Albistea

  • Eusko Legebiltzarrak Ingurumen-delituen aurkako benetako unitate baterantz.

    2018-07-05
    Partekatu - Compartelo

    Aho batez hartutako erabaki garrantzitsua honek. 2019ko aurrekontuetan bere isla izatea espero dugu orain.

    Arrainak hilda kutsaduraren ondorioz.

    Arrainak hilda kutsaduraren ondorioz.

    Pauso garrantzitsua eman zuen pasa den ekainaren 28an Eusko Legebiltzarrak, EH Bilduren proposamenez: ingurumen-delituak jazartzeko egitura oso bat sortzearena.

    Kontuan izan behar dugu, erkidego mailan, paper hori Ertzantzari dagokiola ( basozainak, miñoiak, Urako ikuskariak… ahaztu gabe baina izaera sektoriala edo lurralde jakin bati lotua dute). Eskumen horren ondorioz, Ertzantzak badu ingurumen alorra lantzen duen azpisail bat baina hau  egun hutsaren hurrengo da, 8 kidez osatuta baitago unitatea. Bai ongi irakurri duzue, 8 lagun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako, ikerketak, azterketak, polizia judizial lanak e.a. egiteko.

    Horregatik, beste hainbat pertsona, elkarte eta eragileren moduan, lan sendo eta jarraitu bat egiten aritu gara legegintzaldi honetan Eguzkikook, ia alderdi guztiekin izan ditugu  harremanak eta gai honek duen garrantzia eta premia ikustarazten saiatu gara. Publikoki ere maiz salatu izan dugu EAE-k eta Ertzantzak bereziki, alor honetan duen zuloa, Ertzantzaren izaera integrala ingurumenera ez dela iritsi aldarrikatuz.

    Lindane baso bat (ai kimiko kutsakorra), aurreko mendetik gaur egun arte kondondu ez den arazo bat

    Lindane baso bat (ai kimiko kutsakorra), aurreko mendetik gaur egun arte kondondu ez den arazo bat

    Orain, gobernuari bereziki baina baita oposizioari ere, ingurumenarekin lotutako gaietan oso ohikoa ez den aho batekotasuna praktikara eramatea dagokie. Berehala lanean hastea espero dugu baina ikuspuntua bereziki 2019ko aurrekontuetan jarrita dugu gai honetan (mahai interinstituzionala eta bestelakoak gutxietsi gabe), hor ikusiko baitugu alderdi ezberdinek Legebiltzarraren agindu hau betetzeko duten benetako asmoa.

    Hona hemen Gasteizko Legebiltzarrean onartutako mozioa eta batzarraren bideoa:

    1. Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio indartu dezala Ikerketa Kriminalaren eta Polizia Judizialaren Buruzagitzaren menpeko ingurumen- delituen taldea eta bultzatu dezala bere ikerkuntza-ahalmena. Talde horrek, bere zereginak behar bezala betetzeko, ezein arau-hauste edo delitu zigorrik gabe geratzen ez dela bermatzeko behar diren giza baliabideak, baliabide materialak, teknikoak eta prestakuntzakoak edukiko ditu.

    2. Legebiltzarrak Segurtasun Sailari eskatzen dio delitu horien prebentzio- lana sakondu dadila komisarietan. Helburu horrekin berarekin, prestakuntza espezifikoko ikastaroak egingo dira, batez ere Ertzaintzaren begi-ikuskapenetarako taldeentzat, aipatu delitu-tipologien laginak hartzeko teknikei buruzkoak. Halaber, protokolo espezifiko bat landuko da partikularrek komisarietan aurkeztutako ingurumen-alorreko salaketak jasotzeko, erraztasunak emateko salaketa horiek aurkezteko eta ahalik eta modurik osoenean jasotzeko, ondoren bide judizialetik izapidetzeko.

    3. Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio instituzio arteko batzorde bat eratu dadila, non sartuko diren Segurtasun Sailaren eta Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ordezkariak, udaltzaingoko pertsonalak dituzten aldundi eta udalekin batera, ingurumen-arloko arau-hauste eta delituen aurrean jarduteko euskal plana garatzeko. Aipatu planak, urtebeteko gehienezko epean onetsi beharko denak, jasoko ditu, gutxienez, jarduera-protokolo eta -prozedurak, administrazio bakoitzaren eta kasu bakoitzeko agentearen erantzukizunak, kasuetan parte hartuko duten agentzien arteko koordinazioa eta taktika operatiboen egokitzapena ingurumen-arloko arau- hauste eta delituen ikerkuntzaren beharrizanen arabera.

    4. Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio ezen, legealdi honetan zehar, foru-aldundiekin elkarlanean eta instituzio bakoitzaren eskuduntza- eremua errespetatuz, Estatuko oinarrizko legedia bultza dezala agente baso-ingurumeneko kidegoari buruzko lege edo foru arauen bidez, profesional horiek ingurumenaren zaintzarako funtzioak eta agintaritzaren agente gisa duten eskuduntza eraginkortasunez betetzeko.

    5. Legebiltzarrak foru-aldundiei gomendatzen die, horretarako haien eskuduntza propioak erabilita, oihanzaingoko eta ingurumen-zaintzako pertsonala eta agintaritzaren agente gisa duten funtzioak indartzeko ahalegin irmoa egin dezatela, eta baita euren funtzioak bermeekin betetzeko beharrezkoak diren baliabide tekniko zein materialak eta etengabeko prestakuntza eskaintzekoa ere.

    6. Legebiltzarrak udaltzaingoko pertsonalak dituzten udalei eskatzen die pertsonal horiek irakatsi, prestatu eta baliabidez hornitu ditzatela, ingurumenaren arloan esleituta dituzten funtzioak egoki betetzeko.

    Gasteizen, 2018ko ekainaren28an


    Partekatu - Compartelo