Albistea

  • Itsasoan gertatzen dena gure etxe parean hasten dela berriro ere agerian geratu da

    2019-02-05
    Partekatu - Compartelo

    Oria_Tolosa2Eskuineko argazkian Ikus dezakegun bezala, hondakin mordo bat pilatuta zeuden Oria ertzean,Tolosan, Armeria enparantzatik oso gertu. Baten batek ibaira zuzenean bota zituen. Baina hondakin horiek dagoeneko ez daude bertan, urak eraman dituelako. Hondakinak eta zaborrak ez daudelako gure zain, uraren menpe baizik, eta, neurririk hartu ezean, hola gertatu da berriro ere. Eta non bukatuko dute? Itsasoan, noski. Gero eskandalizatuko gara itsas ertza plastikoz beteta dagoelako.

    Eguzkikook beti esan izan dugu ibaiak plastikoen autobideak direla eta horren froga dira irudiok. Honako bi bideootan ere lehena eta oraina ikus daitezke:

    https://www.youtube.com/watch?v=fgDQzaCdv2g&feature=youtu.be

    https://www.youtube.com/watch?v=sRkaSGyhdIQ&feature=youtu.be

    Gero eta gehiagotan ari gara ikusten eta entzuten itsasoan gero eta plastiko eta zabor gehiago daudela, eta kalte izugarriak sortzen ari dela. Gauzak horrela, ibaiara zaborrak botatzeak ez du batere laguntzen, alderantziz baizik. Sekula ez dugu jakingo zenbat kilo hondakin bukatzen diren itsasoan jokabide hauen ondorioz, eta ondo egongo litzateke jakitea, oraindik kontziente ez diren herritarrak kontzienteago izan daitezen.

    Oria_Tolosa1

    Dakigunez, azken urteetan Tolosako Udalak, Aldundiak, AZTIk eta Ekolurrek izokinak askatu dituzte leku berean, Arrainen Migrazioaren Nazioarteko Egunean, eta guztiz txalotzekoa da, baina zaborraren kontra ere aritu beharra dago. Horregatik, Tolosako Udalari honako hau eskatzen diogu:

    Jendea horretan heztea, gero eta kontzienteagoa izan dadin. Holako jarrerak lekuz kanpo daudela, onartezina dela gaur egun ibaira edozer botatzea, eta danok behartuak gaudela hondakinak bere lekura botatzera, horretarako herri osoan edukiontziak eta hondakin-ontziak sakabanatuak dauzkatela. Ez dago gertakizun honi buruzko justifikaziorik, danon eskubideak urratu egiten duelako. Udalak mezua honen bozgorailua izan beharko luke.

    Abagune polita dauka Tolosako Udalak esku artean. Ezer galtzeko, eta dana irabazteko daukagu.

    Herriak, ibaiak eta itsasoak eskertuko dute.

    Gorka Alberdi eta Asier Manso, Eguzkiren izenean


    Partekatu - Compartelo