Albistea

  • Donostiako udal-gobernuak zabor-tasa %26,54 igo nahi du, Hondakin Legearen aitzakian, baina ez du Lege horrexek ezarritako birziklatze-helburua betetzeko inolako asmorik

    2024-08-01
    Partekatu - Compartelo

    Zenbat eta nahastutako hondakin gehiago, gero eta diru gehiago zaborretara.

    Zabor-tasa %26,54 igoko duela iragarri du Donostiako udal-gobernuak. Astindu galanta herritarron poltsikoari, alegia. Igoera Hondakin Legeak behartuta dagoela argudiatu du alkateak, eta, beraz, Donostiak ez ezik gainerako herriek ere onartu beharko dutela. Izan ere, Europako erabakien ondorio den Lege horrek agintzen du hemendik aurrera hiri-hondakinen kudeaketa oso-osorik tasen bidez finantzatu behar dela, eta ezingo duela defizitarioa izan, orain arte bezala. Alkateak esan dituenak egia dira, baina egiaren erdia bakarrik. Egiaren beste erdia, berriz, esan ez dituenetan datza. Eta, dakigun bezala, erdizka esandako egiak… ez dira guztiz egiak.

    Zer da, bada, alkateak esan ez duena? Bada, alkateak ez du esan zabor-tasa igotzea agintzen duen Hondakin Lege horrexek berak, 2025erako, gutxienez hiri-hondakinen %55 gaika biltzea ere agintzen duela (1). Eta gaur egun zenbat biltzen du Donostiak gaika? %41,33 baino ez; izan ere, Donostia da Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen herria, alde handiarekin, gainera (2). Egia baita gainerako herriek ere zabor-tasa garestitu beharko dutela, baina herri horiek, gehien-gehienek behintzat, %55eko helburua betetzen dute, erraz asko bete ere. Are gehiago, Gipuzkoako herriek, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuten %55eko helburua, hau da, Legeak ezarritako epean baino bost urte lehenago. Gipuzkoako gaur egungo batez bestekoa %57,16 da, eta handiagoa izango litzateke baldin eta Donostiako eta –maila apalagoan– beste zenbait herritako emaitza kaskarrek jaitsiaraziko ez balute.

    Baina zergatik da hain eskasa Donostian gaikako bilketa? Erantzuna erraz bezain gordina da: udal-gobernuak urte hauetan guztietan alor honetan ezertxo ere egiteari espresuki uko egin diolako. Zergatik? Erraustegiari jaten eman behar zaiolako, hondakinen kontu hau glamour gutxikoa delako… edo alor honetan utzikeria nagusitu zaiolako, besterik gabe. Beharbada, denetatik pixka bat, auskalo. Baina, esan bezala, kontua da urte hauetan guztietan ezertxo ere egiteari espresuki uko egin diola (3).

    Errefuxako ontzia izan beharko lukeena, praktikan, hondakin guztiak nahastuta botatzeko erabiltzen da. Hori aldatzeko neurriak hartu behar ditu Udalak.

    Puntu honetara iritsita, litekeena da irakurleren batek bere buruari zera galdetzea: “Kontxo, Legea betetzeko tasak igotzen badituzte, %55eko helburua betetzeko plan bat ere izango dute; beharbada ez 2025ean, dagoeneko astirik ez dago-eta, baina bai 2026an… edo, behintzat, arrozoizko epe batean, ezta?”. Bada, ez. Hiri Mantzentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Carlos Garcíak orain dela aste batzuk esan duenaren arabera, Udalak “auzoren batean”, “proba gisa”, zaborra nahastuta hartzen dituzten edukiontzietan itxiera- eta irekiera-txipak jartzeko asmoa du. Hori da guztia. Ez dago besterik aurreikusita. Eta, gainera, zinegotziak aitortu du horretarako ere ez dagoela eperik (4).

    Hondakin Legean, hitzaurretik beretik, argi eta garbi geratzen da helburua dela hondakinak murriztea eta dituzten ondorio kaltegarriak ahal den modurik onenean kudeatzea, bereziki giza osasuna eta ingurumena babesteko, baita ekonomia zirkular eta karbono gutxiko bidean aurrera egiteko ere. Beraz, hori da helburua, eta helburu orokor hori, 2025rako, %55eko gaikako bilketan zehaztuta dago. Tasa-politika helburua lortzeko tresna bat baino ez da, Legeak aurreikusten dituen beste tresna batzuk bezala. Donostiako udal-gobernuak, ordea, tresna baliatu nahi du, helburua ahaztuta.

    Gauzak horrela, tasak %26,54 igotzea, Legea betetzeko aitzakian, baina aldi berean Lege horrexek berak ezartzen duen %55eko helburua urratzea –are gehiago urratze hori arrozoizko epe batean zuzentzeko inolako bide-orririk ez dagoenean– sekulako iruzurra iruditzen zaigu. Iruzurra Legeari, herritarroi eta, jakina, ingurumenari. Udal-gobernuak ezin du Legea bete komeni zaion neurrian soilik.

    Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, hondakinen gaikako bilketan, legez, gutxienezko batzuk bete egin behar dira, eta gutxienezko horiek betetzea ingurumen-politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen iraunkor eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute inolako sinesgarritasunik. Itxurakeria baino ez dira.

    Hemen organikoa biltzeko ontzia falta da. Ez urruti egongo, baina ez da gainerakoekin batera. Dena nahastuta botatzea bereiztea baino errazagoa den neurrian, jai dugu.

    Udal-gobernuak aurreikusitako zabor-tasaren igoerari buruz dugun iritzia inork jakin nahi badu, orain arte idatzitako lerroetan aurkituko du. Hala ere…

    ERTZAK

    Udal-gobernuak aurrikusi duen zabor-tasaren igoeratik harago, hiri-hondakinei buruzko tarifa-politikak baditu goiz edo berandu mahai gainean ipini beharko diren hainbat ertz. Hona hemen horietako batzuk…

    – Hondakin Legeak behartzen du kudeaketa oso-osorik fiantzatzeko tasa bat ezartzera, bai, baina, halaber, Legeak dio “sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak” ezartzeko ere balio behar duela tasa horrek. Hau da, zenbat eta hondakin gehiago sortu, gero eta gehiago ordaindu, “kutsatzen duenak ordaintzen du” filosofiari jarraituz (5). Udal-gobernuak iragarri duen tasa-igoerak ez du pausorik ematen filosofía horren bidean. Alde horretatik, orain arteko tasaren jarraipena da, hau da, oinarri-oinarrian tarifa finko bat da (aurrerago egingo dugu “oinarri-oinarrian” horri buruzko ñabardura bat), organikoaren edukiontzien erabiltzaileei ematen zaizkien hobariek minimoki zuzenduta. Tarifa finkoa antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada, arduraz jokatzen duten herritar birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tasa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute, aurreko puntuan esan bezala, hondakinak etxean gaika bildu beharrean denak nahastuta biltzen badira, lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain, tratamendua nabarmen garestitzen baita. Beraz, “sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak” ezartzea guztiz beharrezkoa da. Egia da, ordea, udal-gobernua orain arte hondakinak gaika biltzeko gutxienezko sistema ezartzeko gauza izan ez dela kontuan izanik, “sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak” ezartzeaz hitz egiteak zientzia fikzioa dirudiela. Eta, hala ere, horretaz ere hitz egiten hasi beharko da berandu baino lehen.

    – Berriro esango dugu: Hondakin Legeak behartzen du kudeaketaten kostu guztiak finantzatzeko tasa bat ezartzera, ados. Baina segun kudeaketa nola egiten den, kostuak handiagoak edo txikiagoak izan daitezke. Aurreko puntuan esan bezala, hondakinak etxean gaika bildu beharrean denak nahastuta biltzen badira, lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain, tratamendua nabarmen garestituko da. Erraza da: zenbat eta hondakin gehiago nahastuta, gero eta tratamendu-kostu handiagoa. Kontu hau gaur egun ere islatzen da mankomunitateek udalei kobratzen dizkieten tarifetan (6). Zehatz-mehatz, San Markok 204,26 euro kobratzen dizkie Donostiari eta mankomunitateko gainerako herriei tonelada bokoitzeko, hondakinak nahastuta baldin badaude. Bereizita bildutako tonelada organikoa, berriz, 163,41 euroan dago. 204,26 edo 163,41. Alde ederra, ezta? Bestela esanda: zenbat eta gaika gutxiago bildu, gero eta diru-sarrera gutxiago berreskuratutako materialen truke, batetik, eta, bestetik, gero eta tratamendu-kostu handiagoa. Horrek kudeaketan sortutako defizita beste baliabide publikoetatik ateratako diruarekin kubritu da orain arte; hemendik aurrera, berriz, tasa igoz kubritu beharko da. Modu batean zein bestean, udal-gobernuak urte hauetan guztietan gaikako bilketa egiteko sistema minimoa ezarri nahi izan ez duelako, zenbat diru galarazi die donostiarrei orain arte? Eta zenbat galaraziko die hemendik aurrera?

    – Ogasun zinegotzi Kerman Orbegozok esan duenez, zabor-tasaren %26,54ko igoerak suposatu dezake urtean 210 euro ordaintzetik 266 euro ordaintzera pasatzea. “Kalkulua lau laguneko familia estandar batentzat egina dago”, argitu du. Egia esan, lau laguneko familiek aspaldi utzi zioten estandar izateari; gaur egun, Donotian batez beste 2,3 pertsona bizi dira etxe bakoitzean. Baina hori alde batera utzita, eta kontuan izanik sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemarik ez dagoela eta indarrean dagoena tarifa “oinarri-oinarrian” finkoa dela, zergatik ibili behar dugu kalkuluak egiten jakiteko zehatz-mehatz zenbat ordaindu behar dugun? Hemen dator aurreko puntu batean indarrean dagoena, “oinarri-oinarrian”, tarifa finkoa dela esan dugunean, sartu nahi izan dugun ñabardura. Kontua da zabor-tasa gaur egun ur- eta saneamendu-tasei lotuta kalkulatzen dela, zati batean, behintzat. Bistan da ur- eta saneamendu-tasek elkarren arteko lotura estua dutela. Baina zabor-tasarekin zer-nolako lotura dute? Ez dute inolako loturarik, ez zuzenik ez zeharkakorik. Kasuistika mugagabea izan daiteke, baina uste dugu honako adibide honekin garbi geratuko dela zer esan nahi dugun: lau laguneko familia batek –tira dezagun Ogasun zinegotziaren hari beretik– seguruena bat, bi edo hiru laguneko beste batek baino ur gehiago kontsumituko du, baina familia horrek etxeko hondakinak behar bezala kudeatzen baditu, bat, bi edo hiru laguneko beste horrek baino errefus gutxiago sor dezake; eta, hala ere, ur gehiago kontsumitzea bere zabor-tasan ere islatuko da, txarrerako islatu ere. Hau uztargarria da sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemekin?

    Alegia, udal-gobernuak aurreikusi duen tarifazotik harago, ertz dezente ditu hondakinei buruzko politika fiskalak, eta mahai gainean ipini beharko dira, momentu batean edo bestean.

    EGUZKI, 2024ko abuztua

    (1) Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lur kutsatuen gaineko 7/2022 Legeak, apirilaren 8koak, Europar Batasunaren 2018/851 Zuzentarauaren helburuak bere egiten ditu. Besteak beste, honela dio:

    Artículo 26. Objetivos de preparación para la reutilización, reciclado y valorización.

    (…)

    c) Para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso…

    d) Para 2030, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 60% en peso…

    e) Para 2035, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 65% en peso…

    (2) Joan den maiatzean argitaratu ziren azken datuak, 2023koak, eta horietan oinarrituta honako irakurketa hau egin genuen: Donostiak azken putz izaten jarraitzen du Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketan, gero eta gehiago, gainera | Eguzki Talde Ekologista

    (3) Gai hauek sakonago jorratu genituen iazko urrian, Ingurumen zinegotzi Marisol Garmendiak Iraunkortasunaren eta Klimaren Behatokiaren urteroko txostenaren aurkezpenean agin zituen adierazpen batzuen haritik: Gutxienez Legeak agindu bezainbeste birziklatzeko neurriak eskatzen dizkio Eguzkik Donostiako Udalari | Eguzki Talde Ekologista. Garmendia gaur egun Espainako Gobernuaren ordezkaria da EAEn. Garbi dago kargu-igoera horrek ez duela zerikusirik Ekologia zinegotzi gisa hondakin alorean izan zituen lorpenekin. Izan ere, zinegotzi-kargua utzi zuen hondakinen kontu hau minimoki bideratu gabe. Horren lekuko dira bere ordezko Carlos Garcíaren adierazpenak, testu honetan bertan jaso ditugunak.

    (4) El chip del contenedor de orgánico se probará en la fracción resto en Donostia | El Diario Vasco

    (5) Legeak, zehatz-mehatz, honako hau dio: “[…] las entidades locales establecerán, en el plazo de tres años a contar desde la entrada en vigor de esta ley [lo hizo en abril de 2022, luego el plazo vence en abril de 2025] una tasa o, en su caso, una prestación patrimonial de carácter público no tributaria, específica, diferenciada y no deficitaria, que permita implantar sistemas de pago por generación y que refleje el coste real, directo o indirecto, de las operaciones de recogida, transporte y tratamiento de los residuos, incluidos la vigilancia de estas operaciones y el mantenimiento y vigilancia posterior al cierre de los vertederos, las campañas de concienciación y comunicación, así como los ingresos derivados de la aplicación de la responsabilidad ampliada del productor, de la venta de materiales y de energía”.

    (6) GAO – Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala – Egoitza elektronikoa – Gipuzkoako Foru Aldundia


    Partekatu - Compartelo