Bizkaiko hondartzei buruzko eta saneamendu-gabeziei buruzko elkarrizketa Eguzkiri
2018-06-25
Partekatu - Compartelo
Garikoitz Plazaola, Eguzkiko kidea.
Uribe Kostako hondartzetako uretan kutsadura fekala atzeman dutelako, hondartza horietan bainua hartzeko debekua indarrean egon da hainbat egunez. Hori dela eta, Bizkaiko Hitzak Eguzkiko kide Garikoitz Plazaola elkarrizketatu du. Oso elkarrizketa egoki eta argigarria da. Hemen irakur dezakezu.
Hala ere, badaezpada, hemen ere transkribatzen dugu.
Natalia Salazar Orbe / Bizkaiko Hitza
Hainbat herritar aztoratu ziren joan den astean Uribe Kostako hondartzetan bainua hartzeko debekua ezarri zutelako. Bandera gorria zegoen, baina itsaso zakarrik ez. Gero jakin zen ur zikinen kutsadurak eragin zuela debekua. Garikoitz Plazaola (Andoain, Gipuzkoa, 1971) Eguzki talde ekologistako kidea da. Saneamendua hobetzeko beharraz mintzatu da. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoarekin hitz egiten ere saiatu da Bizkaiko Hitza, baina esan dute ez dutela emango elkarrizketarik.
Astebetetik gora egon da bandera gorria hainbat hondartzatan ur zikinek eragindako kutsaduragatik. Zer gertatu da?
Uraren Agentziako teknikariek eman diguten informazioaren arabera, eurite oso indartsu eta jarraituak egon dira, eta horrek ur pilaketa sortu du saneamendu sistema osoan. Galindoko [Sestao] hondakin uren araztegiak gainezka egin du, eta, ondorioz, kasu hauetarako prest dauden huste uneak ireki behar izan dituzte. Hala, saneamenduko ur zikinak, tratatu gabe, itsasadarrera isuri dira. Galindoko araztegiko urei dagokienez, lehen mailako tratamendua soilik egin ahal izan diete; alegia, hondakin solido handiak kendu besterik ez. Egun batean baino gehiagotan bakterioz betetako ura isuri dute itsasadarrera. Ondorioz, hondartzetako uraren kalitatea jaitsi egin da, bainua hartzea ezinezko egiteraino.
Ohikoa da euri jasa handiak daudenean ur zikinak araztu gabe isurtzea?
Ekaitzak leku sakabanatuetan gertatu ohi dira. Kasu honetan, ordea, euri jasa horiek orokorrak izan dira, zabalduak. Horrek eragin du jasotako ur kopurua handia izatea. Hala ere, badirudi Bilbo Handiko saneamendu sarean urtean behin baino gehiagotan irekitzen direla hodiak itsasadarrera ura isurtzeko. Datu zehatza ez daukagu.
Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren arabera, kutsadura ez dute eragin araztegietatik atera diren emariek, baizik eta araztegietara iritsi gabe behar bezalako tratamendua jaso ez duten urek.
Bi gauza gertatu dira: 200.000 metro kubiko isuri dira zuzenean saneamendu sistematik. Eta ia beste 200.000 isuri ditu Galindoko araztegiak berak, guk daukagun informazioaren arabera.
Zer-nola dago saneamendu sarea? Urdaibain ere, biosferaren erreserba izan arren, osatu gabe dago. Ba al daukazue Bizkaiko egoeraren argazki osatua?
Ez, ez daukagu datu zehatzik. Guk ere salatu izan dugu behin baino gehiagotan bereziki deigarria dela Urdaibaiko kasua. Batetik, Bilbo Handia kenduta Bizkaian dagoen biztanle bilgune handiena delako —itsasadar osoa kontuan hartuta— oraindik urak araztu gabe isurtzen dituena. Bestetik, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbari buruz ari garelako. Deigarria da Euskal Herrian babes neurririk handiena daukan eremua delako, Bardearekin batera. Baita, itsasadarra izanik, bere uretan eta inguruan sortzen diren ekosistemengatik ere. Eta hain justu, leku horretan, ur zikin asko eta asko zuzenean isurtzen dira itsasadarrera. Bertako hainbat hondartzatan ere —gehienetan— ekaineko egun batean debekatuta egon da bainua. Hala ere, gertakaria ez da izan Bilbo inguruan bezain iraunkorra.
Normala da 2018an saneamendu sare osatu eta egoki bat ez izatea?
Ustez, izan beharko genuke. Kontua da, batetik, administrazioek ez diotela behar adina garrantzi eman saneamendu sistema osatu eta egin beharreko tratamendu guztiak egiten dituena edukitzeari. Horren eraginez, gizarteak ere ez dio ematen duen garrantzia. Jendeari galdetuz gero, joera horrek eraginda, ia ziur garrantzi handiagoa emango diete lurretik gora egiten diren eraikuntzei lurretik beherako azpiegiturei baino. Eta saneamendu sistemaren zatirik handiena lurpean egiten da. Bestetik, benetan ez da inbertitu behar zen beste. Jaurlaritzaren aurrekontuak eztabaidatu direnean, behin baino gehiagotan salatu dugu nola saneamendu gaietarako aurrekontua murrizten joan diren urtez urte. Iazkoa izan zen, oker ez banaiz, goraka egiten hasi zen lehena. Horren guztiaren ondorioz, Bizkaian zein beste herrialdeetan saneamendu sarea atzeratuta dago. Eusko Jaurlaritza ez da errudun bakarra, ordea. Berdin esan genezake estatuaren zein aldundiaren inbertsioei buruz. Hala ere, aldundiek, proportzioan, esfortzu handiagoa egiten dute.
Salatu duzue erakunde eta administrazio publikoek ez dutela eman informaziorik. Nori zegokion azalpenak ematea?
Jokabide arrunta da. Uraren Agentziak, Bilbo Bizkaiko Ur Partzuergoak eta Osasun Sailak ez dute ohiturarik era horretako informazio jarraitua emateko. Herritar askoren kexak jaso ditugu guk gertatu denari buruz galdezka: ea isuri larririk gertatu ote den Bilboko portuan eta beste galdetzen zuten. Jendeari informaziorik ematen ez zaionean, edo informazio hori egokia ez denean, espekulazioari zabaltzen zaizkio ateak. Alarma soziala eragin dezake informazioa ez emateak. Bestetik, gure eskubidea ere bada informatuta egotea. Zer gertatzen da sorosleek hondartzatik alde egiten dutenean? Bandera jaitsi egiten dute. 21:00etan banoa hondartzara, ez dakit ura kutsatuta dagoen. Kartel bat jarriko zuten nonbait abisatzeko. Baina ez banoa espresuki bertara, ez dakit ur hori ez dela egokia bainurako. Jakitun dira ez dutela informazioa ematen.
Iturria: GUK Getxo
Kaltea gertatu da jada, baina berriz errepika liteke. Zein baliabide beharko litzateke gauza bera ez gertatzeko?
Zaila da epe motzeko neurriak hartzea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datu bilketa bat egin beharko litzateke, eta ikusi benetan zein den egoera: zenbat hoditeria dagoen ur zikinak eta garbiak bereizita eraman ditzakeena. Zerbait egon behar du; izan ere, ekaitz tankeak eraikitzen ari dira, eta eraikitzen jarraitzeko asmoa dute. Tankeon helburua da orain jasan dugun gertakari baten antzekoen aurrean arazoak saihestea. Ekaitza dagoenean eta hoditeriatik araztegiak araz dezakeena baino ur gehiago doanean biltegi bezala jokatzen duten guneak dira. Egoera normaltzen denean, pixkanaka hortik ura ponpatzen joaten dira, araztu ahal izateko. Ekaitz tanke horiek egitea da irtenbide bakarra? Era horretako eraikuntzez bete behar dugu lurpea? Oreka bilatu behar dugu. Hoditeria bikoiztu daiteke gune batzuetan? Ikusi beharko da kasu bakoitzean zer den egokiena.