Eguzkik eta Ríos con Vidak Ereñotzuko presa botatzea eskatu dute
2018-07-01
Partekatu - Compartelo
Gaur egun ez du funtziorik; izokinari eta beste arrain-espezieei, berriz, traba handia egiten die, non eta Urumeako Kontserbazio Bereziko Eremuan.
Eguzkik eta Ríos con Vidak Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari eskatu diote bertan behera uzteko Ereñozuko zentral hidroelektrikoari Urumeatik ura hartzeko eman zion eskubidea, eta, ondorioz, presa eraisteko. Kontuan izan behar da presa hori Urumeako Kontserbazio Bereziko Eremuan bertan dagoela, Natura 2000 eremuan, alegia, eta izokinari eta beste arrain espezieei traba handia egiten diela.
Elkarteok eskaera egin dute eskubidea eskuratu zuen enpresa, Central Hidroeléctrica de Rentería izenekoa, Energiaren Euskal Erakundeak eta Oreretako Udalak osatua, ofizialki desagertu delako. Halaber, azken hiru urteotan, behintzat, zentralak ez du funtzionatu.
Gainera, Konfederazioak enpresari Urumeatik 4.000 l/s hartzeko eskubidea eman zion, baina bi baldintza jarrita: bata, gutxienez 1.600 litro segundoko emari ekologikoa errespetatzea eta, bestea, izokin-eskala egokia eraikitzea. Alabaina, denboraren poderioz agerian geratu da zentralak sarri ez duela errespetatu gutxienezko emari ekologikoa eta izokin-eskalak baldintza minimoak ere ez dituela betetzen. Foru Aldundiak Urumeako arrain-eskalen gainean eginiko txosten batek argi eta garbi esaten du Ereñozukoak ez diela izokinei behar bezala pasatzen uzten. Gainera, eskala non dagoen kontuan izanda, oso mantenu zailekoa da. Beraz, egitura-akatsak, batetik, eta mantenu-zailtasunak, bestetik, eskalak ez du baldintza betetzen eta, horrez gain, Kontserbazio Bereziko Eremuaren helburuak ere urratzen ditu.
Eskalak ez du minimorik betetzen.
Aipatutako arrazoietako edozein (enpresa desagertzea, hiru urtez ez funtzionatzea, baldintzak ez betetzea edota KBEren helburuak urratzea), berez, nahikoa da Konfederazioak enpresari eman zion eskubidea bertan behera uzteko eta, ondorioz, presa botatzeko. Urumean bioaniztasuna sustatzeko aukera paregabea da, ezbairik gabe.
Ura hartzeko eskubideak bertan behera uztea eta ibai barruko oztopoak kentzea (are gehiago aspalditik funtziorik ez dutenean eta oso oztopo garrantzitsuak direnean, kasu honetan bezala) ibaiak hobetze-bidean helburu nagusietakoak dira.