Albistea

  • Baso Biziak Plataforma aurkeztu da, beste basogintza eredu bat bultzatzeko

    2021-06-28
    Partekatu - Compartelo

    Diman Baso Biziak Plataforma aurkeztu da. Plataforma talde ekologista (tartean Eguzki), natur talde eta batez ere herri eta eskualde mailako basogintzaren beste eredu bat aldarrikatzen duten hainbat elkartez osatua dago.

    Prentsaurrekoan Biolur eta EHko nekazal munduko elkarteen babesa jaso du.

    Prentsaurrekoaren ostean, eukalipto landaketa bat bota dute, baso bihurtzeko asmoz,  bertako espezieen landaketa batez ordezkatzeko.

    Eukaliptoa landaketa bat botatzen bertako zuhaitzengatik ordezkatzeko

    Eukaliptoa landaketa bat botatzen bertako zuhaitzengatik ordezkatzeko, etorkizunean baso bizi eta anitza izateko.

    BASO BIZIAK PLATAFORMA ren agiria

    Azken hamarkadetako basogintza industrialaren eraginez tonaka lur emankor galdu dugu eta urak eraman ez duena, guztiz higatuta eta ahulduta ikus daiteke nonahi . LARRIALDI KLIMATIKOAN bete-betean sartuta gauden aro honetan ezinbestekoa da Administrazioen erabakiek ingurumen-eragin horiek kontuan izatea eta urrats garbiak ematea, basogintzaren eredu arriskutsu hau aldatu eta BIOANIZTASUNA berreskuratzeko bidean jarriz..

    Orain arte, EAEn, gauza bat esan eta bestea baimentzen aritu dira agintariak; horren adibiderik nabariena da pinuaren gaixotasunari eukaliptoaren landaketarekin, erantzutea. Hor ditugu, adibidez, Deba bailarako, Hernaniko, Aiaraldeko, Urdaibaiko eukalipto-landaketa berriak, eta baita Foru Aldundiak bereak dituen lurretan egindako monolaborantzak ere. Monolaborantzan oinarritutako eredu industrial honek sortu dituen eta sortuko dituen KALTE EKOLOGIKOAK kuantifikatzea, eta ordainaraztea eskatzen dugu.

    Prentsaurrekoaren unea

    Prentsaurrekoaren unea

    Testuinguru horretan, ikusita aldaketak beharrezkoak eta posibleak direla, hainbat herritan BASO BIZIAK izeneko talde anitzak sortzen ari dira. Hainbat maila administratibotan eragin nahi dugu: Udaletan, mozioen bidez erabaki propioak har ditzaten; hemendik abiatuta eta Udalen bitartez Aldundietan, eta azkenik, Jaurlaritzan. Dirudienez, presio sozialaren eraginez emaitza jasotzen hasi gara eta bide horretan aurrera egitea ezinbestekoa ikusten dugu..

    Krisi hau GLOBALA da, baina guri erantzun lokalak ematea dagokigu, bai antolakuntzan zein alternatibetan. Horregatik, une honetan arreta EAEn jarrita badugu ere, ezinbestekoa ikusten dugu Euskal Herriko gainerako administrazioekin zein erakundeekin harremanetan jartzea beraien baso- politikak eta esperientziak ezagutu eta partekatzeko. Gure asmoa da, gainera, baso bizien aldeko dinamikan bidelagun izan ditzakegun edozein talderekin harremantzea. Guztioak gara beharrezkoak.

    Eukaliptoa espezie inbaditzaile izendatzea eskatu dute eta bien bitartean honen landaketen moratorio ere.

    Eukaliptoa espezie inbaditzaile izendatzea eskatu dute eta bien bitartean honen landaketen moratorio ere.

    BESTELAKO BASOGINTZA-EREDU BAT bultzatu nahi dugu, baserritar, lurjabe, herritar eta Administrazioen artean, elkarlanean eraikitakoa, monolaborantzatik kanpo. Keinu bat, gonbidapen bat egin nahi diegu BASERRITAR eta LURJABE orori gurekin batera BIOANIZTASUNEAN, AGROEKOLOGIAN, ABELTZAINTZA EZ INTENTSIBOAN eta JASANGARRITASUNEAN OINARRITUTAKO BASOGINTZAN urratsak eman ditzagun. Herritarrei ez ezik, administrazioei ere badagokie trantsizio horretan pizgarriak jartzea, hitzetatik ekintzetara pasatuz. Basogintza-eredu jasangarriari begira jarri behar dira diru-laguntzak, bertako basoak berreskuratu eta haiengandik jasotako onura sozialak (zerbitzu ekosistemikoak) sarituko dituena epe motzeko interes ekonomiko pribatuen gainetik. Aldundiek dute horretarako eskumena eta ardura.

    Bukatzeko, eta egungo basogintza-ereduak eragiten dituen ingurumen-eraginetara itzuliz, gogoratu behar dugu EAEko Administrazioak berak eskatuta, 2018an, ikerketa zientifiko bat edin dutela UPV-EHUk eta Aranzadi zientzia-elkarteak elkarlanean, Arturo Elosegi ekologia katedradunaren gidaritzapean. Ikerketa zientifiko horrek emandako emaitzak kontuan hartuta, eta gertuko lurraldeetan eukaliptoak ekarri duen hondamendi ekologikoa gurean areagotu ez dadin, ozenki eskatzen diogu Jaurlaritzari eukaliptoa espezie arrotz inbaditzaileen zerrendan sar dezan. Bitartean EUKALIPTOARI MORATORIA jartzea ezinbestekoa da, bere hedadura gelditu eta egun landatutako eremuetan atzerabidean jartzeko.

    Euskal Herria, 2021-06-15


    Partekatu - Compartelo