Albistea

  • Gipuzkoak ubarroi mottoduna kudeatzeko planik gabe jarraitzen duela salatu du Eguzkik

    2018-10-11
    Partekatu - Compartelo

    Ubarroi mottodun bikote bat. Argazkia: José Herrero.

    Ubarroi mottodun bikote bat. Argazkia: José Herrero.

    Luzamenduak behingoz alde batera utzi eta ubarroi mottodunaren Kudeaketa Plana Gipuzkoan lehenbailehen onartu beharra dagoela berretsi du Eguzkik, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legeak aurreikusten duen bezalaxe. Gipuzkoak alor honetan duen atzerapenari tamaina hartzeko, kontuan izan Bizkaiak 2006an onartu zuela ubarroi mottodunaren Kudeaketa Plana.

    Plan hori hainbat elkarte naturzaleren aspaldiko eskaera da, baina, iaz, Natura 2000 Sarea itsasoan garatzeaz arduratzen den Life Intermares proiektu europarrak ubarroi mottoduna bereziki aztertu eta zaindu behar diren espezieen artean zerrendatu zuen. Gauzak horrela, Eguzkik, 2017ko urriaren 11n, idatzi bat bidali zion Gipuzkoako Foru Aldundiari, Kudeaketa Plana behingoz egiteko eskatuz.

    2017ko azaroaren 17an, Aldundiak erantzun zigun. Labur-labur, honela zioen:

    “Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda arautzeko den 167/1996 dekretuaren 8. artikuluaren arabera, kudeaketa planak bakarrak izango dira Euskal Autonomi Elkartean, eta espeziea dagoen herrialdeko foru organoek onetsiko dituzte. Plan horiek Eusko Jaurlaritzako Industri, Nekazaritza eta Arrantza Sailarekin koordinaturik idatziko dira.

    Plana beraz, berdina izan behar du bi lurraldetarako , eta plan berri bat idatzi beharko litzateke edo Bizkaiko plana egokitu beharko litzateke Gipuzkoara. Dokumentu bateratu hori idaztea Eusko Jaurlaritzari dagokio.

    Ubarroi mottodunaren kudeaketa planaren gaia espezie mehatxatuen jarraipen batzordean planteatuko da, komeni den aztertzeko. Batzordea Eusko Jaurlaritzak deitzen du eta hiru foru aldundiek parte hartzen dute”.

    Erantzun hura eman zigunetik urtebete pasatu da eta jarraitzen dugu Planaren berririk izan gabe. Horregatik berriro jo dugu Aldundiagana, jakiteko ea espezie mehatxatuen jarraipen-batzordean gaia aztertu duten eta nolako ondorioekin.

    Bertan habia egiten duten bi dozena bikote baino ez

    Ubarroi mottoduna (Phalacrocorax aristotelis) ur hegazti bat da. Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan “kaltebera” moduan sailkatuta dago. “Kaltebera” moduan sailkatuta daude “berei edo beren habitatei eragiten dieten aurkako faktoreak berehala zuzenduak ez badira, ‘galzorian’ egoteko arriskua duten espezieak”. Alde horretatik, adierazgarria da ubarroi mottoduna arrano beltzaren, arrano arrantzalearen, sai zuriaren edota mokozabalaren kategoria berean sailkatuta egotea.

    Gipuzkoan, ubarroi mottoduna, kumatzaile gisa, galdutzat jo zen 60. eta 70. hamarkadetan. Egun, bataz beste bi dozena bikotek kumatzen dute Getaria eta Hendaia bitarteko kostan, besteak beste, Ulian eta Jaizkibelen, Natura 2000 Sareko parte diren guneetan.

    Ubarroi mottoduna Estatu espainolean ere guztiz babestuta dago, jakina. A gehiago Atlantiko eta Kantauri itsasoan bizi den subespeziea (Phalacrocorax aristotelis aristotelis), hori baita mehatxatuena. Izan ere, Hegaztien Liburu Gorrian “Arriskuan” kategorian sailkatuta dago.

    Ubarroi mottodunak gaur egun dituen mehatxurik handienak honako hauek dira:

    1. Gizakiok sortutako trabak.
    2. Arrantza-sareetan nahi gabeko harrapaketak
    3. Espezie inbasoreen erasoak
    4. Itsas kutsadura

    Gipuzkoan, giza-jarduerak izan dira espezie honen gainbeheraren erantzule, dudarik gabe. Arestian esan bezala, galdutzat ere eman zen. Talde naturzaleek behin baino gehiagotan salatu dute parapente eta antzekoen hegaldiak, kainaberako arrantzaleak, ontziak edota txangozaleak ubarroi mottodunaren kolonietara gehiegi gerturatzeak espezie hau habiak abandonatzera eraman dezaketela. Halaber, beste espezie murgilariek bezala, ubarroi mottodunak amu- zein sare-arrantzaren zeharkako biktima izan daiteke.

    Eguzki, 2018ko urrian


    Partekatu - Compartelo