Albistea

  • Zabor-tasa bi urtetan %30 eta %50 garestitu du Lasarte-Oriako Udalak: komeni zaion neurrian bakarrik betetzen du Hondakin Legea

    2024-11-12
    Partekatu - Compartelo

    Aurtengo martxoaz geroztik edukiontzi grisak irekitzeko txartela behar da. Irudian ikus daitekeenez, askok poltsak kanpoan uzten dituzte. Ikusteko dago hartutako neurri hori nahikoa den %55era iristeko.

    Lasarte-Oriako zabor-tasa aurten %30 igo da eta datorren urtean %50 igoko da. Biak ala biak igoera galantak, eta biak batuta, are gehiago, noski. Alkateak orain dela egun batzuk herritarrei bidali dien gutunean dioenez, igoerak Hondakin Legeak behartuta daude, eta, beraz, Lasarte-Orian ez ezik gainerako herrietan ere antzekoak onartzen ari dira. Izan ere, Europako erabakien ondorio den Lege horrek agintzen du hemendik aurrera hiri-hondakinen kudeaketa oso-osorik tasen bidez finantzatu behar dela, eta ezingo duela defizitarioa izan, orain arte bezala. Alkateak esan dituenak egia dira, baina egiaren erdia bakarrik. Egiaren beste erdia, berriz, esan ez dituenetan datza. Eta, dakigun bezala, erdizka esandako egiak… ez dira guztiz egiak.

    Zer da, bada, alkateak esan ez duena? Bada, alkateak esan ez dituenetako bat da zabor-tasa igotzera behartzen duen Hondakin Lege horrexek berak, paragrafo berean, “sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak” ezartzera ere behartzen duela (1). Hau da, zenbat eta hondakin gehiago sortu, gero eta gehiago ordaindu beharko duela norberak, “kutsatzen duenak ordaintzen du” filosofiari jarraituz. Ogasun Ministerioak udalei Legea nola bete behar duten azaltzeko prestatu duen gidan bertan (2), horixe nabarmentzen da, hizki lodiz nabarmendu ere; alegia, udalek, “urratsez urrats”, sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak ezarri behar dituztela. Hiru urrats-adibide ipintzen ditu. Horietako “oinarrizkoena” –jatorrizkoan, “elemental” adjektiboa erabiltzen du– hondakinen gaikako bilketan parte hartzen dutenei hobariak ematea da, hau da, zabor-tasaren gaineko deskuentoak egitea (3). Esan beharra dago hobari edo deskuento hauek aspalditik daudela indarrean hondakinak biltzeko edukiontzi-sistemak erabiltzen dituzten inguruko udalerrietan.

    Baina Lasarte-Oriako udal-gobernuak erabaki du horri guztiari bizkar ematea eta 2025ean ere zabor-tasan tarifa finkoa ipintzea, hau da, birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek berriz ere kopuru bera ordaintzea. Beraz, udal-gobernuak Hondakin Legea betetzea erabaki du tasaren igoera handiari dagokionez, baina ez sortutako hondakinen araberako ordainketari dagokionez, ezta hobarien urrats “oinarrizkenaren” bidez ere.

    Behin baino gehiagotan esan dugunez, tarifa finkoa antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada, arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tasa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute. Kontuan izan behar da hondakinak etxean gaika bildu beharrean denak nahastuta biltzen badira, lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain, kudeaketa nabarmen garestitzen dela. Izan ere, Lege horrek agintzen du hemendik aurrera hiri-hondakinen kudeaketa oso-osorik tasen bidez finantzatu behar dela, baina kudeaketaren kostea ez da berdina hondakinak gaika biltzen badira edo denak nahastuta. Eta hemendik aurrera koste horiek zuzen-zuzenean norberaren poltsikoan eragina izango dutela kontuan izanda, merezi du arazo honetan pixka bat sakontzea…

    Zenbat eta hondakin gehiago nahastuta bildu, gero eta kudeaketa garestiagoa. Datu argigarri bat: San Markok 204,26 euro kobratzen dizkie Lasarte-Oriari eta mankomunitateko gainerako herriei tonelada bakoitzeko, hondakinak nahastuta baldin badaude. Bereizita bildutako tonelada organiko, berriz, 163,41 euroan dago. 204,26 edo 163,41. Alde ederra, ezta? Bestela esanda: zenbat eta gaika gutxiago bildu, gero eta diru-sarrera gutxiago berreskuratutako materialen truke, batetik, eta, bestetik, gero eta tratamendu-kostu handiagoa. Horrek kudeaketan sortutako defizita beste baliabide publikoetatik ateratako diruarekin kubritu da orain arte; hemendik aurrera, berriz, tasa igoz kubritu beharko da.

    Bada, Lasarte-Oriako udal-gobernua birziklatzaileak zabor-tasa finkoaren bidez zigortzen tematuta dago, besteen axolagabekeria finantzatzera behartzen baititu. Zehatz-mehatz zergatik ez dakigula, urtetan uko egin dio espresuki hobariak onartzeari; ikusi dugun bezala, Ogasun Ministerioaren iritziz, Legeak agintzen duen sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemen bidean urrats “oinarrizkoenak” diren hobari horiexei.

    Ematen du Lasarte-Orian zabor-tasak batetik doazela eta bestetik, berriz, gaikako bilketaren helburuak. Ez ba, Legearen arabera, tasak trsnak dira gaikako bilketaren helburuak lortzeko.

    Ordainketa-sistemarena beharbada ez da izango Lasarte-Oriak urratuko duen Legearen puntu bakarra. Izan ere, Legeak, 2025erako, gutxienez hiri-hondakinen %55 gaika biltzeko ere agintzen du. Gipuzkoako urdalerri gehien-gehienek %55eko helburua betetzen dute, erraz asko bete ere. Are gehiago, Gipuzkoako herriek, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuten, hau da, Legeak ezarritako epean baino bost urte lehenago. Eta Lasarte-Oriak? Gaur egun zenbat hondakin biltzen du Lasarte-Oriak gaika? Bada, askotan esan dugun bezala, Lasarte-Oria, hondakin-kontuetan, Gipuzkoako udalerrien tropelaren atze-atzean dago. 2023an –eskura dagoen azken datua–, %47,58 baino ez zuen gaika bildu. Egia da geroztik neurriak hartu dituela Lasarte-Oriak, beti bezala, ahal den gutxien eta ahal den beranduen, baina hartu egin ditu. %55era iristeko nahikoa izango ote dira? Momentuz, ez dakigu. Alde horretatik, pena da alkateak orain dela gutxi bidalitako gutunean horri buruzko informazio pixka bat emateko aprobetxatu ez izana. Ez baita begi-bistatik galdu behar tasen igoera edo sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak Hondakin Legeak helburu jakin bat betetzeko tresnak direla. Zein den hleburu hori? Ahal den hondakin gutxien sortzea eta ahal den hobekien kudeatzea (4).

    EGUZKI, 2024ko azaroan

    (1) Legeak (BOE-A-2022-5809 Ley 7/2022, de 8 de abril, de residuos y suelos contaminados para una economía circular.) 11.3 artikuluan zera dio: “Las entidades locales establecerán, en el plazo de tres años a contar desde la entrada en vigor de esta ley [beraz, 2025eko apirilerako], una tasa o, en su caso, una prestación patrimonial de carácter público no tributaria, específica, diferenciada y no deficitaria, que permita implantar sistemas de pago por generación y que refleje el coste real, directo o indirecto, de las operaciones de recogida, transporte y tratamiento de los residuos”.

    (2) CUESTIONES-TASA-RESIDUOS.pdf dokumentuaren 2. puntua: “Obligatoriedad de que la tasa/PPPNT que se exija se fije teniendo en cuenta sistemas de pago por generación”.

    (3) Izan ere, hain da “elemental” edo “oinarri-oinarrizkoa” ezen, berez, ez baita urrats bat kontsideratzen sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemaren bidean: Sobre el documento del Ministerio de Hacienda en materia de tasas de residuos

    (4) Jatorrizkoan, gaztelaniaz: “Esta Ley tiene por finalidad la prevención y la reducción de la generación de residuos y de los impactos adversos de su generación y gestión, la reducción del impacto global del uso de los recursos y la mejora de la eficiencia de dicho uso con el objeto de, en última instancia, proteger el medio ambiente y la salud humana y efectuar la transición a una economía circular y baja en carbono”.


    Partekatu - Compartelo