Albistea

  • Linea elektrikoek eta aerosorgailuek hegaztiengan duten eragina murrizteko neurriak eskatu ditu Eguzkik

    2024-08-26
    Partekatu - Compartelo

    Putre bat, Eguzkiko laguntzaile batek linea elektriko baten azpian aurkituakoa.

    Goi-tentsioko lineek eta aerosorgailuek hegaztiengan duten eragina murrizteko dekretu-proiektu bat lantzen ari dela-eta, aurretiazko kontsulta publiko bat abiatu du Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, eta Eguzkik aukera aprobetxatu du alegazioak aurkezteko.

    Eguzkik arazoari modu proaktiboan heltzeko eskatu du, besteak beste, honako neurri hauen bidez:

    • Plangintza hobetzea, eremu bereziki arriskutsuak saihestuz, adibidez, migrazio-bideak edo kumatze-lekuak.
    • Gaur egungo azpiegiturak egokitzea, seguruagoak izan daitezen. Izan ere, Eguzkik alegazioak aurzketu ditu dekretu berri baten aurretiazko kontsultaren baitan, baina, berez, bada konpainia elektrikoak lineak egokitzera derrigortzen dituen dekretu bat, zehatz-mehatz, 1432/2008 Errege Dekretua. Hura indarrean sartu zenetik 16 urte pasatu diren arren, oraindik zenbatezinak dira egokitu gabeko lineak. Alegia, dekretua ez da bete.
    • Arriskuak murrizteko neurriak hartzea eta, horrez gain, neurri berriak ikertzea.
    • Datuak modu sistematikoan biltzea eta aztertzea. Horrela, hilkortasun-patroiak aurkitu ahal izango dira, urtaroaren, meteorologiaren edota instalazioen arabera. Adibidez, aerosorgailu batzuk, beren tipologia edo kokapenarengatik, beste batzuk baino arriskutsuagoak izan daitezke, eta hori datu-bilketa eta azterketatik ondorioztatu daiteke.
    • Biodibertsitatea aintzat hartuko duten politika energetikoak sustatzea.
    • Komunikazio gardena.

    ARAZOA

    Hegaztientzat latza da linea elektrikoen arazoa; pozoien, tiroen edo auto-istripuena baino are latzagoa. Lineotan talka eginda edo elektrokutatuta hiltzen diren hegaztiei gehitu behar zaizkie zentral eolikoetan hiltzen direnak. SEOk 2023an egin zuen azterketaren arabera, basafauna berreskuratzeko zentroetara iristen diren animalien %40 linea elektrikoen kontra talka eginda iristen dira. Hori da lehen kausa. Bigarrena, berriz, legez kanpo harrapatutako aleak dira, %20. Zentroetara iristeko beste kausa adierazgarriak elektrokuzioa eta errepide-istripuak dira, %8na; pozoiketak eta aerosorgailuen kontrako talkak, %5na, eta legez kanpoko ehiza, %3. Alegia, linea elektrikoen kontrako talkak, elektrokuzioak eta aerosorgailuen kontrako talkak, batuta, ingreso guztien %50 baino gehiago dira. Estatu espainolean urtero kausa ez naguralengatik 25 eta 100 milioi hegazti bitartean hiltzen direla kontuan izanik…

    Bai, %50 hori edonola estrapolatuta ere, zenbakiak zorabiatzeko modukoak dira. Baina ez gaitezen zenbakietan kateatu. Gera gaitezen honako ideia honekin: biodibertsitateari dagokionez, talka eta elektrokuzioak ez dira nolanahiko arazo, ez dira arazo txiki bat. Edo, Estatuko Fiskaltza Orokorrak 2019an esan zuen bezala, “[son] intolerables [las] cifras de mortandad de avifauna tanto por electrocución como por colisión”. Hitz hauek agertzen dira urte hartan agintari autonomikoei bidali zien ofizio batean. Ofizio hartan kargu hartu zien arazoari ez heltzeagatik. Zehatz-mehatz, leporatu zien egokitu gabeko lineen jabe diren konpainiei zigor-espedienterik ez irekitzea.

    Aipatu beharra dago hegazti harrapariak, guztiak legez babestuta, arazo honen biktima nagusiak direla. 1432/2008 Errege Dekretuak berak hegazti harrapariak kontserbatzeko arazo nagusitzat jo zuen.

    Joan den maiatzean Gorobel mendilerroan hilik aurkitu zuten arrano beltza, hau ere linea elektriko baten azpian. Iturria: sierrasalvada.blogspot.com

    ETA EUSKAL HERRIAN?

    Ez dago datu zehatzik, ezta gutxi gorabeherako kalkulurik ere. Horrek berak agerian uzten du administrazioek (bereziki alor honetan eskuduntza duten aldundiek) ez diotela arazoari behar besteko garrantzirik ematen. Baina Estatu espainolean arazo latza bada, ez dago arrazoirik pentsatzeko hemen huskeria denik.

    2019an, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen bat egin ondoren, Iberdrola lineak egokitzen hasi zen, 2008ko dekretuak agindutakoaren arabera. Baina bere martxan ari da, presa handirik gabe. Arestian esan bezala, gaur egun egokitu gabe jarraitzen du linea ugarik.

    2020an, berriz, hegaztientzat arriskutsuenak izan daitezkeen linea elektrikoen segimendu eta identifikazioan espezializatutako basozain talde bana sortzeko eta baliabidez ondo hornitzeko eskatu zien Eguzkik EAEko diputazioei. Eskaera ez zuten aintzat hartu.

    2021ean, Arartekoak zera gomendatu zuen: “[eratzea] un protocolo de intervención administrativa para poder exigir al responsable de las líneas eléctricas una adecuada reparación del daño medioambiental provocado por las líneas no adaptadas”. Gomendio hau ere ez zuten aintzat hartu.

    Talka eta elektrokuzioena biodibertsitatea babesteko agedan sartu beharreko arazoa da, baita Euskal Herrian ere. Are gehiago proiektu eolikoak nonahi ateratzen ari direla eta oraindik Energia Berriztagarrien Planik ez dagoela kontuan izanik.

    EGUZKI, 2024ko abuztua


    Partekatu - Compartelo