Albistea

  • Euskal balea uste baino arinago ari da desagertzen: 356 buru baizik ez dira geratzen itsasoan

    2020-11-06
    Partekatu - Compartelo

    Euskal baleak

    Sardako balea bere umearekin Kanada pareko uretan. (Argazkia: Canadian Wildlife Federation)

    ARGIA. Euskarazko Wikipediak euskal balea eta sardako balea deitzen dio. Frantsesezkoak baleine franche de l’Atlantique nordbaleine noire de l’Atlantique nord eta baleine de Biscaye. Gaztelaniazkoak ballena franca glacial eta ballena de los vascos. Ingelesezkoak ere euskaldunokin lotzen du Eubalaena glacialis Ipar Atlantikoko balea: “Euskaldunak izan ziren espezie hau salerosketarako ehizatzen lehenak. Bale harrapaketan Bizkaiko Golkoan hasiak ziren XI. menderako. Baleok hasieran funtsean koipetarako [hirietako kaleak koipez argiztatzeko] ehizatu zituzten, baina haragiaren kontsebatzeko teknologiak aurrera egin ahala elikagai bezala ere hartu zuten garrantzia”. Bizkaiko Golkoan estreina eta ondoren Europa inguruko itsasoetako baleak suntsitu ahala, euskaldunok jo behar izan genuen Islandia, Groenlandia eta gaur Kanada osatzen duten lurraldeetaraino balearen irrikitan.

    Jakina zen sardako balea estintziora zihoala, baina orain North Atlantic Right Whale Consortium elkarteak ohartarazi duenez desagertze hori gerta liteke oso denbora laburrean, 10-12 urteko epean. 2018ko urtarrilean AEBetako Itsas Arrantza Zerbitzuak (NOAA Fisheries) kalkulatu zuen 412 zirela bizirik geratzen ziren sardako bale bakarrak, urte bete beranduago 366 buru kontabilizatu zituzten eta orain 356tara apaldu dute kopurua. Azken hiru urteotan 31 balea hil dira eta 11 gehiagok zauri hilgarriak jaso dituzte AEB eta Kanada inguruetan, kopuru ofizialetan. Baina gauza da, adituen ustez, hildako baleen gorpu gehienak ez direla sekula aurkitzen eta ziur daude heriotza kopurua askoz handiagoa dela.

    Geratzen diren azken baleak ere, ofizialki inork ehizatzen ez dituen arren, jarraitzen dute hein handi batean arrantzaleen biktima izaten: hiltzen jarraitzen dute bapore  handiek arrantzarako darabiltzaten sare, soka, kable eta beste tresnetan trabatu eta zaurituta.

    Bada are albiste txarragorik: jadanik ez da geratzen bizirik 70 balea eme umedun baino gehiago espezie honetan. Kopuruok ikusita, adituak beldur dira azken balea desagertuko dela 10 edo 20 urte baino lehenago. Menturaz orduan iritsiko zaie euskaldunei garaia beren historiari begiratu eta munduko itsasoetan egin dituzten (eta oraindik ere egiten dituzten) sarraski izugarrietaz publikoki hitz egiteko. Agian orduan festarekin eta kantekin baino autokritikarekin ospatuko dugu gure izena hartu zuten baleetatik gure kostara hurbildu zen azken hura akabatu genuen eguna.

    Peio Zubiria


    Partekatu - Compartelo