Albistea

  • Donostiako udal-gobernuak zabor-tasa %26,5 igo nahi du, Hondakin Legearen aitzakian, baina Lege horrexek ezarritako birziklatze-helburua urratzen du

    2024-10-03
    Partekatu - Compartelo

    Errefuxako edukiontzia izan beharko luke. Praktikan, ordea, dena nahastuta botatzeko edukiontzia da. Edukiontzi honinen kudeaketa dago giltza. Udalak, baina, ez du nahi.

    Zabor-tasa %26,5 igoko duela iragarri du Donostiako Udalak. Igoera Hondakin Legeak behartuta dagoela argudiatu du. Izan ere, Legeak agintzen du hemendik aurrera hiri-hondakinen kudeaketa oso-osorik tasen bidez finantzatu behar dela, eta ezingo duela defizitarioa izan, orain arte bezala.

    Bai, baina Lege horrexek berak, 2025erako, gutxienez hiri-hondakinen %55 gaika biltzeko ere agintzen du. Eta gaur egun zenbat biltzen du Donostiak gaika? %41,33 baino ez; izan ere, Donostia da Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen herria, alde handiarekin, gainera.

    Hondakin Legearen helburua ez da tasa igotzea. Tasa-politika Legeak aurreikusten duen tresnetako bat da helburua lortzeko, eta helburua, 2025erako, %55eko gaikako bilketan zehaztuta dago. Donostiako udal-gobernuak, ordea, tresna baliatu nahi du, baina helburua ahaztuta. Hori iruzurra da, Legeari berari eta, jakina, ingurumenari.

    Are gehiago kontuan hartzen badugu Donostiako Udalak helburu hori arrazoizko epe batean betetzeko ibilbide-orri minimorik ez duela. Gipuzkoako udalerri askok hondakinak %60 eta %70 gaika biltzen urteak daramatzatenean, Donostia gehiago kobratzean bakarrik zentratzen da.

    Gainera, Legearen izpirituaren kontra ari da Udala. Izan ere, Legeak zenbat eta hondakin gehiago sortu, gero eta gehiago ordaintzea aurreikusten du, “kutsatzen duenak ordaintzen du” filosofiari jarraituz. Donostian, berriz, tarifa nagusiki finkoa da. Herritarrek berdintsu ordaintzen dute asko, gutxi edo ezer ez birziklatuta. Edonondik begiratuta ere, hori ez da inolaz ere zuzena.

    Hondakinen lau zatikiak (papera, ontzi arinak, kristala eta organikoa) ongi bereizten dituenak %90 ere gaika bil ditzake. Alabaina, hori egiten ez duenak edo erdizka baino egiten ez duenak antzeko tasa ordainduko du. Eta horrek ere Legearen helburua urratzen du. Izan ere, gaika ondo bereizten dutenek hondakinen tratamentua merketzen dute, Udalari diru gehiago lortzeko aukera ematen diote (papera, metalezko ontziak eta salduz) eta natur bitartekoen erabilera murrizten ere laguntzen dute.

    Hori ez da dena, e? Hondakinak gaika behar bezala biltzen dituzten herritarrekiko injustua izateaz gain, sistemak saritzen ditu hondakin-ekoizle handiak. Adibidez… Eguneko bazkaria eskaintzen duen jatetxe batek, batez beste, 50 familiek bezainbeste hondakin sortzen du, baina tasa ez du inolaz ere proportzio horretan ordaintzen. Are gehiago, bere tasa kalkulatzeko ez da kontuan hartuko bere ur-kontsumoa, etxeetako tasa kalkulatzeko egiten den bezala. Zoritxarrez, sortzaile handi hauek dira gaikako bilketan gutxien parte hartzen dutenak, eta, hala ere, mesede-tratua jasotzen dute.

    Esan dezagun, bide batez, Udalak herritarrei bidaltzen dien erreziboa opako samarra dela. Inork gutxik daki zehatz-mehatz zenbat ordaintzen duen hondakinengatik.

    Donostiarrek seguruena ez dakite gasteiztarrak, igoera dela eta, 56 euro pagatzetik 104 pagatzera pasatuko direla, eta donostiarrak, berriz, 210etik 265era.

    Laburbilduz: Eguzkin ez gaude tasa igotzearen kontra, betiere gaikako bilketaren helburuak betetzen badira eta tasa gaikako bilketan egiten den ahaleginaren arabera kobratzen bada.

    Udalak Legez egin beharrekoak egiten ez dituen bitartean, jarraituko dugu esaten igoera hau “tarifazoa” dela.

    EGUZKI, 2024ko urrian


    Partekatu - Compartelo