dira, eta epe laburrean, gainera. Gauzak horrela, gure ustez, Udalak aukera aparta du beharra bertute bihurtzeko eta zaborren % 60 gaika biltzea ahalbidetuko duen sistema ezartzeko, % 60 baita leku guztietan gutxienekoa kontsideratzen den tasa.
Ez da zerbait utopikoa. Zaila ere ez da. Izan ere, Gipuzkoako udalerri askok eta askok dagoeneko lortu dute. Halaber, hori lortzeko eredu bakarra ere ez dago. Hainbat daude, herri bakoitzaren berezitasunetara zeharo egokitu daitezkeenak. Gainera, fundamentuzko parte-hartze prozesu batek soluzioak doitzen eta batez ere sistema berria sozializatzen lagundu lezake, dudarik gabe.
Baina horretarako funtsezko zerbait aldatu behar da: orain arte, “Lasarte-Oria birziklatzearen alde” propagandako eslogana baino ez da izan; hemendik aurrera, berriz, Udalaren bene-benetako borondatearen isla izan beharko luke.
Bien bitartean, lasarteoriatarrok bi eginkizun ditugu: bata, inposatu nahi diguten erraustegia salatzea, eta, horri dagokionez, larunbatean berriz ere aukera bikaina izango dugu; bestea, birziklatze-bidean pausoak ematen jarraitzea, ez baitugu ahaztu behar, birziklatutako plastikozko ontzi bakoitzeko edo konpost bihurtutako gramo organiko bakoitzeko, erraustegia eraikitzeko arrazoirik ez dagoela agerian uzten ari garenik.