Ura agentziak berretsi du Mijoa errekaren egoera “txarra” dela, kutsaduraren ondorioz, eta egoera horrek “larriki” urratzen duela ezarritako kalitate-helburua
2018-07-10
Partekatu - Compartelo
Saturraran edo Mijoa errekako egoera ekologikoa “txarra” da, eta, aztertutako adierazle biologiko guztien arabera, “larriki” urratzen du ezarritako kalitate-helburua; izan ere, helburu hori Mijoa egoera ekologiko “onean” egotea da. Horrelaxe adierazi du Ura agentziak berak, EAEko ibaien egoera ekologikoari buruz urtero egin ohi duen txosten plazaratu berrian (*).
Zein da, ordea, egoera txarraren arrazoia? Hori ere argi eta gabi esaten du txostenak: kutsadura. Zehatz-mehatz, kutsadura organikoa. Bestela esanda: oinarrizko sanemendu-lanak falta dira.
Isuri kutsakorrak etengabeak dira Mijoan.
Gauzak horrela, Eguzkik behar bezainbestetan gogoratuko du instituzioek Gipuzkoan 2007. eta 2011 bitartean hainbat lan hidrauliko egiteko hitzarmen bat sinatu zutela, eta Mijoako saneamendua lan horietako bat zela. Baina finantziazio gehiena Jaurlaritzak ipini behar zuen eta, urte hauetan guztietan ipini ez duenez, proiektua ez da burutu. Plan Hidrologiko berriak (2016) berriro aurreikusten du proiektua gauzatzea, oraingoan 2016 eta 2021 urte bitarteko epean. Baina garbi dago Gobernuak ez duela presa handirik. Izan ere, lanok 3,6 milioi euro inguruko aurrekontua dute eta Jaurlaritzak momentuz 100.000 euro baino ez ditu ipini.
Mijoa, Bisoi Europarra Babesteko Plan Bereziaren barruan sartuta dagoen arren, bioaniztasuna itortzen duen estolda hutsa da, gaur egun. Uraren txostenean bertan irakur daiteke “kalitate ezin txarragoa” duela eta “ingurumena muturreraino degradatuta” dagoela. Mijoako isuriak Saturrarango eta Ondarroako hondartzetan nabaritzen dira, eta kiratsak, berriz, San Jeronimoko eta Pikupeko bizilagunek aditu behar izaten dituzte.