Aldundia bere aurkako salaketa penala artxibatzeko saiakeran, Aralarko pista eraikitzeagatik.
2018-07-20
Partekatu - Compartelo
Doniturrietatik Eniriorako bidea. Eraiki nahi duten hurrengo zatia, denon artean gelditzen ez badugu.
Landarlan eta Eguzkik helegite-idatzia aurkeztu dugu, artxibatu ez dadin.
Natura eta ingurumena babesteko ardura duten Gipuzkoako Aldundiko bi hautetsi (Aristimuño eta Asensio) epaitzen eta ikertzen ari dira bide penalean, lurralde antolaketaren aurkako delitu batengatik. Ertzaintzak egindako txosten teknikoak argigarriak izan dira: Goroskintxu eremuan egindako legez kanpoko pistak eragin ditu ingurumen inpaktu handiak, hain zuzen, Aralarko Parke Natural eta Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE), Natura 2000 Sarean babestua.
Izan ere, oraingoan eta inongo lotsarik gabe EAJk eta PSOEk eusten duten duten foru gobernuak, ikertzen ari den espediente penala artxibatzeko eskatu dio epaitegiari. Aldundiaren helburua da epaitegiaren eta jendartearen aurrean inongo zarata egin gabe igarotzea. Horrela, saiatu nahi du legez kanpoko obra honetan duen ardura penalaren larritasuna izkutatzea, habitat naturalen eta mehatxatutako hainbat espezieen gainean ingurumen eragin larria sortu ondoren, bere jardueraren ondorio ezkorrak biderkatuz.
Landarlan eta Eguzkik eremu babestu honen kasuan ingurumen justizia indarrean egon dadin lanean jarraituko dugu, askoz ere indar gehiagoz jakinda prozesu penal honetan inputatu eta ikertzen ari direnak Gipuzkoako ingurumen agintari gorenak direla. Horregatik[, Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra eta Landarlan Elkartearen izenean, helegite-idatzi bat aurkeztu dugu epaitegiaren aurrean, bertan Aldundiko bi hautetsi hauek bultzatutako prozesu judizialaren artxibaketa-eskaeraren aurka agertuz.
Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra eta Landarlan Elkartea Donostian, 2018ko uztailean.