Tintoleta edo marrazo urdina babesteko neurriak oraindik ez dira Ondarroara iritsi
2018-11-22
Partekatu - Compartelo
Ohituta gaude marrazoen gehiegizko arrantzari buruzko dokumentalak ikusten. Baina hilketa horiek beti “urruti” gertatzen dira, itsaso exotikoetan. Honako hau, berriz, hemen dugu, Ondarroan.
Basafauna Migratzailea Babesteko Konbentzio edo Hitzarmenean hobekuntzak egin dira eta horietako bat tintoleta, marrazo urdina edo kaela deritzon espezieari dagokio (Pionace glauca). Izan ere, ofizialki onartu da espezie hori kontserbazio-egoera txarrean dagoela eta, ondorioz, babes-neurriak hartu behar direla. Hala ere, astelehenean bertan Ondarroan ateratako argazkiok ikusita (tartean heldu gabeko aleak eta guzti antzeman daitezke), begi-bistan dago babes-neurri horiek hutsaren hurrengo direla, edo oraindik ez direla iritsi. Ez, behintzat, aipatutako portu bizkaitarrera.
Lehen planoan, kaela txiki-txikiak, heldu gabeak.
Ministro Kontseiluak irailaren 7an eman zien bide aipatutako Basafauna Migratzailea Babesteko Konbentzioren hobekuntzei. Estatuaren Komunikazio Idazkaritzak Kontseiluan erabakitakoari buruzko informazioa honako izenburu honekin zabaldu zuen: “Sei espezie migratzaile babesteko neurriak onartu dira”. Espezie horietako bat tintoleta da, eta, esan bezala, irailaren 7az geroztik ofizialki kontsideratzen da kontserbazio-egoera txarrean dagoela. Horren ondorioz, Konbentzioa sinatu duten estatuek elkarlanean neurriak hartzeko konpromisoa hartu dute.
“Tintoletaren kasuan –irakur daiteke Ministro Kontseiluari buruzko informazioan bertan–, Espainak kontserbazio aktiboko neurriak indarrean ditu 2009tik, eta, gaur egun, debekatuta daude tintoleta harrapatzea (tretzaren bidez ur azalean izan ezik), itsasontzi barruan edukitzea eta salerostea” (sic).
Bada, etortzeke omen dauden babes-neurriak eraginkorragoak izango dira, zeren eta orain arteko “kontserbazio aktiboko neurrien” eredu Ondarroa bada…