Argi eta itzalen manifestazioa eta sirena-hotsa balkoietatik klima-aldaketaren eta kutsaduraren aurka
2020-04-24
Partekatu - Compartelo
Aste honetan, hilaren 22an, Lurraren Eguna “ospatu” dugu eta 26an, berriz, Gernikako bonbardaketaren eta Txernobylgo hondamendiaren urteurrenak izango dira. Testuinguru honetan, gaur bertan, hilak 24, eta igandean klima-aldaketaren eta kutsaduraren aurka egingo diren ekimenen berri eman nahi dizuegu. Biek ala biek herritarren parte-hartzea eskatzen dute, balkoietatik, noski, eta bizi dugun osasun-krisiarekin ondo lotutako diskurtsoa dute.
GAUR GAUEAN, ARGI ETA ITZALEN MANIFESTAZIOA
Ekimen horietako lehena, argi eta itzalen manifestazio berritzaile bat, gaur ostiralean bertan izango da. Klimaren aldeko Aliantzak (Eguzkik bertan parte hartzen du) eta beste hainbat taldek “Klimaren aldeko ekintza globala” izenburuko kanpaina bat sustatu dute eta kanpaina hori burutuko du argi eta itzalen manifestazioak. Izenak adierazten duen bezala, argiak eta itzalak proiektatu beharko dira balkoietatik 22:00etatik aurrera. Nola, ordea? Esteka honetan aurkituko dituzu txantilioiak, tutorialak, hotsak eta beste:
IGANDEAN, SIRENA-HOTSA “KUTSADURAREN PANDEMIAREN AURKA
Igandean, berriz, bada beste deialdi bat 12:00etan balkoietatik sirena-hotsa entzunarazteko. Helburua kutsadura “pandemia” salatzea da. Izan ere, Euskal Herrian urtero 2.500 pertsona hiltzen dira kutsaduraren ondorioz. Kanpaina honen deialdian espresuki aipatzen dira Gueñesko Glefaran, Muskizko Petronor, Zaldibarko zabortegia eta Zubietako erraustegia. Eta gogorazten da zientzialariek ohartarazi dutela kutsadurak nabarmen handitzen dituela COVID 19ren hilkortasuna eta hedapena. Ekimen honen diskurtsoa ederki asko azaltzen du Gorka Otxoa aktoreak bideo honetan: