Albistea

  • Belartzako harri isurketa EAEko Auzitegi Nagusira

    2018-05-24
    Partekatu - Compartelo

    Belartza 2 Gelditu Plataformak Haritzalde Naturzaleen Elkartearen eskutik Bilboko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salaren aurrean apelazio-errekurtsoa aurkeztu duela adierazi nahi dugu.

    Belartza harrobia 3 harria txikitzen

    Ezaguna denez, aurretik Donostiako Udalak emandako baimenaren aurkako elegitea aurkeztu genuen argi eta garbi Legearen kontrako ekintza zelakoan. Baimenak Mercadona eraikitzeko, hura kokatu behar zen harrobitik ateratako hondakin eta harriak Belartza Goikoan, eremu natural batean, isurtzea ahalbidetzen zuen, 4 ha okupatuz.

    Naturzaleok eta bizilagunok Administrazio-egintza horren berrikusketa eta berraztezketa lortzeko eskubide legalari eutsi egiten diogu justiziaren babesa eskatuz. Horretarako gure abokatuek Udalaren erabakiaren aurkako zuzenbidean oinarrituriko argukiaketa sakona eta zorrotza prestatu dute, gure ustez emandako baimenak ez baitu oinarri juridikorik, eta horregatik hain zuzen ere erabaki hura baliogabetzea eskatzen dugu.

    Edozein kasutan, agerian da isurketak helburu jakina eta interesatua zuela, indarrean dagoen Legediaren arabera baimendutako hondakindegian bukatu behar zuena Belartzan bertan behin betiko uztea alegia. Baina gauza ez zen hor gelditu eta materialeak kutsatuta egoteko zantzu eta aztarnak izan arren, toki ezberdinetara eraman zituzten haiekin etekin ekonomikoak lortze aldera. Izan ere, kamioi andana ibili zen bueltaka harriak Arbaizenea, Astigarraga eta Orioko obra ezberdinetara eramanez. Hori guztia JR Becerra parlamentariak Eusko Legebiltzarrean salatu zuen joan den azaroan.

    belartza_web

    Bestalde, azpimarragarria da martxoan, Udaletxean bertan eta Hirigintza Zinegotzia aurrean zutela, sustatzaileen ordezkariek beraiek han geunden herritarroi aitortu zigutena. Zur eta lur gelditu ginen materialen isurketa goiko lursailean Belartza 2ko makropoligonoa egiteko aurretik aurreikusitako ekintza zela, hots, nahita bota zituztela bertan harriak oraindik onartuta ez dagoen proiektua egiteko! Iruzurra horrela aitortzeak eta Zinegotziak ezer entzun ez balu bezala jarraitu izanak aho bete hortz utzi gintuzten. Enrique Ramosek 20 hilabeterako emandako baimena duela hilabete asko agortu zen, eta Udalaren esku dago kenduaraztea edo beraiek kentzea sustatzaileen lepora. Orain arte ez du horrelakorik agindu eta bitartean Belartza 2ko proeiktu berriaren inguruan negoziatzeko iruzurra egin zioten sustatzaileekin elkartzen da maiz.

    Bi urte luze daramatzagu isurketa nahiz emandako eta orain errekurrituriko baimena burututako egintzen azpijokoa dela salatzen, paisaia eta balore na- turalak nahita kaltetu dituena. Udalaren baimena aldi baterako bazen ere eta mugadata gaindituta egon arren, badirudi Udalari erabilitako trikimailuaren jakitun izatea bost axola zaiola eta, gure ustez, ilegala zen baimen hura eman bazuen, orain legez kontrako egintzak ez dituela ekidingo dirudi. Konplizitaterik gabe, ulertezina.

    2016an eginiko martxa-bukaera, legez kanpo egin dituzten betelanetan.

    2016an eginiko martxa-bukaera, legez kanpo egin dituzten betelanetan.

    Ez da, beraz, kasualitatea Udalaren geldotasuna eta jarrera pasiboa. Udala irregulartasunaren jakitun izanda, orain errekurritutako aldi baterako zen isurketa-baimena betiko bilakatzeko asmo horri indar guztiz kontra ez badio egiten nahitaezko laguntzaile bilakatuko luke. Merkataritza gune erraldoi berriak Anoeta bezalako 24 futbol-zelaein azalera hartuko luke eta badirudi araudiaren gainetik egingo bada ere Udala hura laguntzeko prest dagoela.

    2018/05/16

    Belartza2 Gelditu!

    Haritzalde naturzaleen Elkartea


    Partekatu - Compartelo