Albistea

  • Zezenketak Donostian

    2015-06-25
    Partekatu - Compartelo

    zezenketak donostia 2015 ekainaZezenketak berriz ere egitea atzerapauso nabarmena da bere burua kultura-hiriburu moderno gisa agertu nahi duen Donostiarentzat, baina batez ere atzerapauso handia da animaliekiko tratu txarrak alboratzeko bidean

    Illunben aurten berriz ere zezenak torturatu eta hil egingo dituztela iragarri du Donostiako Udalak. Kontraesan larria da, kultura eta modernitatea “saldu” nahi dituen hiri batek nekez saihestu dezakeena. Izan ere, Udal berriak hartutako lehen erabakietako bat hori izateak ez dio batere mesederik egiten kultura hiriburutasunaren izpirituari eta, aldiz, kalte nabarmena hiriburuaren kulturatasunari. Bide beretik jarraituz gero, EAJ-k eta PSOEk aldarrikatu duten aldaketa “betikora” itzultzea baino ez dela diotenek arrazoi dutela ezingo da ukatu, behintzat. Baina zezenketak berriz ere egingo dituzteneko albistea batez ere atzerapauso handia da animaliekiko tratu txarrak alboratzeko bidean.

    Europar gehienentzat, ikuskizun krudel, odoltsu eta alferrikakoa sustatzen jarraitzea ulertezina da. Baina ez europarrentzat soilik.  Guk nahiko garbi ikusten dugu donostiar gehienek zezenketak arbuiatzen dituztela. Zezen-plaza eraikitzekotan zirenean, zezenketen kontrako 16.000 sinadura bildu eta Udaletxean aurkeztu zituzten. Orain, berriz, change.org-ren bitartez, “Donostian zezenketarik ez” ekimenak ia 10.000 sinadura bildu ditu astebeteko epe laburrean.  Halaber, zezenketazaleak gero eta gutxiago dira. Horren lekuko dira 2011 eta 2012ko zezenketak, Illunben egin ziren azkenak, zeinetan harmailak ia hutsik egon ziren.

    Udalak ikuskizun odultsu honen kontrako herritarren ahotsa entzun edo entzungorrarena egin behar al du?

    Udala, zezenketen sustatzailea

    Donostiako Udal berriak zezenen hilketak desagertzen utzi zezakeen, Katalunian egin duten bezala, edo A Coruñan, Palma Mallorcakoan Huescan, Alacant-en eta beste hainbat lekutan egiten ari diren bezala –sarri PSOEren laguntzarekin, gainera–. Baina ez, nahiago izan du zezenketen nolabaiteko sustatzaile bihuru. Izan ere, udal instalazioak uzten ez ezik dirua ematen edo ez kobratzen ere laguntzen du. Izan ere, Illunbe alokatzeko kanona % 40 merketu du. Beste modu batean esanda: Donostiako Udalak behar baino 14.000 euro gutxiago kobratuko ditu. Ez da diru gehiegi, egia esan, baldin eta kontuan hartzen badugu donostiarroi “ogerleko bat bera ere” kostatu behar ez zitzaigun zezen-plaza honek (irakurle beteranoek gogoratuko dute, seguru, promes hura) dagoeneko 29 milioi euroko zuloa egin duela Udalaren diru-zorroan, hau da, gu guztion poltsikoetan.

    Ezin aipatu gabe utzi Illunben berriz ere zezenketak egingo dituztela iragarri duen zinegotzia Jai-Ikuskizunetako… eta Ekologiako zinegotzia izan dela. Anekdota baino ez da, baina anekdota adierazgarria. Horiek horrela, legegintzaldi berrian departamentu horretatik espero dezakeguna ez da oso itxaropentsua, ez.

    Garbi dago Illunben zezenketak berriro egingo dituzteneko albistea ez dela ongi etorria izan herritar sektore zabaletan, eta protestak eragingo dituela. Bada, Eguzkikook, protestekin bat egiteaz gain, dei egiten diegu donostiarrei parte hartzera, eta irmo arbuiatzera bai ikuskizun anker, odoltsu eta anakroniko hau, bai honen sustatzaileak, are gehiago bitarteko publikoez baliatzen direnean.

                                 Donostiako EGUZKI

                                                          2015eko ekainean


    Partekatu - Compartelo