Albistea

  • Lurraren defentsan antolatuz E.H.Biziriken kanpaldia

    2025-05-15
    Partekatu - Compartelo

    Euskal Herria Biziriketik maiatzaren 16-17-18rako antolatu dugun kanpaldiarekin, lurraren suntsiketaren aurrean beste jauzi bat emango dugu. “Lurraren defentsan antolatuz!” hartu dugu lelotzat, elkar ezagutza indartuz lurraren defentsarako borrokan
    ezinbestekoak ditugun jakintzetan sakondu eta beharrezko baliabideez jabetu nahi dugulako. Desjabetu nahi dituzten eremuetan erresistentzia antolatzeko dugun gaitasuna
    erakutsi eta kaleak betetzetik mendiak hartzera pasako gara. Ez dizuegu mendi eta landa
    eremuak suntsitzen utziko!!
    Egun biziarazten diguten krisi sozio-ekologiko larrian inposatu nahi dizkiguten
    proiektuen zentzugabekeria salatzea guztiz beharrezkoa da, norabide honek arazoa
    konpontzetik urrun enpresen irabaziak bermatzea baitu helburu. Guztiz inozoa litzateke
    gure partetik testuinguru honetara ekarri gaituzten enpresari eta politikariek larrialdi
    honetatik aterako gaituztela pentsatzea. Guk argi dugu beste jendarte eredu baten
    eraikuntza guztiz beharrezkoa dela, baina bitartean ez diegu natur baliabideen
    pribatizazio eta suntsiketarekin jarraitzen utziko.
    Euskal Herriko eremu zabaletan lurraren jabetza publikoa da, izan Araba eta
    Nafarroako kontzejuak, Gipuzkoa eta Bizkaiko herri lurrak edo Iparraldeko Mendi
    Sindikatuak adibidez. Eta hauetako askoren kudeaketa batzar bidez egiten dute dagokion
    lurraldeko biztanleek era zuzenean. Eredu hauek tokiko biztanleen beharrak jartzen
    dituzte erdigunean eta ez diru gose ta interes pribatuak.
    Aldiz, AHT, makro-etxalde, zentral eoliko eta solarrak, mehatze etabarrek lurraldea
    interes pribatuen mesederako erauspen eta esplotazio eremu soiltzat baliatzen ditu, ahal
    bezainbat etekin zukutu ostean hondakin toxiko eta arriskutsuz betetzeko lekutzat.
    Lurra artifizializatzen, hormigoiz betetzen badugu, nekez izango dugu aukerarik
    errekuperatzeko.
    Kanpaldia egiteko Arabako Lautadan eta Mendialdearen artean dagoen UllibarriJauregi herria aukeratu dugu. Eremu honek etorkizunera begira, gutxienez, bi mehatxu
    larri ditu: AHTa eta gaizki deituriko “berriztagarriak”.
    Abiadura handiko trenaren afera ez da berria baina honek ez dio egun proiektu honen
    aurka egiteak duen urgentzia kentzen. Kontrara, sinestarazi nahi digutenaren aurrean,
    proiektu honetan azken 30 urtetan 5380 milioi euro gastatu diren arren, momentu
    honetan Hego Euskal Herri guztian oraindik proiektuaren %35 bakarrik eraiki da. Honi
    estazioak, trenak… etab luze bat gehitu behar zaizkio oraindik beste 4000 milioi euro
    aurreikusiz Euskal Yan bakarrik. Datu hauek Espainiako Oscar Puente ministroak berak
    baieztatu ditu, pasa de hilean onartu baitzuen momentu honetan oraindik euskal Y ren
    erdia ere ez dela gauzatu.. Nafarroako datuak aztertuz gero berriz aurrekontuaren %8
    bakarrik gastatu dute eta Ipar Euskal Herrian (Europarekin lotuko gaituen adarra)
    oposizio sozial oso handia duen proiektu bat izanik, momentuz ez dago martxan
    jartzeko aurreikuspenik.
    Lurraldea suntsitu eta zatitu, paisaia betiko izorratu, jendea hirietan metatu, lehen
    sektorea kaltetu eta abar luze bat. AHTa marketing produktu bat besterik ez da baina
    diru asko ordaintzen ari gara eta honek egungo krisi testuinguruaren ondorioak
    areagotzen ditu: hezkuntza, osasuna, etxebizitza eta garraio publikoa okertuz, pentsioak
    jaitsiz, zorra handituz… Honek guztiak agerian uzten du proiektu honen
    zentzugabekeria.
    Makro mailako berriztagarri faltsuen proiektuak Euskal Herri guztian zehar inposatu
    nahi dizkigute, guztira 155 fotovoltaiko eta 82 eoliko zehazki. Berriztagarri faltsuen
    zabalpen masibo honek, argi dago, ez duela egungo jendearen beharrei erantzutea
    helburu, etorkizun laburrean martxan jarri nahi diren datu zentroen gehiegizko
    energia eskaerei, hidrogenoren ekoizpen eta esportazioari eta Europarako salmenta
    espekulatiboari baizik. Azazetako eta Laminoriako mendietan ezarri nahi dituzten
    proiektu hauek ere logika berdinari erantzuten diote. Proiektu hauek, Labrazakoak
    bezala, Eusko Jaurlaritzatik behar dituzten baimen guztiak jaso dituzte eta ondorioz
    edozein momentutan has daitezke azpiegitura lanekin. Egoera oso larria da.
    Ullibarri Jauregiko ingurunea balio natural handiko eremua izanagatik, agerikoa da
    korporazio eta instituzioen arteko elkarlanak etekin ekonomikoa lehenetsi duela beste
    behin. Landa eremu eta herri txikiak aukeratze dituzte bertako biztanleria urri eta
    nagusitua erraz beldurtu eta azpira dezaketelakoan. Baina ez daude bakarrik, sarea
    zabala da, hainbat eta hainbat lagun gara aurre egiteko prest gaudenak, elkartasunak
    egiten gaitu indartsu.
    Horregatik hiru egunez, Ullibarri-Jauregin, irmotasuna eta erresistentzia gorpuztuko
    ditugu. Erresistentzian tematzea abiapuntu bat sortzea baita, egun duguna izango da-eta
    etorkizunekoaren hazia. Erresistentzia ezinbestekoa da txikizioaren katea eten eta
    biziarena bermatzeko.
    Baina borroka horretan gu ere ez gaude bakarrik, bidelagun ditugu beste hainbat
    mugimendu eta ekimen. Kanpaldia burutuko dugun egun berberetan (Maiatzaren 17 an)
    Lapurdiko Kanbon, Marieniako proiektu txikitzailea hastea ekiditeko, atxiloketa eta
    zigorren gainetik erresistentzian antolatuz, BEEE (Babestu Eta Ereiteko Eremua) sortuko
    dute. Eta Iruñan Plaestinaren aldeko manifestazioa burutu.
    Aldi berean gogora ekarri nahi ditugu ere Aroztegiko ekintzaileak, lurraren defentsan
    aritzearren (eta erasoa gelditzea lortzearren) maiatzaren 19 tik 24 ra epaituak izango
    baitira. Baita maiatzaren 4tik 10eran, Aroztegiko Elkartasun Komitearen eskutik
    Elizondon burutzen ari diren kanpaldira deitu.
    Elkartasuna lurraren defendatzaile ororekin!!
    Zatozte maiatzaren 16tik 18 Ullibarri Jauregira!!

    Euskal Herria Bizirik

     


    Partekatu - Compartelo