Kutsadura Kontxatik desagertu da, baina alor honetan Udalak dituen informazio-gabeziek hor jarraitzen dute
2018-07-12
Partekatu - Compartelo
Loretopea. Argazkiaren iturria: diariovasco.com
Analisi berriek erakutsi dute Loretopean egunotan atzemandako kutsadura desagertu egin dela. Horren ondorioz, bandera gorria bertan behera geratu da. Ane Oyarbide zinegotziak ohar bat plazaratu du (gaur bai, gaur ohar bat plazaratu du) eta esan digu uraren kalitatea berriro ere “bikaina” dela eta bainatzea “guztiz segurua”. Beraz, lasai egon gaitezke.
Pozten gara, jakina, baina jarraitzen dugu pentsatzen Udalak arazoak dituela herritarroi hondartzetako kutsadura-kasuen berri azkar eta taxuz emateko. Gaur “bainatzea guztiz segurua” dela esanez ohar bat plazaratu duen bezala, astelehenean ere plazaratu zezakeen, “bainatzea guztiz segurua” ez dela ohartaraziz. Ez zuen egin, ordea, eta soil-soilik atzo arratsaldean gai honen inguruan komunikabideetan zalaparta pixka bat sortu ondoren (*), aurkitu da gaur azalpenak eman beharrean.
Hona hemen Udala alor honetan behar bezala informatzen ari ez den adibide garbia: Udalaren beraren webgunean oraindik ez dira enteratu Loretopean kutsadura-kasu bat egon denik; izan ere, jarraitzen dute eskaintzen joan den asteko analisien emaitzak (**).
Ados, kutsadura-kasu puntual hauen garrantzia ez da hanpatu behar (nahiz eta, kontuz, bandera gorria ipini beharra, bi egunetan jarraian kutsadura atzeman delako, ez zaigun txantxetako kontua iruditzen), baina gutxiestea ere ez dugu ametituko. Eta, gure ustez, zinegotzia gutxiesten saiatu da. Zera esan du: “Bainatzeko uraren kalitate-muga pixka bat gainditu zen”. Ez, zinegotzi andrea, “pixka bat ez”. Pixka bat izan balitz, uraren kalitatea “bikaina” izan ordez, “ona” litzateke. Pixka bat gehiago izan balitz, berriz, “ona” izatetik “nahikoa” izatera pasatuko litzateke; kasu horretan, beharbada, bandera horia ipini beharko litzateke eta bainatzea “libre” izan ordez, “kontuz bainatzea” aholkatuko litzateke (badakizue, gehienez hamar-hamabost minutuko bainua eta gero dutxa ur gezarekin). Hain justu, kutsadura “pixka bat” ez zelako, bandera gorria altxa eta “ez bainatzeko” aholkua eman zen. Beraz, “pixka bat” ez.
Horrela jarraituz gero, zinegotzia ezingo da gero kexatu baldin eta baten batek susmo txarra hartzen badio Udalak alor honetan duen informazio-politikari. Zertaz ari garen? Ea hondartzekin lotutako adibide batekin ondo azaltzen dugun… Udalak ez du batere arazorik etengabe oharrak eta adierazpenak egiteko Ondarretako harriei buruz, eta gai horrek ez du zerikusirik osasun publikoarekin. Kutsadurak, berriz, bai, badu, baina gai honi buruzko ohar ziztrin bat plazaratzea kostatzen zaio Udalari, egunotan ikusi dugun bezala. Ematen du Udalak nahiago lukeela oharkabean pasatuko balitz.
Ez ba. Udalak naturaltasunez eta fundamentuz informatu behar ditu herritarrak, derrigortuta dago, arazoa beraien osasunari bete-betean baitagokie.
Eguzki, 2018ko uztailaren 12an
(*) Eguzkik plazaratutako oharrak ere izango zuen zerikusirik, noski, zalaparta pixka horrekin:
(**) Arratsaldeko 6ak jota argitaratu dugu albiste hau. Bada, ondoren, alegia, arratsaldeko azken-azken orduan, joan den asteko emaitzak kendu eta Loretopeko azken analisia baino ez dute jarri: “bikain”. Ez dago beste hondartzei buruzko informaziorik. Imajinatzen dugu bihar osatuko dutela. A ze fundamentua!