“Langileok ere erraustegia gelditu!” gogoeta- eta mobilizazio-eguna, martxoaren 20an
2018-03-12
Partekatu - Compartelo
“Langileok ere erraustegia gelditu! Badago alternatiba!” lemapean, egun osoko gogoeta- eta mobilizazio-eguna antolatu du Erraustegiaren aurkako Mugimenduak sindikatu gehienekin eta beste hainbat eragilerekin batera. Izan ere, ekimenarekin bat egin dute ELAk, LABek, CCOOk, ESK-k, Steilasek, EHNEk, Hiruk, COBASek, Biolurrek, Baserri XXIek, OlatuKoopek eta Donostia Bizirik-ek. Gainera, martxoaren 20koaren aitzakian, Gipuzkoako ehun enpresa-komite baino gehiagok erraustegiaren kontra daudela adierazi dute.
Hona hemen martxoaren 20ko egitaraua, bene-benetan mamitsua:
Hemendik aurrera, berriz, ekimen honen antolatzaileek aurkezpen-prentsaurrekoan adierazitakoa…
Urteak daramatzagu salatzen gutxi batzuen negozioa gipuzkoarron osasuna zein ingurumenaren gainetik jartzen ari direla eta herritarron beharrei erantzuteko beharrezko baliabideak erraustegira (des)bideratzen ari direla. Errauskailuak Gipuzkoako biztanleria osoaren osasuna eta bizitza baldintzatuko lituzke. Jardunaldi hauen bidez, modu berezian, langileon bizi eta lan baldintzak erdigunean kokatuko ditugu, langileok ere dinamika honetan eragile zein subjektu aktibo izan behar dugulako, hitza eta erabakia gureak ere badirelako.
Jardunaldiaren antolatzaileek ozenki eta garbi adierazi nahi dute badirela hondakinen kudeaketaren inguruan errausketa baino irtenbide osasuntsuago, merkeago eta ekologikoagoak, lanpostu gehiago sortzen dutenak, azken batean ekonomia zirkularren pausuak jarraituz guztiok jasoko genituzkeela onurak.
Birziklatuz, berrerabiliz eta murriztuz, hondakinen kudeaketa iraunkorra da alternatiba. Ingurumena eta pertsonak erdigunean jarriko dituen jendarte eredu berria eraikitzeko, aldaketa soziala eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen ditugu. Beraz, martxoaren 20ean langileok hitza hartu eta erabakia aldarrikatuko dugu.
Martxoaren 20ko egitaraua aurkezteko, Donostiako Udaletxean eskainitako prentsaurrekoa.
Ehun enpresa-batzorde baino gehiagok adierazitakoari buruzko informazio gehiago jakin nahi izanez gero, sakatu honako esteka honetan: