Category Archives: albisteak

Azkoitiko Udalak oposizioarekin sinatutako ingurumen-ituna berriz ere urratu duela salatu du Eguzkik, eta azalpenak eskatu ditu

Un plástico arrastrado por el viento bajo la barandilla sin proteger, en la calle Juin.

2024ko aurrekontuetan, Udalak eta oposizioko talde batek 18.000 euroko partida bat sinatu zuten ibaiaren aldameneko baranden azpian metalezko saretak ipintzeko, hondakin solidoak, plastikoak eta beste kutsatzaile batzuk, Urola ibaira iristea eragozteko.

Akordioaren arabera, saretak jarriko ziren falta diren puntuetan, Altzibar auzoko 41. atariaren aurrean dagoen aparkalekutik Juin kalea eta Azkoitia-Azpeitia bidegorria lotzen dituen bideraino. Guztira, 840 metro inguru.

Duela egun batzuk, erakunde honek egiaztatu du ez dela metro bakar bat ere jarri Urola ibaia babesteko; 82 metro baino ez dira jarri Txalon Errekan (tximinia gorriaren aurrean) eta 23 metro Altzibar auzoan, 1. atariaren aurrean, Kattuin errekan. Alde nabarmena dago adostutako 840 metroen eta jarri diren 105 metroen artean. Horrek agerian uzten du sinatutako akordioa nabarmen urratu dela.

Akordio hori ez zen soilik indar politikoen artekoa. Herritarren eskaera eta beharretatik sortu zen. Aurrekontuetan sartzeak kezka horiei erantzun bat eman zien, bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Horrek herritarrekiko itun bat ere bihurtu zuen. Gaineratu behar dugu, halaber, itun hau sinatzeak lotura zuzena duela Udalak ingurumena babesteko duen betebehar etiko eta legalarekin, eta hori ere ez du bete.

Bideo bat prestatu dugu baranden azpiko saretek betetzen duten funtzioa erakusteko:

Eguzki. Azkoitia

Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, “itsasoan dagoen zaborraren %80 inguru lurretik datorrela kalkulatzen da, neurri handi batean, kontzientziazio publiko ezaren ondorioz, zabor horrek ibaietan bukatzen duelako, eta ibaietatik itsasora. Horrek arazoa konpontzeko neurriak hartzea eskatzen du”. Hori dela eta, 2024ko martxoaren hasieran, beste urte batez, Jasangarritasun Sailak dirulaguntzen lerro bat jarri zuen toki-erakundeen eskura, kostaldean eta ibaietan esakabanatuta dauden zaborrak garbitzeko eta kontrolik gabeko isurketak eragozteko. Udalak laguntzak eskatu zituen eta aurrekontuaren %60 jaso zuen. Baina zaborrak kentzeko soilik, ez kontrolik gabeko isurketak eragozteko neurriak harteko (saretak, adibidez).

Apirilaren erdialdean, enpresa batek Urola ibaiko zenbait gunetan hondakinak jaso ondoren, Udalak honako hau esan zigun: “Ingurumen-arazo larria da, eta, batez ere, arreta eta kontzientziazio handiagoa behar du hondakinak ibaira iristea eta itsas hondoan bukatzea saihesteko”. Udalak ingurumen-arazo larri bat dugula onartzen edo ulertzen badu, logikoena egoera horri aurre egiteko neurri prebentibo zehatzak hartzea litzateke. Horregatik, Udalaren ekimen eza, gutxienez, zentzugabea, desegokia eta arduragabetzat jo daiteke; izan ere, laguntzak eskatzen dituzte eta ibaia garbitzeko inbertitzen du, horretarako enpresa bat kontratatuz. Hori oso positiboa da, baina ez da nahikoa zaborrak ibaian metatzea ekiditeko, bereziki kontuan hartuta oposizioarekin aldez aurretik akordio bat dagoela hitzartuta. Are gehiago, zaborrak kentzeko bezala, oposizioarekin sinatutako 18.000 euroen erdia baino gehiago subentzionatua izango zatekeen Foru Aldundiagatik.

Oposizioarekin sinatutako itunak ez betetzea ez da berria Udal honentzat. 2022an, 25.000 euro erabiltzea erabaki zen ibaiko zaborrak kentzeko. Merezi du gogoratzea, aldi berean, Udalak esaten zigula aurrekontuetatik nabarmendu behar zela urte horretan “handitu egin zela ibaia garbitzeko inbertsioa”. Abenduan, Eguzkik hainbat tona hondakin erretiratu zituen, eta publikoki salatu zuen Urola ibaiaren degradazioa eta itun hori ez betetzea. Oposizioarekin sinatu zen beste itun bat 22.000 euroko partida bat izan zen saretak instalatzeko, baina ez zen erabilitako partida osoa erabili, hau da, ez zen bete. Arrazoizkoa da galdetzea ea aurten jarritako saretak 2022. urteko soberako diruarekin ordain zitezkeen; hala bada, zergatik ez ziren jarri duela 2 urte? Hori dela eta, neurri horiek ezartzeko finantziazio gehigarria lortzeko ekintzarik izan ez denez, Udalak noizbait itun hori betetzeko asmorik izan ote zuen galdetzera garamatza. Hemen gure 2022ko abenduko salaketa:

Azkoitiko Udala, ibai garbiketa, ingurumena eta bere gezurrak | Eguzki Talde Ekologista

Udalak azaldu behar duen beste kontu bat da Altzibar auzoko Kattuin errekaren ondoko 84 metroko barandetan zer logikarekin edo helbururekin jarri dituzten 23 metro sareta bakarrik eta tarteka. Hau da, zenbait zatitan metro batzuk jarri dira, baina tarte horien artean saretarik gabeko espazioak utzi dituzte, saretadun eta saretarik gabeko tartez osaturiko patroi bat sortuz.

Udalaren hitzetan, “oposizioarekin itunak lortzeak politika aberasten du”. Baina aldi berean, beste behin ere, ez du oposizioarekin hitzartutakoa bete. Testuinguru horretan, gure buruari galdetzen diogu ea Udala ez ote den oposizioa bere onurarako tresna gisa erabiltzen ari; izan ere, akordioak sinatzean eta gero ez betetzean, adostasun-irudia bilatzen ari da, parte-hartzearekiko eta elkarrizketarekiko benetako konpromisorik gabe.

Udal honen historia eta jokabideak aztertu ondoren, zalantza gutxi dugu itun hau modu arbitrarioan urratu duela, hau da, ez duelako nahi izan. Eta, gainera, akordio hau sinatu zuen jakinda ez zuela beteko. Hau horrela izanik, ez ditu funtsezko balio eta printzipioak betetzen, hala nola gardentasuna, eraginkortasuna eta etika kudeaketa publikoan, nahiz eta iazko apirilaren erdialdean Udalak, Gobernantzaren Bikaintasunaren ELoGE zigilua jaso zuenean, horiek betetzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu zuen. Baina zalantza horiek uxatzeko eta gaizki-ulertuak saihesteko, Eguzkik Udalari eskatzen dio justifika dezala, informazio zehatz, arrazoitu eta dokumentatuarekin, zergatik ez duen bete itun hori, 700 metro baranda baino gehiago babesik gabe utzita, jakinik hortik iristen direla hondakinak ibaira.

Udalari ere eskatu diogu azaltzeko, zer neurri zehatz ezartzea aurreikusten duen ituna betetzeko eta etorkizunean hondakinak ibaira isurtzea saihesteko.

EGUZKI, 2025eko urtarrila

Iztietako zubi berrian beirateak ikusaraztea eskatu du Eguzkik

Iztietako zubi berria

Eguzki talde ekologistak Errenteriako Udalari eskatu dio Iztietan inauguratu berri den zubiko beirateak ikusaraz ditzala, hegaztiek talka egin ez dezaten. Ildo horretan, iradokitzen du zubiko beirateetan banda bertikalak jartzea; izan ere, esperientziaren arabera, kasu horietan jartzen diren hegazti harraparien siluetak baino eraginkorragoak dira.

Disuasio-neurri hori dagoeneko gauzatu da Donostian, bai eraikin publiko batzuetan, bai Agirre Lehendakariaren zubian, bai Realaren zubian, non, Oiartzun ibaian gertatzen den bezala, askotan mota guztietako hegazti intsektujaleak (1902tik legez babestuak) eta uretakoak ikus daitezkeen. Horien artean, ubarroiak, lertxunak, buztanikarak edo martin arrantzaleak. Azken horiek abiadura handian eta altuera txikian egiten dute hegan, eta, beraz, kristal zeharrargiko pantaila horiek tranpa hilgarria dira haientzat (martin arrantzalea arriskuan dago. Espainiako 2021eko Hegaztien Liburu Gorrian, eta Babes Bereziko Erregimenean dauden Basaespezieen Zerrendan dago). Halaber, egiaztatu da txirritxo txikia dagoela. Hegazti hori Babes Bereziko Erregimenean dauden Basaespezieen Zerrendan dago, eta Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan kaltebera gisa katalogatuta.

Hitzaldia: Pérdida de nuestros últimos espacios naturales

HEGOALDEKO TRENBIDEAREN PROIEKTUAK ETA PARKE EOLIKOEK

 Gure mendietan, landaretan eta faunan izan ditzaketen kalteei buruzko hitzaldia.

Eguzki talde ekologistak, Barakaldo Naturalak, Barakaldon eolikorik ez plataformak eta Gorostitza Bizirik taldeak San Bizenteko Jaien egitarauaren barnean, Hitzaldi bat antolatu dugu interesa duten auzokideei proiektu hauek gure mendietan, faunan, landarerian eta, finez, gure bizitzetan sortuko lituzketen kalte atzeraezinei buruz informatzeko helburuarekin.

Guzti hau azaltzeko, Sergio de Juan, Adrián Gómez eta Begoña Rodríguez datorren urtarrilaren 23an, arratsalseko 7etan, San Bizenteko Kultura Etxean (“Clara Campoamor”) hitz egingo digute.

 ANIMA ZAITEZTE ETA ETORRI !!!

Lasarte-Orian, errefuxako ontzi gehien-gehienak, 5etik 4, irekita daude; beraz, sistema ez da funtzionatzen ari

Ontzian bertan adierazten denez, garbi dago itxita egon behar dutela, baina…

– Udalak irailerako agindu zuen baina oraindik egin ez duen sistemaren ebaluazioa lehenbailehen egiteko eskatu du Aire Garbiak, zuzendu beharrekoak lehenbailehen ere zuzendu ahal izateko.
– Udalak azken bi urteotan zabor-tasa %30 eta %50 garestitu du, hurrenez hurren, baina hondakinen kudeaketa ezin du horretara mugatu, gaikako bilketan ere, legez, minimo batzuk bete egin behar dituelako.

Teorian, Lasarte-Orian etxeko hondakinak botatzeko ontzi grisak, “errefuxakoak”, itxita daude, eta txartelaz bakarrik ireki daitezke. Praktikan, ordea, gehien-gehienak irekita daude, zehatz-mehatz, 5etik 4, egiaztatu ahal izan dugunaren arabera. Izan ere, bagenuen gehienak irekita zeuden susmoa, baina susmoak susmo baino ez dira. Horregatik, lehengoan ontziz ontzi ibili ginen. Guztira, 35 bisitatu genituen, eta hona hemen datuak: 28 irekita eta 7 itxita aurkitu genituen. Hau da, 5etik 4 irekita daude, arestian esan bezala. Oso oker ez bagaude, herrian, guztira, horrelako 70 ontzi daude; beraz, 35eko lagina adierazgarri baino adierazgarriagoa da.

Gauzak horrela, kontua ez da Udalak joan den martxoan indarrean jarri zuen sistema hobetoxeago o okerxeago kudeatu daitekeela, baizik eta sistema hori ez dela funtzionatzen ari. Bestela esanda: Lasarte-Orian giltzatutako ontzi grisetan oinarritutako bilketa-sistema dagoela esatea ez da egia.

Martxoan, ontzi grisak giltzatu zituztenean, alkateak iragarri zuen irailean sistema ebaluatuko zutela. Baina iraila pasa eta hiru hilabete luze geroago, oraindik ez dago agindutako ebaluazioaren zantzurik. Horregatik, Aire Garbia plataformatik ebaluazioa lehenbailehen egiteko eskatzen dugu, zuzendu beharrekoa lehenbailehen ere zuzendu ahal izateko.

Hondakin Lege berriaren anparoan, Udalak zabor-tasa %30 garestitu zuen 2024an, eta %50 2025ean. Bada, tasak garestitzea ahalbidetzen duen Hondakin Lege horrexek berak etxeko hondakinen gaikako bilketan minimo batzuk ere exijitzen ditu. Udalak ezin du Legea bete komeni zaion neurrian soilik.

“Etorkizun bizigarriak irudikatzen” literatura-lehiaketan saritutako ipuina

Hona hemen, Argia aldizkariaren kortesiaz, “Etorkizun bizigarriak irudikatzen” literatura-lehiaketan lehen saria eskuratu duen ipuina, Agustin Arteagaren “Herrizoma”:

https://www.argia.eus/argia-astekaria/2900/ipuina?s=09

Gustatu egin zitzaigun Sukar Horiak antolatutako lehiaketa hau. Izan ere, gaur egun oso erraz irudikatzen dugu distopia; utopia, aldiz, nekez. Eta biak ala biak dira beharrezkoak. Distopiak, arriskuen aurrean erne jartzen gaituztelako; utopiak, berriz, etorkizun bizigarriak irudikatzea ezinbestekoa delako haranzko pausoak emateko.

“Ez goaz gerrara. Gerrarik ez, ez gure izenean”

“Ez goaz gerrara. Gerrarik ez, ez gure izenean” adierazpena publiko egin da urtarrilaren 4an Aieten, hainbat herritarrek sustatuta. Deialdiaren berri eman zen Independentea.eus gunean, eta Berriak, Euskadi Irratiak eta beste hainbat herritarrek zabaldu zuten adierazpena. Guk ere zabaldu nahi dugu. Hemen aurkituko dituzue adierazpena, orain arteko atxikimendu-zerrenda eta harekin bat egiteko aukera.

Atxikitzeak – Ez goaz gerrara

Guk ez dugu ahaztu nondik gatozen, eta horren lekuko da artxibotik berreskuratu dugun honako kartel hau:

 

2024: balantze eskasa saneamenduaren arloan

Pasai Donibaneko saneamendua errebindikatzeko Eguzkiren kartel bat.

Amaitu da 2024. urtea, eta Pasaiako badiako eta Oiartzungo itsasadarreko puntu desberdinetako isurketen gaia zein egoeratan dagoen aztertu beharrra dago. Besteak beste, Eguzkik aktiboki esku hartu du horietan, horiek konpontzeko eta araudia betetzeko eskatuz.

Pasai Donibaneko alde zaharreko isuriak: Toki honetako saneamendua urteetan zehar aldarrikatzen ari garen azpiegitura da, bai bizilagunak bai gure kolektiboak, hondakin-urak badiara (eremu sentikor izendatua) zuzenean ez isurtzeko, eta, beraz, aplikatu beharreko araudia betetzeko. Gaur egun, eta eremu horretan saneamendua gauzatzeak (1991ko Zuzentaraua eta 1995eko Lege Dekretua) daraman atzerapen luze eta azalezinaren barruan, 1. fasearen proiektua daukagu (Bonanza pasealekua-Santiago Plaza), 2022ko irailean idatzia eta 2023ko apirilean GAOn onartua eta argitaratua, 7 hilabeteko egikaritze-epearekin. Hamabost hilabete geroago (2024ko abendua), 7 hilabetetan egin beharreko obra hori oraindik ez da hasi.

Altamira auzoko isurketak (Lezo): Eusko Jaurlaritzak 70eko hamarkadan sustatutako auzo honetako saneamendua sare unitario bidez garatu zen (ur beltzak eta euri-urak batera), eta isurketa zuzenean Oiartzun itsasadarrera bideratu zen. Oiartzun ibaiaren eskuineko ertzeko hosi biltzailea desbideratzeko lanekin, auzo horretako hondakin-urak biltzeko lotura bat aurreikusi da. Kontua da auzoko saneamendu-sare bereizlea egin arte, badirudi hondakin-urak zuzenean itsasadarrera isurtzen jarraituko direla eta araudia modu kontzientean urratzen. Noiz arte ez-betetze hori, galdetzen diogu geure buruari.

Iztieta auzoaren aurreko eraikinen isurketak (Lezo): Iztieta auzoaren parean dauden eraikin horiek (zerbitzuetako bat eta bi bizitegitarako), itsasadarraren eta Jaizkibel etorbidearen artean daudenak, zuzenean isurtzen dituzte itsasadarrera hondakin-urak. 2020an, Eguzkik egoera hori konpontzeko, alegia, saneamendu hori sare nagusira lotzeko eskatu zien administrazioei,  eta une horretan gure eskaerak oihartzun handirik izan ez zuen arren, azkenean, 2024an, lehen aipatutako desbideratze-proiektuaren barruan, isurketa horiek sare nagusira lotu dira. Denboran luzatu bada ere, ospatzeko arrazoia da.

Laburpen gisa, eta azken puntuan aipatu dugun isurketa alde batera utzita, saneamenduaren arloan administrazioek gure eskualdean daramaten jarduera oso eskasa da; izan ere, ikusten denez, eroso dago aplikatu beharreko araudia eta saneamendu-sarea osatzea eta hobetzea estrategikotzat jotzen dituzten euren politikak modu kontzientean ez betetzean.

Erriberarako kalitatezko trenbide zerbitzu publiko baten alde

Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan abiadura handiko trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko “proposamenak” ari gara irakurtzen.

Toquero alkateak geltoki berri bat eskatzeko darabilen aldeanismo nazional eta tokiko populismo errepikakorraz gain, Erribera babesten ez duen eta Tutera gaizki tratatzen duen Nafarroako Gobernu txar honen mantra errepikariekin, eta PSOEren jarrera aldaketaz gain, trenbide-geltokia egungo kokalekuan mantentzearen alde egitera pasa dena, benetan planteatu behar dugu zer premia diren lehentasunezkoak, funtsezkoak eta zerbitzu publikokoak Erriberan eta Nafarroako gainerako lekuetan pertsonak eta salgaiak garraiatzeko. Eta horrekin batera, hipermugikortasunaren eta abiaduraren eredua eta kontzeptuak ere zalantzan jarri behar ditugu, alderdi nagusiek eta, batez ere, ekonomia eta enpresa botereak horretara ohituta gauzkatelako.

Duela 15 urte baino gehiago, Tren Publiko eta Sozialaren aldeko Erriberako Plataformatik Tuterako tren geltokiaren egungo kokapena mantentzea proposatu zen, besteak beste, PSOEk egunotan aipatu dituen arrazoiengatik. Baina proposamen gehiago zeuden, hala nola azken 40 urteetan itxita egon diren Erriberako geltoki eta geraleku guztiak berriro irekitzea, eta Castejón-Soria bidea berriro irekitzea. Azken proposamen hau, Erriberako Plataformak aspaldidanik defendatu duena, Ministerioak orain bere gain hartzen duela dirudi, eta UPNk ere bai, modu lotsati eta epelean.

Trazadurak edota lokalizazioak definitzea ez da gai nagusia, bai, ordea, garrantzitsua. Hasi behar dugu, hamarkadetako atzerapenarekin baikoaz, gai nagusiarekin: zein trenbide eredu behar dugun, norentzat eta zertarako. Eta gai honetan, alderdi handiek eta botere ekonomikoek abiadura handiko trenaren ereduaren alde egiten jarraitzen dute. Eredu hori ez da bateragarria herritar gehienentzako trenbide-zerbitzu on batekin, lurraldea antolatzeko, biodibertsitatearekiko eta ingurumenarekiko errespetuarekin. Estatuan pertsona eta lurralde guztietan kalitatezko zerbitzu publiko on bat erraztuko duen trenbide-garraio baterako beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak murriztu dira. Nafarroa, zoritxarrez, horren adibide ona da. Eredu honek baliabide publikoak pribatizatu dira, langileak eta bitartekoak murriztu ditu trenbide-sektorean, eta ez du balio izan errepideetatik kamioirik kentzeko 30 urte baino gehiagotan, Espainiako Abiadura Handia deiturikoa martxan jarri zenetik. Munduko trenbide bidezko merkantzia-garraio baxuena eta barregarriena duen mendebaldeko estatuetako bat gara. “Ohore” horri abiadura handiko kilometro gehien dituen munduko bigarren trenbide-sarea izatea gehitu behar zaio, Txinak soilik gainditzen baititu kilometro horiek.

Erriberako bizilagunok, Nafarroako gainerakoek bezala, behar besteko zerbitzuak, ordutegiak eta maiztasunak dituzten trenak behar ditugu, existitzen diren geltokietan eta geralekuetan gelditzeko, nahiz eta hamarkadak daramatzaten ia erabilpenik gabe edo guztiz itxita. Horretarako, ohiko trenbidearen egungo trazadura behar dugu, baina Tuterako, Castejongo, Tafallako, Iruñeko eta Altsasuko geltokietako instalazioak eta zerbitzuak hobetuz, distantzia ertain eta luzeko geltokietarako erreferentzia nagusi gisa. Ahaztu gabe, arrazoia aplikatuz gero, berandu baino lehen iritsiko direla Espainiako estatuan eta Europako beste herrialde batzuetan desagerrarazi zituzten distantzia luzeko gaueko trenen geltokiak, Europako estatu batzuk berreskuratzen hasiak direla edo berreskuratze-fasean daudela.

Espainiako Estatuan abiadura handirako erabili izan diren milaka milioi euroek, Nafarroan dagoeneko ehunka milioik, ez dute benetan konpondu eta ez dute konponduko pertsonen eta salgaien zerbitzu publiko gisa mugitzeko eta garraiatzeko dagoen premia. AHTaren Nafarroako ibilbidean gastatutakoarekin bakarrik hobetu, handitu eta ireki zitezkeen duela urte batzuetatik hona distantzia labur, ertain eta luzeko trenen trafikoko lineak, pertsonak eta salgaiak garraiatzeko tren gehiago jarriz, Nafarroako tren zerbitzu publikoaren barruan kalitatezko lanpostu egonkorrak sortuz eta berreskuratuz. Duela hamarkada batzuetatik hona trenbidea zerbitzu publiko gisa defendatzen duten sindikatuei, talde ekologistei edo Erriberako Plataformari kasu egin izan balitzaie, eztabaida bestelakoa izango litzateke une honetan.

Ez UPNk, ez PSOEk, ez dute guztiontzako kalitatezko trenbide publiko bat defendatzen, “AHTren aurrerabidearen” kontsigna errepikakorretik haratago, ekonomikoki jasanezina den eredua, eraikuntza eta mantentze kostu oso garestiak dituelako. Geltokia gaur egun Tuteran duen kokapenetik ateratzea aberrazio eta xahuketa hutsa da, pentsamendu desarrollistari eta pilotakaden interesei lotutakoa, diru publikoarekin, etekin pribaturako. Gauza bera gertatzen da Iruñean egin nahi duten Etxabakoizko geltokiarekin. Edozein buru zentzudun, arrazional eta logikok, datuak eskuan, estimatzen du geltoki berriak egitea hiriguneetatik kanpo, kasu bakarra Europa mailan, gehienez ere dozena erdi tren geldi daitezen, Versaillesko jauregi bat egitea bezala dela, jauregi horretako zalditegiak lau astorekin bakarrik erabiltzeko, nahiz eta asto horiek oso azkarrak izan.

Erriberan eta Nafarroan tren zerbitzu publiko gehiago eta hobeak behar ditugu: trenak, geltokiak eta langileak, eta beharrezkoak ez diren eta hirigunetik kanpo dauden eraikuntza gutxiago, are gehiago Tuterako tren geltokiaren egungo kokapena egokia denean eta gutxiegi erabiltzen denean.

Aitor Lete Aranburu eta Pablo Lorente Zapatería  Sustrai Erakuntza fundazioaren kideak.

Nafarroan, 2025ko urtarrilaren 8a.

Urumea zabortegi gisa erabiltzeagatik Donostiako Udalak 2022an ezarritako salaketa zertan den jakin nahi du Eguzkik

Hiru urte pasatu dira Eguzkik salatu zuenetik Urumean, Maria Kristina eta Mundaizko zubien artean, sekulako hondakin-pila zegoela. Somierrak, komunak, bizikletak, garbigailuak… Guztira, 7 tona baino gehiago. Memoria freskatzeko, ikus bideoa:

Urumea zabortegia

Salaketak hedabideetan lortu zuen oihartzun handiari esker, Udalak neurriak hartu behar izan zituen, nahiz eta hasieran erantzukizuna nola edo hala saihesten saiatu zen. Izan ere, lehendabizi argudiatu zuen uholdeek eragindako hondakin-pilaketa zela; gero, berriz, garbiketaren ardura Urarena edo Kosta Zerbitzuarena zela. Baina, esan bezala, azkenean, talde bat bidali zuen hondakinak kentzera, hori bai, hiru hilabete geroago. Talde hark zortzi lan-egun behar izan zituen hondakin-pila hura erriotik ateratzeko: 7 tona.

Garbiketa-taldeak, zortzi egunetan, zazpi tona hondakin atera zituzten erriotik.

Istorio hark atal berri bat izan zuen 2023ko apirilean, Udaltzaingoak ezagutarazi zuenean gizon bat atxilotu zuela, Urumean hondakinak pixkanaka baina etengabe botata, pilaketa harrigarri haren eragilea zelakoan. “Ingurumenaren aurkako delituagatik, Justiziak irmo jokatuko duela espero dut”, adierazi zuen Marisol Garmendiak, une hartan Donostiako Ekologia zinegotzia zenak.

Geroztik, ordea, hogei hilabete baino gehiago pasatu dira, eta Udalak pertsona haren aurka jarritako salaketa zertan gelditu zen edo zertan den ez dakigu. Horregatik, honako informazio hau eskatzen dugu:

1. Zein da egoera? Salaketak aurrera egin du? Epaiketa egin da?

2. Egin bada, zein izan da emaitza?

3. Epaileak zigorra ezarri badu, zer zigor ezarri du?

Herritarrok informazio hori jasotzeko eskubidea dugula uste dugu, are gehiago gertatutakoaren neurria eta larria kontuan izanda.

Udalak informazio hori herritarron esku jartzen duen bitartean, Eguzkitik esan behar dugu pozik gaudela horrelako isurketak ez direlako berriro gertatu, eremu horretan behintzat. Baina, aldi berean, jarraitzen dugu aldarrikatzen udalek baliabideak jarri behar dituztela beraien udalerriak zeharkatzen dituzten erreka eta ibaiak, tarteka, garbitzeko, besteak beste, hondakinak itsasora irits daitezen saihesteko. Garbiketa horiek talde profesionalek egin behar dituzte. Noizean behin, “kontzientziazioaren” aitzakian, eskolumeekin edo boluntarioekin garbiketa-egun bat edo beste antolatzea ez zaigu onargarria iruditzen, baldin eta ibaia defendatzeko plangintza zabalago baten logikan txertatuta ez badago, behintzat. Zorionez, gero eta udal gehiago datoz bat ideia horrekin. Donostiakoa noiz izango da horietako bat?

EGUZKI, 2025eko urtarrila

Mutrikuko Mijoako saneamendu sarea eta bidegorria YA!

Gure salaketa hau duela urtebete egin genuenaren berdina da. Eta, beraz, Mutrikuko Mijoako saneamendu-sare berriaren egoera egiazta daiteke, eta eremu horretako bidegorria ez da batere aldatu. Inplikatutako erakundeek ez dute EZER egin.
Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak eta URAk denetarik passatzen jarraitzen dute. Jarduera bakarra URA agentziak egin du, Saturrarango hondartzako zerbitzuak eta kantina itxi besterik ez baitu egin uda honetan. Hori al da irtenbidea?
Mutrikuko Udalak berak ere uste dugu ez duela ezer egin. Guk uste dugu 2024. urte honetan, informazioa lortzen saiatu garen aldietan, ez zaigula ezer esan.
2025 honetan gerra ematen jarraituko dugu, eta espero dugu Olentzerori bidali diogun gutuna behingoz gauzatzea, eta erakundeen promesak betetzea.

https://eguzki.org/2023/12/12/eguberritako-klasiko-bat-2023a-ere-mijoa-errekan-saneamendu-lanak-egin-gabe-bukatuko-dela-salatu-du-eguzkik/

2023a bukatzear da eta Mutrikuko Saturrarango hondartzara isurtzen duen Mijoa errekan aurten ere saneamendu-zantzurik ez dagoela salatu behar du Eguzkik. Salaketa hau dagoeneko Eguberritako klasiko bat da. Izan ere, herri-erakundeek elkarren artean hainbat lan hidrauliko egiteko hitzarmen bat izenpetu zuten 2007an. Horren arabera, Mijoako sanemandua 2011rako martxan egon behar zen, baina urteak pasatzen joan dira eta promesa guztiak alferrikakoak izan dira.

2021eko otsailean, saneamendu-proiektu honen idazketa lizitatu zuen Ura agentziak. Orduan, hau bezalako titularak irakurri ahal izan genituen prentsan: El presente año será para configurar los proyectos y 2022 para actuar sobre ellos en Mijoa | El Diario Vasco.

Joan den maiatzean, berriz, udal-hauteskundeak zirela eta, Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko sailburua eta Antonio Aiz Ura agentziako zuzendaria Mutrikura etorri ziren, Ion Gambra EAJko alkategaia babestera. Orduan zera entzun ahal izan genuen, Mijoako saneamendu-proiektua eta horrekin lotuta dagoen bidegorria “lehenbailehen” gauzatu egin behar zirela eta legeladi berrian Mutrikuko alderdi jeltzalearen “lehentasuna” izango zirela. Geroztik ez dugu horren inguruko albisterik izan, baina, lasai, laster hauteskunde-kanpaina berri bat izango dugu eta; oraingoan, autonomikoena.

EGUZKI, 2023ko abendua

 

Ahaztutako obra bat edo inozentada bat?

Gaur egungo egoera, non errekak eraikitako zubi berriaren azpian jarraitzen duen eta ez, ez da inozentada bat.

Errenteriako Udaleko Tokiko Batzarrak behin betiko onartu zuen 2023-02-21ean Altzateko Urbanizazio Proiektuaren aldaketaren Testu Bategina. Egin beharreko obren artean zubi berri bat eraikitzea dago, Iztieta eta Altzate auzoak lotuko dituena. Zubi berria Pontikako (Pekin) errekaren bokaleko puntuan eraikiko da, eta horrek errekastoa desbideratu beharra dakar. Desbideratze horri erreferentzia egiten zaio urbanizazio horren antolamendu- eta garapen-dokumentuak izapidetzean.

Hain zuzen ere, Endara Asociados-ek 2020ko urrian idatzitako itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren (ILJP) emakida-eskaerarako aurkezten den dokumentuak honako hau dio: “Iztietako estribua kokatuko den tokian estolda handi baten ibairako irteera dago, eta aldatu egin beharko da zubia eraikitzen denean”. Ondoren, 2021eko urrian onartutako urbanizazio-proiektuaren aldaketaren hasierako onespenerako dokumentazioan “ubidearen irteerako estalduraren 21. planoa” gehitu da, non ubidearen desbideratzea ikusten den.

Ondoren, hasieran aipatu dugun bezala, 2023ko otsailean behin betiko onartu zen urbanizazio-proiektuaren aldaketa, eta memorian, “Oiartzun ibaiaren gaineko zubia” izeneko 11. puntuan, hau esaten da: “Ezkerraldean, Iztieta pasealekuaren azpian, ubide bat dago, aldez aurretik masa-hormigoiz itsutuko dena”.

Dokumentu horretan, hurrengo 12. puntuan, “Errekastoaren estaldura desbideratzea”, honako hau ezartzen da: “Zubia eraikitzeko, aldez aurretik errekasto-estaldura baten azken zatia desbideratu beharko da —zati hori Iztietako estribua izango denaren kokalekura isurtzen da—. Estaldura berria zubitik ibaian behera ibairatuko da, eta 5,00 m-ko argia duen hormigoi armatuzko marko batek osatuko du “.

Aipatutako dokumentuak, 7. eranskin gisa, obra honen kalkulua erantsi du.

Hala ere, gaur egun zubia bukatuta eta inauguratzearen zain dago, eta errekastoaren desbideratzea, gogora dezagun, zubia eraiki aurretik egin gabe dago.

Ez dakigu behin betiko onarpenaren (2023ko otsailak 23) eta zubiaren gauzatzearen artean zubia kentzea eragin duen aldaketarik egon den; izan ere, aldaketa hori zorrotz justifikatuta egon beharko litzateke. Hala ez balitz, errekastoa desbideratu gabe eraiki da zubia, eta horrek argi eta garbi dakar Udalak onartutakoa ez betetzea. Jarrera horrek, alde batetik, administrazio eskudunaren zabarkeria larria ekarriko luke —gure ustez, erantzukizun egokiak zehaztera eta argitzera behartu beharko luke—, eta, bestetik, desbideratzearen exekuzioa zailagoa eta garestiagoa izatea, auzoaren eguneroko bizitzan arazo berriak eraginez.

Beharrezkoa da dagokion administrazioak gai hori argitzeko behar den dokumentazioa aurkeztea.