Legealdia hasi bezain pronto, Eneko Goiaren udal gobernuak zezenketak berrezarri zituen. Gauzak horrela, eta betiere Udaletxean aho batez onartutako Partehartze Araudiari jarraituz, Donostia Antitaurina Orain! plataformak 10.000 herritarren sinadura bildu zituen, behar bezala egiaztatuak, eta, sinadura horiek oinarri, Udalari eskatu zion donostiarren artean galdeketa egiteko, ea baliabide publikoak –batik bat Illunbeko instalazioak– zezenketak egiteko uzten jarraitu behar zuen ala ez.
Goiak galdeketa egingo zela agindu zuen, baita data ezarri ere: 2017ko otsailaren 19.
Baina asteartean data hartatik bi urte beteko dira, legealdia bukatzear da eta ez dugu galdeketarik izan. Egia da PPk berehala Estatu-makineria martxan jarri zuela galdeketa zapuzteko. Baina hori bezain egia da Goiak ez duela emandako hitza betetzeko inolako borondaterik erakutsi.
Hala ere, izan dugu bitarte honetan donostiarron iritzia ezagutzeko parada, izan ere, eta Udalak berak diru publikoz burututako inkestan, donostiarron %70etik gora zezenketen aurkako dela nabarmendu nahi dugu.
Zentzu horretan, eta helburua herritarron iritzia bildu eta errespetatzea baldin bada, Eneko Goiak zuzentzen duen udal gobernuak jaramon egin beharko lioke datu horri: Estatuak galdeketa eragotzi baldin badu, baina donostiarrok gure iritzia eman baldin badugu (inkestaren bitartez, besteren ezean), udal gobernuak zezenketak diren ankerkeria eragotzi beharko luke.
2018an, gainera, EAEko Auzitegi Nagusiak udal instalazioak Udalak kudeatzeko duen autonomia berretsi zuen, hots: Udalak badu Illunben zezenketarik antola ez dadin eskumena. Bere esku dago.
Alkate jauna, herritarron nahia ezagutzeko eta errespetatzeko bideak ezarriko zenituela agindu zenuen. Bete ezazu zeure hitza!