Ekainaren 13an, EGUZKI Gernikan izan zen, beste talde askorekin batera, Guggenheim Urdaibai Stop herri-plataformaren aurkezpenean, Urdaibaiko museoaren proiektuaren aurka.
Ekitaldian hainbat irregulartasun eta informazio falta salatu zen. Sinadurak biltzeko kanpaina herrikoia iragarri zen.
EGUZKIk gure hondar ale txikia jarriko du basati hau Urdaibaiko Biosfera Erreserban eraiki ez dadin.
Hemen duzu HITZAk argitaratu duen laburpen ona.
“Zentzuz jokatzeari deialdi bat egin gura diogu”. Horrela hasi zuten ekainak 13an Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformako kideek Urdaibaiko museo proiektuaren aurkako aurkezpena. Gernika-Lumoko Elai Alai aretoa eskualde osoko herritarrez lepo agertu zen, Murueta eta Gernika-Lumo artean egin gura den egitasmoaren aurkako “ezezko borobila” adierazteko. Ana Urrutia eta Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarra izan ziren hitza hartzen lehenak. Guggenheimen proiektuaren aurkako herri mugimendua “anitza eta kolore politiko guztietakoa” dela argi utzi gura izan zuten lehenik eta behin. Etxebarriazarraga izan zen Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformaren adierazpena irakurri zuena. Irakurketa horregaz nabarmendu zuten “makroproiektuaren zati batzuk bakarrik” azaldu zaizkiela herritarrei, “ustez pertsonak erdigunean ipiniko dituela saldu denean”.
Informazio faltaren eta denetariko irregulartasunen aurrean, helegiteak aurkeztu dituztela ere plazaratu zuten herri mugimenduko kideek, baina atzera bota dizkietela ere bai. Hain zuzen ere, iragan otsailean eskutitz bat bidali zuten New Yorkeko Guggenheim Fundaziora, 22 herritarrek sinatuta. Ez dute, baina, erantzunik jaso ez fundazio ipar-amerikarraren, ez euskal administrazioaren aldetik. Beren eskaerek noranzko argia dute: “Hausnarketa bide kolektibo bati heltzea, ingurunea eta pertsonak lehen lerrora ekarriz”.
Erroxeli Ojinaga: “Egitasmoa garatzeko zortzi alternatiba proposatu ditugu. Erantzun bakarra jaso dugu: utzikeria eta isiltasuna”
Urdaibai Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Erreserba Biosfera bakarra izateak “errespetu handiagoa merezi duela” nabarmenduta, hizlariek argitu zuten Urdaibaiko Guggenheimen proiektuak nahitaezko baldintza bat beharrezko duela, aurrera egingo badu: “lurraldearen usurpazioa“. Horregaz lotuta, galdera bat luzatu zieten egitasmoaren sustatzaile eta defendatzaileei: “Gauza bera egingo al zenukete Yellowstonen edo Yosemiten? Argi dugu ezetz”. Hitza hartzen hurrengoa Erroxeli Ojinaga Zain Dezagun Urdaibai plafatormako kidea izan zen. Ojinagak proiektuak legedi aldetik urratzen dituen ertzak aurkeztu zituen. Alde anbientaletik, “guztiz ukaezinak eta errespetatu beharrezkoak diren araudiak” daudela azpimarratu zuen: “Izan daiteke CEPA ziurtagiria edota Kosta Legea. Proiektu batek, arauok babesten dituzten natur baldintzak jazartzen badituzte, ezingo du Europatik diru laguntzarik jaso. Beraz, biosferako nukleo eremu ukiezinetik kanpo, egitasmoa garatzeko zortzi alternatiba proposatu ditugu. Erantzun bakarra jaso dugu: utzikeria eta isiltasuna”.
Edorta Jimenez: “Zein leku edukiko du gure nortasunak, gure hizkuntzak, gure musikak, gure arteak, gure tokiko komunikabideek eta, oro har, gure kulturak urtero-urtero hartuko ditugun 140.000 bisitarien artean?
Kultura non geratuko? Edorta Jimenezek, ZDU eta Urdaibaietz! egitasmoetako kide legez, Blas de Otero idazlearen aipu bategaz abiatu zuen bere parte hartzea: “Guk hitza eskatzen dugu, bakea nahi dugulako. Eta, hitza ematen ez bada, ez dago bakerik”. Era berean, 60ko hamarkadan puri-purian egondako ideia bat irauli zuen mundakar poetak. “Indarkeriaren kontra, indarra leloa bolo-bolo zebilen orduko apaiz batzuen ahotan. Guk kulturkeriaren kontra, kultura leloa lau haizetara zabaldu gura dugu”. Jimenezek tokiko kultur ekoizpena bultzatzeko baliabide, azpiegitura eta borondate falta dagoela nabarmendu zuen. “Zein leku edukiko du gure nortasunak, gure hizkuntzak, gure musikak, gure arteak, gure tokiko komunikabideek eta, oro har, gure kulturak urtero-urtero hartuko ditugun 140.000 bisitarien artean?”.
Horrez gain, museoen kudeaketa, Kultura Sailarena barik, Turismo Sailaren ardurapekoa izatea “datu adierazgarria” dela aipatu zuen. Datu sorta horren aurrean, beste idazle baten aipua baliatu zuen, Gabriel Aresti bilbotarrarena. “Arestik, Lemoizko zentral nuklearraren proiektua enarari begiak ateratzea litzatekeela esan zuen Ogellan, eta guk Gernika-Lumon diogu Murueta moduko leku batean Guggenheim makroproiektua egitea gure enarari begiak ateratzea dela”.
Iñaki Uriarte: “Bizkaiko Labe Garaiak Sestaorentzat, Sigma Elgoibarrentzat edota Euskalduna Bilborentzat zirenaren parekoa da Dalia Gernika-Lumorentzat”
Beste tentakuluari buruz. Muruetako museoaz gain, Gernika-Lumoko Dalia lantegi zaharraren eraikinean egin gura duten proiektuaren beste garroa eta egoitza biak Oka ibaiaren ertzean eta paduretan barrena lotuko dituen bide berdea ere ahotan eduki zuten atzo. Ondare historiko eta artistikoan aditua den Iñaki Uriartek argi utzi zuen: “Bizkaiko Labe Garaiak Sestaorentzat, Sigma Elgoibarrentzat edota Euskalduna Bilborentzat zirenaren parekoa da Dalia Gernika-Lumorentzat. Bere iraganaren gordeleku da, herriaren identitatearen erakusleetako bat”. Horrenbestez,Dalia okupatzea eta ezabatzea “herriaren historiaren zati esanguratsu bat beste barik deuseztatzea” litzatekeela nabarmendu zuen, “marketin zein merkatutekniarik bortitzenak lanabes hartuz”.
Iratxe Arriola: “Ez da hausnarketarik egin egitasmo demagogo eta esperpentiko horrek eskatuko duen lekuz kanpoko ur kantitatearen inguruan”
Iratxe Arriola Busturialdeko Ur Partzuegoko lehendakari izandakoak “estres hidrikoa” jorratu zuen. Guggenheimen proiektuak beregain dituen ingurumen politika “ankerrak” salatu zituen eatarrak, eta administraziotik “saltzen” diren zentzuzko politikekin “zerikusirik ez dutela” argudiatu zuen: “Egun, ur edangarriagaz egiten dira jarduera ia denak, horrek dakarren estres hidrikoagaz. Hori gutxi balitz, ez da hausnarketarik egin egitasmo demagogo eta esperpentiko horrek eskatuko lukeen lekuz kanpoko ur kantitatearen inguruan. Zentzuzko jokabide politikotik gutxi du horrek».
Ibilbide gidatu bidez, arte eta historia ondarea landuko dituzte
Urdaibaietz! eta ZDUk antolatuta, Ondare historiko artistikoa arriskuan ibilbide gidatua egingo dute domekan, 10:30ean, Gernika-Lumoko Pasealekuan hasita. Iñaki Uriartek eta Edorta Jimenezek ariko dira gidari. 5,5 km-ko ibilbidea egingo dute, 13:30ean Astran amaitzeko. Izena emateko, 646 77 60 01 telefono zenbakira edo zainurdaibai@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da.