Albistea

  • 5. EDUKIONTZIA: 4 EGIA + 1

    2017-01-26
    Partekatu - Compartelo

    Asteazkeneko agerraldian ateratako argazki bat.

    Asteazkeneko agerraldian ateratako argazki bat.

    EGIA DA 5. edukiontzia berandu datorrela, oso berandu. Izan ere, Lasarte-Oriakoa izango da seguru asko herritar guztiei etxeko zaborren zatiki organikoa biltzeko aukera emango dien Gipuzkoako azken udala.

    EGIA DA udal gobernuak 5. edukiontzia ezartzeko aukeratu duen sistema eraginkortasun eskasenekoa dela, modu nabarmenean, gainera. Izan ere, badira 5. edukiontzia ezartzeko askoz sistema eraginkorragoak, esaterako, Zegaman eta Olaberrian. Paradoxikoki, Lasarte-Oriako udal gobernuak bi herri horiek inoiz eredu gisa aipatu ditu. Askoz sistema eskasagoa ezarri du, ordea.

    EGIA DA Lasarte-Oriak, gauzak horrela, nekez iritsiko dela %60ko birziklatze-tasa lortzera, alegia, leku guztietan erreferentzia moduan erabiltzen ari den gutxieneko tasa. Gainera, ez du aurreikusi emaitzak errebisatzeko eta, beharrezkoa balitz, neurri zuzentzaileak hartzeko inolako eperik.

    EGIA DA udal gobernuak jarraitzen duela zabor-tasetan tarifa finkoa inposatzen. Horrela, birziklatzen ez dutenak pribilegiatzen ditu, birziklatzaileen kaltetan. Izan ere, birziklatu ala ez tasa bera ordaintzen denez, birziklatzaileak beraien esfortzu eta diruarekin finantzatzen ari dira besteen axolagabekeria. Politika honek talka egiten du 5. edukiontzia ezarrita daukaten beste herrietakoarekin, hala nola Donostia, Errenteria edo Irungoarekin. Herri horietan birziklatzaileei deskontuak egiten zaizkie zabor-tasetan, hain justu, tasa finkoa bidegabea dela begi-bistakoa delako.

    BAINA HAU GUZTIA EGIA DEN ARREN…

    EGIA DA, baita ere, hemendik aurrera bost ekudiontziak arduraz erabiltzen duenak etxeko zaborraren %90 gaika bildu ahal izango duela. Eta herritar arduratsuak (ia) DENAK beharko luketela izan, are gehiago Lasarte-Orian, kontuan izanda seguruena gurea izango dela erraustegiaren kalteak gehien sufrituko lituzkeen herria.

    Gauzak horrela, Aire Garbiak dei egiten die herritarrei 5. edukiontzia erabiltzera. Kritikoki, hau da, fundamentuzko birziklatze-politika aurrera eramateko oso-oso motz geratzen dela jakinda, baina, halaber, gogotik, erreparorik gabe. Kontuan izan birziklatutako plastikozko ontzi bakoitzeko edo konpost bihurtutako gramo organiko bakoitzeko, erraustegia egiteko arrazoirik ez dagoela berresten ari garela.

    BIRZIKLATZEARI BAI, ERRAUSTEGIRIK EZ

    Edukiontzi berriak, errezeta zaharkituak.

    Edukiontzi berriak, errezeta zaharkituak.


    Partekatu - Compartelo