Albistea

  • Angula-arrantzari buruzko helegiteak atzera bota eta biodibertsitatearen aurkako eraso berri bat burutu du Jaurlaritzak

    2024-11-21
    Partekatu - Compartelo

    2024-2025eko denboraldian angula-arrantzaren hainbat alderdi –tartean lizentzia-banaketa– arautzen dituen ebazpenaren aurka Mutriku Natur Taldeak eta Eguzkik jarritako helegiteak atzera bota ditu Eusko Jaurlaritzak. Espero genuen arren, erabaki larria da, horrek esan nahi baitu hemendik egun batzuetara berriz ere angulak arrantzatu ahal izango direla Bizkaiko eta Gipuzkoako errioetan. Eta ez da begi-bistatik galdu behar espeziea, adituen esanetan, “segurtasun-muga biologikoetatik kanpo” dagoela, “egoera kritikoan”.

    Helegiteak, funtsean, honako arrazoi honetan oinarritzen ziren: jarraitzen dugu angula-arrantza profesionalizatzea justifikatzen duten txosten zientifiko eta tekniko guztiak eskuratu gabe. Izan ere, orain arte Bizkaian eta Gipuzkoan, legez, aisialdiko angula-arrantza bakarrik egin da. Alabaina, espeziea biziraupen-egoera kritikoan dagoela kontuan izanik, Europar Batasunak 2023ko urtarrilean hainbat babes-neurri onartu zituen, tartean, aisialdiko arrantza debekatzea. Debeku horri izkin egiteko, angula-arrantza profesionalizatzea erabaki zuen Jaurlaritzak, baina angulak arrantzatzen jarraitzeko erabakia justifikatzen duten txosten guztiek, legez, interesatuen esku egon behar dute, eta guk, espresuki eskatu ditugun arren, ezin izan ditugu eskuratu. Helegiteetan argudiatu dugun bezala, akats horrek ebazpena baliogabe utzi beharko luke.

    Albiste hau aste honetan bertan argitaratu da. Angula “frantsesak” omen dira, Bizkaian eta Gipuzkoan denboraldia oraindik hasi ez da-eta. Galzorian dauden arren, bakar batzuek biodibertsitatea mokaduka jaten jarraitzen dute, prezio ederrean, noski.

    Ez da gure burutazio bat: Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak berak horretaz ohartarazi zuen profesionalizazio-dekretuaren proiektuari buruzko txostenean. Batzordeak egiaztatu zuen Jaurlaritzak, dekretua justifikatzeko, AZTIren txosten bat aipatzen zuela. Txosten horren arabera, arrantza profesionala “zelata-arrantza” edo “arrantza zentinela” izango litzateke, hau da, balioko luke espeziearen bilakaera behatzeko eta, azken batean, kontsebazioan laguntzeko. Baina Batzordeak berak egiaztatu zuen ere txosten hori eta beharbada “derrigorrezkotzat” jo zituen beste batzuk ez zirela espedientean agertzen, eta, beraz, ez zirela erakunde interesdunen eskura egon; ezta berariaz eskatu zirenean ere. Horrek informazioa jasotzeko eta parte hartzeko eskubidea urratzen zuela ondorioztatu zuen.

    Argi dago Jaurlaritzak ez diola jaramonik egin Batzorde Juridikoari; izan ere, oraindik ez ditugu eskuratu angulak arrantzatzen jarraitzea justifikatzen duten txosten zientifiko eta tekniko guztiak. Esaterako, AZTIren txostenaren arrastorik ez dugu. Kontuan izan angula benetan egoera larrian dagoela, “kritikoan”. Hain zuzen ere, orain dela egun gutxi batzuk, 2024ko azaroaren 1ean, ICES Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluak, Europako Batzordeari arrantzaren arloan aholku ematen dion erakunde zientifikoak, berretsi egin du azken urteotan behin eta berriz esan duena: espeziea segurtasun-muga biologikoetatik kanpo dago eta faktore antropikoek –arrantza barne– eragindako hilkortasunak “0 edo 0tik ahal den hurbilen” egon beharko lukeela. Gauzak horrela, Jaurlaritzak erabaki du 2024-2025 denboraldian 550 kilo angula arrantzatu ahal izango direla. Baina ez dakigu kopuru hori kalkulatzeko zer irizpide zientifiko-teknikotan oinarritu den. Halaber, ez dakigu kopuru horrek nola justifikatu dezakeen 150 pertsonen jarduera profesionala, 150 baitira Jaurlaritzak eman nahi dituen lizentziak.

    Eguzki eta Mutriku Natur Taldearen ustez, profesionalizazioaren benetako helburua ez da angula-arrantza EBren erabaki berrietara “egokitzea”, Jaurlaritzak esaten duen bezala, erabaki horiek saihestea baizik. Hitz gutxitan: “zelata-arrantza” kontzeptuak galzorian dagoen espezie baten harrapaketa “errespetagarritasun zientifikoz” eta, nola ez, “iraunkortasunaz” mozorrotzea beste helbururik ez du. Espeziearen populazioen jarraipena egiteko ez dago zertan angulak uretatik atera, are gutxiago urre-prezioan saltzeko eta jateko.

    Profesionalizazio-dekretua Iñigo Urkulluren gobernuak onartu zuen, bere azken bileran. Orduan esan genuen hura kontseilari berriari zabalean egindako dejada zela, eta aukera bikaina zela kontseilari berriak erakusteko biodibertsitatea benetan aintzat hartzen zuen ala diskurtsoak hanpatzeko erabiltzen diren bost duroko hitz potolo horietako bat baino ez zen. Bistan da kontseilariak ez duela pilota bildu eta aukera alferrik galdu duela.

    Mutriku Natur Taldea eta Eguzki Talde Ekologista

     

     

     


    Partekatu - Compartelo