Noticia

  • Defendamos Aieri

    2008-07-07
    Partekatu - Compartelo

    Pelotazo urbanistikoen lagun diren eraikuntza enpresa eta politikoen gainetik, gizarteak pauso asko eman ditu.

    Azken urteotan, gazte ondarrutar asko inguruko herrietara joan behar izan dira bizitzera etxebizitzen inguruan jasan dugun espekulazio izugarriaren ondorioz. Hau Euskal Herri osoan gertatu da, baina gurea bezalako herrietan modu nabarmenagoan, arrantzaren garairik oparoenetan “arrantzatutako” diru beltza zuritzeko etxebizitzak erosten baitziren.

    Azken urtebetean, Ondarroan 200 etxebizitza inguru eraiki dira, eta momentuan beste hainbat proiektu daude martxan: Zaldubiden, Ibaiondon, Antsosolon…

    Alokairurako, ostera, ez da etxe bat bera ere eraiki, eta ez dago bat bera eraikitzeko asmorik. Bestalde, Euskal Herritarrok-en legegintzalditik erabiltzen ez diren komertziorako etxe-behetan etxebizitzak egiteko legedia dago onartuta, baina gaurdaino ez da pausurik eman berau aplikatzeko. Gainera, gure herriko populazioa nabarmenki jaitsi da, 9000 biztanle ingurura heldu arte. Eta azken katastroaren arabera Ondarroan 499 pisu daude hutsik.

    Milaka pisu eraiki ahalko dira, eta arazoak bere horretan jarraituko du, espekulazioaren eskuetatik ezin aterata. Ezin dena egin da, 45 milioitik gorako prezioa izango duten etxebizitza tasatuak eraikitzea (eta zozketa bidez banatzea), Kamiñalde-Iturribarrikoekin gertatu den bezala. Zein gaztek ordain lezake halako dirutza lotsagarria?

    Irtenbidea etxebizitza hutsak merkaturatzeko politikak martxan ipiniz etorriko da, eta eraikiko diren berriak alokairukoak eta ordaintzeko modukoak izanez gero. Etxebizitza ez baita luxu bat, ezta tonbola bat ere, ESKUBIDE bat baizik!

    Guri dagokigun arazo konkretua Aieriko paduretan 487 etxebizitza eraikitzeko udal kudeaketa batzordeak Madrazo Etxebizitza Sailburuarekin sinatu duen hitzarmena da.

    Padura hau 1994 eraikigarri gisa izendatu zen, baina gero Europar Komunitateak Interes Komunitarioko Gune izendatu zuen, Natura 2000 Sarearen barruan sartuz. Eusko Jaurlaritzak berak ere babes zorrotzeneko gune izendatu du, besteak beste bisoi europarraren presentzia handia delako bertan.

    Aieriko paduraren balioa eta potentzialitatea oso handia da. Gure herriak askotan jasaten dituen uxoletatik babesten gaitu, urak bertan egiten baitu gainezka, herrian egin aurretik.  Bestalde, gunea berreskuratuz gero, aisialdirako leku aproposa izan daiteke, kirola egiteko, paseatzeko… eta baita ingurumen hezkuntzarako toki egoki bat ere (txorien eta bestelako animalien begiralekoak ipiniz, eta abar).

    Pelotazo urbanistikoen lagun diren eraikuntza enpresa eta politikoen gainetik, gizarteak pauso asko eman ditu arlo honetan. Eta ekosistema aberats hauek babestu behar direla gero eta jende gehiagok uste du. Betirako desagertu aurretik babestu behar ditugu, ahal den heinean berreskuratuz, hurrengo belaunaldiei egungoa baino egoera hobean lagatzeko.


    Partekatu - Compartelo