Bidegorria eraiki ahal izateko egonkortu behar diren bi tuneletako bat.
Urolako Bide Berdea osatzea ahalbidetuko duen Iraeta-Narrondo bidegorriaren proiektua BERRIZ ERE aurkeztu dute Iñaki Arriola Garraio sailburuak eta Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak. Eta BERRIZ ERE aurkeztu dute inolako autokritika edo etengabeko atzerapenei buruzko azalpenik gabe.
Eta zergatik esan dugu proiektua aurkeztu dutela BERRIZ ERE autokritika-zantzu txikienik gabe? Bada, lanei urte hasieran –agindutako epean, alegia– ekin ez zietelako, batetik, baina, bestetik, Zumaiako eta Zestoako alkateek jakinarazi zutelako oraindik sinatu gabe zegoela proiektua aurrera ateratzeko herri-erakundeen artean sinatu behar zuten hitzarmena. Apirilean, berriz, Aldundiak, asuntua zergatik egon zen urtebetez geldirik azaldu gabe, ohar bat zabaltzeko kopeta izan zuen, hitzarmena “berehala” sinatuko zela esanez, “argi berdea” bazela eta.
Delako “argi berdeari” oraindik pixka bat kosta zaio iristea, baina Gobernuak eta Aldundiak esan berri dutunez, trenbide zaharreko tunelak egokitzeko obrak “datozen egunetan” esleituko dira. Tunelak egokitzeaz gain, bidegorria bera eraiki behar da. Beraz, lanek gutxi gorabhera hiru urte iraungo dute, exekuzio-epea “30 eta 32 hilabete artekoa” baita. Ea oraingoan horrela den.
Dena dela, Iraeta-Narrondo proiektua bidegorrien eta mugikortasun jasangarriaren aldeko konpromisoaren isla gisa BERRIZ ERE saldu nahi izateko kopeta ere behar da. Izan ere, proiektu hau bizikileta-bideen planak zer puntutaraino urratzen ari diren adibide garbi baino garbiagoa da. Behin baino gehiagotan salatu dugunez, planak barraskiloen abiaduran doaz edo, hobeto esan, barrastilo motelen abiaduran.