Albistea

  • Gladysen omenaldia, igandean

    2025-05-27
    Partekatu - Compartelo

    Gladys Gogoan-ek eta Eguzkik aurten ere Gladys del Estal gogoratzeko eta omentzeko ekitaldi bat antolatu dugu. Igandean izango da, ekainaren 1ean, Gladys Enean.

    46 urte pasatu dira José Martínez Salas guardia zibilak Gladys del Estal ekologista donostiarra buruan tiro bat jota hil zuenetik. Tuteran gertatu zen hilketa, zentral nuklearren eta Bardeako Tiro Poligonoaren kontrako mobilizazio baten jazarpen polizialaren baitan.

    Azken urteotan bezala, omenaldiaren hitzordua bikoitza izango da: 11:30ean Bulebarrean, parkera bizikletaz joateko, eta 12:00etan parkeko atean bertan. Hortik joango gara erromerian parkeko goiko ordekara. Han egingo da ekitaldia, Gladysen oroitarriaren ondoan, aurreskua, lore-eskaintza, kantak eta ohiko osagaiekin.

    GERRARIK EZ!

    Behin baino gehiagotan esan dugu, baina ez zaigu batere kostatzen errepikatzea: Gladys gogoratzen dugu gure laguna izan zelako, “gutako bat” izan zelako eta zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura ahanzterik ez dagoelako. Baina ez dugu horregatik bakarrik gogoratzen. Gladys gogoratzen dugu, oroz gain, zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak gaur egun ere erabat indarrean daudelako, inoiz baino gehiago, gainera, hori posible bada, behintzat. Horregatik, omenaldi guztietan aktualitateko gai batez hitz egiteko tarte bat uzten dugu, eta une honetan ez dago gerra baino aktualite handiagoko gairik. Gauzak horrela, aurtengo kartelari GERRARIK EZ! lema erantsi diogu eta Iñaki Otamendi omenaldian hitz egitera gonbidatu dugu. Bake-Ekintza Antimilitaristako eta Delàs Bakeari buruzko Ikerketa Zentroko Euskal Ordezkaritzako kide da Otamendi. Armen salerosketa, armagintzaren finantzaketa, gastu militarra eta antzekoetan espezializatuta dago Delàs. Honetaz hitz egitea bereziki pertinentea iruditu zaigu une honetan. Izan ere, Gazako genozidioaren aurrean ezikusiarena egiten duten bitartean, aurrekontu militarrak neurrigabe gizendu nahi dituzte, eta gainera sinestarazi nahi digute horrek ez duela ondorio sozialik izango. Zenbait enpresa-lobby oso pozik dago, noski, baina hara non Jarlaritzak berak dioskun “aukera bikaina” dela.

    Jarraian datorrena ere behin baino gehiagotan esan dugu, baina, halaber, aurten errepikatzea bereziki pertinentea iruditu zaigu, energia nuklearraren apologiak izugarri ugaltzen ari direla kontuan izanda. Izan ere, “berdea” omen da, baita “jasangarria” ere. Bada, 1979ko martxoan Harrisburg-eko zentraleko istripua gertatu zen. Alegia, energia nuklearraren apologistek “guztiz ezinezkoak” ziren istripu haietako bat gertatu zen, gero Txernobylen eta Fukushiman gertatu zirenen aurrekari. Istripu haren aurrean, mundu zabaleko erakunde ekologista eta antinuklearrek, Genevan bilduta, zera erabaki zuten, urte hartako ekainean, Ingurumenaren Egunarekin batera, energia nuklearraren aurkako eguna ospatzea, energia horren erabilera zibil zein militarrak salatzeko. Euskadiko Komite Antinuklearrek eguna Tuteran ospatzea erabaki zuten, batetik, han, Ebro ondoan, zentral nuklear bat eraikitzeko asmoa zegoelako, eta, bestetik, Bardeako Tiro Poligonoa ere han zegoelako. Beraz, Tuterak primeran betetzen zuen nazioarteko deialdiaren helburu zibil eta militar bikoitza. Horregatik zegoen Gladys Tuteran, hil zuten egun hartan.

    46 urte geroago, betiere Galdys gogoan, errepikatuko dugu “sinple bezain tinko”:

    NUKLEARRIK? EZ, ESKERRIK ASKO! / GERRARIK EZ!


    Partekatu - Compartelo